Golfak patatak baino diru gehiago ematen du


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Erromatarrek golfaren antzeko kirola praktikatzen zuten jada. Makila kurbatuak eta lumaz eginiko pilotak erabiltzen zituzten. Kirol honen inguruko lehen albisteak, ordea, Eskozia aldetik etorri ziren, XV. mendean. Golf jokalarien lehen elkartea 1744an sortu zen herrialde horretan bertan, eta urtebete beranduago, kirol hori praktikatzeko lehenengo araudia landu zuten Erresuma Batuan.

Urteen poderioz, gainerako kirolekin bezala, mundu mailan ezagutarazi, zaletuen kopurua areagotu eta negozioa sortu dute. Arlo horretan aritzen diren enpresarien diru egarria asetzeko gune paregabea da Euskal Herria, leku heze eta menditsua, alegia. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 13 klub daude, zehazki 3 Araban, 5 Gipuzkoan eta beste 5 Bizkaian. Horietatik lauk oraindik ez dute zelairik baina izateko bidean dira. Horrez gain, soilik entrenamendurako sortutako lau kantxa daude. Zelaiak 18 edo 9 zulokoak dira eta gehienak klub pribatuen esku daude. Klub publiko bakarra Arabako Izki da. Bizkaitarrek, Aldundiak babestuta, laster izango dute golf kluba La Arboledan (Portugalete).

Klub pribatu eta publikoen eskarmentuak

Euskal Herrian golf klubek izan duten harrera zein izan den jakiteko asmoz, horietako birekin jarri gara harremanetan, Andoaingo Goiburu Golf Klub pribatuarekin (Gipuzkoa) eta Urturi eta Lagraneko zelaiek osatzen duten Izki Golf gune publikoarekin (Araba). Lehena, Leizaran Bailaratik hurbil eta Donostiatik 8 kilometrotara kokatzen da. Ibon Arregi klubeko gerenteak azaldu digunez, duela sei urte golfa praktikatzeko kantxa zabaldu zuten. Eskola horretatik abiatuz, zelai baten beharra ikusi zuten eta 2000. urtean bederatzi zuloko zelaia inauguratu zuten. Pago eta haritzez inguratutako 17 hektareako zelaia, maila ertain nahiz altuko jokalariei zuzenduta dago. Gerenteak adierazi digunez, Goiburu Golf Kluba golfarekiko zaletasunetik jaio zen helburu bakar batekin: kirol hori egiteko aukera ematea. Bere aburuz, "golfaren arazoa zera da, eskiarekin eta ardoarekin bere garaian gertatu zena. Duela hogei urte Errioxako ardoa gutxi batzuentzat zela uste genuen eta eskia ere ez zuen edonork praktikatzen. Gaur egun ordea, denok dasta dezakegu Errioxako ardoa eta edonor joaten da eskiatzera. Gure klubean denetarik dugu, bankuan lan egiten duen langile batetik hasi eta tailer xume batetan aritzen den teknikora arte".

Izki Golf Klubean, marketing saileko Estibaliz Lopezek artatu gaitu. Hamar urte zabalik daramatzan kirol gunea Izkiko Parke Naturalaren mugan eta Gasteiztik ordu erdira dago. Bi zelai ditu, orain gutxi berritu duten Lagrangoa, 9 zulokoa, eta Urturikoa, 18 zulokoa. Batetik bestera bost kilometroko distantzia dago. Biek dute praktikak egiteko zelaia eta eskola. Marketing arduradunaren aburuz, estresa kentzeko eta norberaren baitan bakea sentitzeko kirol ezin hobea da golfa. "Jendeak uste du golfa ez dela kirola, baina hori ez da egia. Golfean aritzen garenok orduak ematen ditugu oinez eta artikulazio guztiak mugitzen ditugu. Kirol honek ez du mugarik, edozein adineko pertsonak praktika dezake. Hirurogeita hamar urteko aitona bat ezin daiteke baloi baten atzetik korrika joan, golfean aritzeko ordea, ez du arazorik. Kirol honek eskatzen duena ibiltzea eta mugitzea da. Erritmoa, azken finean, norberak jartzen du", zehaztu digu Estibaliz Lopezek.

Edonoren eskura?

Golf jokalarien profila lan egonkorra duten 27 eta 46 urte bitarteko gizon-emakumeena dela esan digu Arregik. Prezioaren inguruan, berriz, honakoa adierazi digu: "Golfa ez da beste kirolak baino garestiagoa, makila sorta batek 600 euro inguru balio du eta 30 urte irauten du". Gainera, "Atotxako futbol zelaia bezalako bederatzi zelai bost orduz 20 euroren truke uztea, ez dut uste garestia denik", argudiatu digu klubeko gerenteak. Izki golf klubean ere prezioak antzerakoak dira, 24 eta 30 euro bitartekoak. Merkeago ateratzeko jendeak abonuak hartzen ditu, hilabeteko kuota 52 eurokoa izaki.

Andoaingo kluba pribatua izanik, urteroko kuota ordaintzen duten harpideei zuzenduta dago. Dena den, Ibon Arregik jakinarazi digunez, edonor joan daiteke golfean aritzera. Baldintzak handicap-a edukitzea, hots, jokoaren arauak ezagutzea, federatua izatea eta gidabaimena edukitzea dira. Izki klubean ere, zelaira irteteko baldintzak berdinak dira. Handicapa eskuratzeko, golf eskolatik igaro behar da, irakasle batek kudeatzen du eta federazioaren bitartez egiten da. Kantxetara, aldiz, edonor sar daiteke sarrera ordainduta, beste edozein kiroldegitan bezala.

Ingurumena eta zelaien alde teknikoa

Golf zelaiek paisaian duten eraginaren inguruan, zera irizten du Andoaingo golf klubeko gerenteak: "Desertu batean golf zelai bat ipintzeak izugarrizko eragina izango luke. Nik neuk ere ez nuke jarriko. Euskal Herrian ordea, dugun klimarekin, natura berdearekin eta urte osoan zehar ditugun euriteekin, ez da gauza bera. Eraginik sortzeko ez dago ia arriskurik". Edozein harri mugitu aurretik, ingurugiro teknikarien onespena eskatu zutela jakinarazi digu Ibon Arregik. Hain zuzen ere, golfaren alde teknikoa neurtzeko, kirol zelaiak neurtzen diharduen Fraisoroko laborategiarekin jarri ziren harremanetan. "Arazorik ez izateko, Fraisoroko eskolan esandako guztia bete genuen", azpimarratu digu Arregik. Golf zelaiak izan aurretik, pinudiz, behiez eta ardiz osatutako larreak ei ziren. Pinu batzuk mantenduz, zelai bihurtu zuten pinudia eta ardiak, berriz, noizean behin praktiketarako erabiltzen diren kantxetan egoten dira. "Gu bihar hemendik joango bagina, gune hau lehengo larre bihurtuko litzateke berriz", baieztatu digu.

Lorategi maximizatuak

Mantenu lanei dagokienez, greenak ondo zaintzearen garrantziaz eta detaile guztien gainean egon beharraz hitz egin digu Arregik: "Funtsean, etxeko lorategia zaintzea bezalako lana du golf zelai batek". Zelai artifizialak mantentzeko erabiltzen diren sistemetatik urrun daudela azaldu digu Ibon Arregik, alegia, baserritarrek euren larreak ontzeko erabiltzen dituzten moduak jarraitzen omen dituzte.

Teknologia aurreratua

Andoaingo golf klubak, Izkik bezala, kantxak ditu. Bertan, ikastunek kirola ezagutu eta golfean trebatzeko aukera dute eta zaletuek, berriz, entrenatzeko. Teknologia berriek ere funtzio garrantzitsua dute eskoletan. Ordenagailu sistema batek mugimendu guztiak jasotzen ditu hiru dimentsiotan. Horri esker, golf jokalariak mugimendua hobetzeko teknikak ezagutu eta ikasteko aukera du. Izki golf klubeko marketing arduradunak adierazi digunez, golfean ikasteko prozesu luze bat igaro beharra dago: "Hasiera nahiko astuna bada ere, zelaira irteteko ilusioa duzu eta merezi du".

Autofinantzaketa eta finantzaketa publikoa

Klub pribatuak finantzatzeko bideak ere jorratu dizkigu gerenteak. "Gure obsesioa klub bat izatea baino jendeak golfean ikastea da. Alegia turismo eta kirol proiektu batetik gertuago gaude klub bat izatetik baino. Ez dugu Udalaren ez Aldundiaren laguntzarik jaso. Gauzatu Turismoa deritzon programan sartu ginen, baina ez dira interes baxuko kreditu bigunak besterik". Izki kluba aldiz, lehen aipatu legez, diruz lagundua dago %100ean.

Txapelketak

Bi txapelketa mota daude: batetik, federazioak ofizialki antolatzen dituen txapelketak, federazio mailan; eta bestetik, klubek antolatzen dituzten txapelketak. Klub guztiek babeslea aurkitu eta festak antolatu ohi dituzte. Izki klubean, esaterako, orain gutxi jokatu da Espainiako Profesionalen Txapelketa.

Azpiegitura etengabe zaintzen

Orain gutxi arte, zelaiei ez zaie jaramon gehiegirik egin. Egun, ordea, zelaien egoera albiste izan ohi da. Jokalariek euren emaitza justifikatzeko argudio gisa erabiltzen baitute zelaiaren egoera.

Esan beharrik ere ez da golf zelai onenak euri asko egiten duen lurraldeetan daudela. Euriak egitura berezia ematen dio belarrari eta errazago joaten da pilota. Ureztatze artifiziala duten zelaietan, berriz, latzagoa da belarra eta pilota astiroago doa. Euskal Herria euritsua bada ere, zelaien kalitate maila bermatu xedez, golf klubek ureztatze sistemak erabiltzen dituzte. Altxor preziatuak balira bezala zaindu eta mantentzen dituzte lurrak, hala nola, lurraren ezaugarri fisikoak eta kimikoak, belarraren konposizioa, greenaren abiadura, errodadurarekiko erresistentzia maila, lurraren gogortasuna, deformazio maila eta trakzioa neurtzen dituzte.

Zelai batzuek beren ur erreserbak dituzte, aintzirak alegia. Beste batzuek ordea, urtegietako ura erabiltzen dute zelaiak ureztatzeko. Ureztatze sistema horiek eta orokorrean golf zelaiek ingurugiroan sortzen duten eraginak polemika piztu ohi dute. Urrutira jo gabe, Berrizko Sarria auzoan egin nahi duten golf zelaiaren kasua dugu.

Sarriako lurrak jomuga

Enpresari talde batek, golf zelaia eraikitzeko, nekazal lurren 22 hektarea hartzeko asmoa agertu du Berrizko Udalean. Diotenez, proiektuak zelaia baino azpiegitura gehiago ekarriko lituzke, hala nola, 80 lagunentzako hotela, 400 pertsonentzako kafetegi-jatetxea, 160 autorentzako aparkalekua, gimnasioa, igerileku klimatizatua, paddle pista, kirol denda eta gizarte kluba. Proiektua aurrera eramateko, Arau Subsidiarioak aldatzeko eskaera egin dute udaletxean. Izan ere, lursail horiek nekazaritza lurrak dira eta bertan ez dago nekazaritza ez den beste jarduerarik garatzerik.

Proiektuaren aurka

Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuaren ustez, Sarriako lurrek nekazal lur izaten jarraitu behar dute eta golf zelai batek ez du lekurik horrelako lurretan. Hala, Arau Subsidiarioak aldatzeko eskaerari ezezkoa emateko eskaera egin dio Berrizko Udalari. Sindikatuak jakinarazi digunez, inguruko baserritarrak ere aurka agertu dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Basogintza eta Nekazaritza Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapen dokumentuak balio handiko nekazaritza lurra dela agertu baitu. Sindikatuko kideek, Bizkaian golf zelaiek bizi duten hazkundea dela-eta, euren kezka azaldu digute: "Jada bi golf zelai ditugu, Artxandan eta Arboledan eraikitzen ari dira eta Lezama eta Derion beste golf zelai proiektu bana onartuta dago".

Golf zelaiaren proiektua garatzearen aurkako taldea ere sortu berri dute Berrizen, Mendiak-mendi taldea, alegia. Taldearen arabera, Udaletxera proiektu honen inguruko informazio eske maiz joanagatik Udalak ez die informaziorik eskaini. Berau frogatu xedez, gu geu ere Udalarekin harremanetan jarri gara, Hirigintza Sailarekin hain zuzen. Ondorio garbiena zera izan da, ez dagoela proiekturik oraingoz, asmoa besterik ez. Informazio hori, ordea, ez dator bat EHNE sindikatuak eskaini digunarekin. EHNEk jakinarazi digunez, Bizkaiko Aldundia ere sindikatuarekin harremanetan jarri da proiektu horren ingurugiro ikerketan baliagarriak izango diren zenbait puntu aztertzeko. Asmoa baino zerbait gehiago bada, beraz.

Mendiak-mendi taldeak, golf zelaiak ekarriko lituzkeen kalte ekologikoak, ur eta argindar kontsumoaren biderketa eta baliabide naturalen murrizketa azpimarratu dizkigu. Horrekin batera, talde antidesarrollistak herria desinformatzeagatik eta izapideak isilpean aurrera eramateagatik salatu du Udala.

Carlos Hekneby (Euskadiko Golf Federazioko presidenteordea): "Euskal Herrian ez dugu ur arazorik, lekua da arazo"
Euskaldunok golfarekiko zaletasun handia al dugu?
EAEn 14.000 jokalarik dute lizentzia. Federatu kopurua %12 gehitzen da urtero. Kirol gutxik lortzen du hainbeste kide izatea.

Zein jendek praktikatu ohi du kirol hau?
Prototipo guztiak ahaztu behar ditugu. Golfa jada ez da aberatsen kirola, gizonen kirola, gizarte maila altuko jendeak praktikatzen duen kirola. Egun, neska eta mutilek praktikatzen dute, haur, gazte eta helduek. Ahaztu beharreko mito ugari dago golfaren inguruan.

EAEn hamahiru golf klub daude eta horietatik bakarra da publikoa. Jokalariarentzat, zein da publiko eta pribatu izatearen aldea?
Publikora, gimnasio batetara bezala joan zaitezke. Sarrera ordaindu eta kirola praktika dezakezu. Pribatuan, berriz, harpidetza egin behar da eta urtero kuota bat ordaindu. Dena den, kirol honetan hasi nahi duenak kantxetan ikasi behar du zelaira atera aurretik. Eta horretarako ez dago arazorik, ez pribatuan ezta publikoan ere, bietan eskaintzen baitira ikastaroak.

Nolakoak dira Euskal Herriko golf zelaiak? Zein mailatakoak dira?
60 hektarea inguru ditu zelai bakoitzak. Maila guztietakoak daude.

Golf zelai izan aurretik zein ziren lur horien jabeak eta erabilerak?
Denetarik dago. Gehienak lursail pribatuak ziren. Esaterako, Andoaingo golf kluba sortzeko, jabeek euren barrutiak erabili zituzten. Araban, berriz, Europako Elkarte Ekonomikoaren eta Aldundiaren laguntzaz, bere garaian patata ereiteko erabiltzen ziren lursailak erabili zituzten.

Diru-laguntza asko jasotzen al da zelai hauek eraikitzeko?
Ez. Hain zuzen ere hori da arazoa. Arabako bi zelai Aldundiaren laguntzaz sortuak dira. Bizkaian eraikitzen ari diren zelai batek ere Aldundiaren diru-laguntza jaso du. Gipuzkoako Aldundiak, ordea, oso jarrera itxia du kontu hauetarako. Nafarroan, 30.000 biztanle inguruko herrietan, golf zelaiak eraikitzen ari dira Gobernuaren eta udalen babespean. Iparraldean, berriz, jokalariak baino zelai gehiago dago. Gehienak pribatuak dira.

Irakurri izan dugu golf klubek zelaiak ureztatzeko egin izan dituzten gehiegikerien ondorioz, ingurukoak ur murrizketen beldur izan direla.
Euskal Herrian ez dugu ur arazorik, lekua da arazo. Hemen euri asko egiten du eta lurrean zulotxo bat egin orduko ura ateratzen zaigu. Gipuzkoa oso probintzia txikia da, jendez lepo dago eta oso menditsua da. Horrek golf zelaiak sortzea eragozten du. Araba, berriz, lauagoa da, ez dago hainbeste jende eta mendi gutxiago du. Bizkaia bien arteko nahasketa da.

Golf kluben jabeek kexa asko jasotzen al dituzte ekologistengandik?
Egun, ekologistak duela berrogei urte baino askoz ere presenteago daude. Etxe bat egin nahi baduzu eta horretarako babestuta dagoen zuhaitz bat bota nahi baduzu, ekologistak aurka agertuko zaizkizu. Beti egon daiteke trabaren bat baina ez da ohikoa. Inguruko klubak ezagutzen ditut eta ez dute oposizio gogorrik izan. Kontuan hartu behar da golf zelai bat sortzeko zuhaitz asko moztu daitezkeela, baina bestalde, beste zuhaitz eta animalia ugari kontserbatzen direla. Izan ere, barruti horietan ezin da ehizarik egin.

Golfaren kosta
Espainian 250 golf zelai inguru daude. Valentzian zehazki, azpiegitura kopurua hirukoizteko asmoa dago. Datorren hamarkadan 50 instalazio edukitzea da xedea. Hala ere, Costa del Sol-en biltzen dira golf zelai gehien. "Europa hegoaldeko golf paradisutzat" ezagutzen da eta urtean 500.000 golf jokalari inguruk bisitatzen du. Golf turismoak 1.500 milioi euro mugitzen ditu urtean Espainian eta irabaziak %30ean gehituz doaz urtetik urtera.

Ordea, Espainiako hegoaldeko golf zelaiek ur eskasiarekin egin ohi dute topo, batik bat udan. Zonalde honetan ur eskasia da nagusi. Hala, kontuan hartu behar da golf zelai batek metro karratuko 1.500 litro ur behar duela urtean, gutxi gorabehera.

Costa del Soleko uren enpresa publikoak jakinarazi duenez, golf zelaien %60 ur araztuaz hornitzen dira. Ekologistak, ordea, ez daude prozedura horrekin ados. Izan ere, euren aburuz, nekazal lurrek ezin baitute iraun kalitate txarreko urarekin. "Uraren merkatu beltza"z ere jardun izan dira. Aitzitik, Madrilgo Fiskaltzak Konfederakunde Hidrografikoaren onespenarekin hartzen dela irizten du.

Argi dagoena zera da, nekazal lurretatik baino golf zelaietatik etekin handiagoa lortzen dela.


Azkenak
Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude