argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Udako ikastaroen eskaintza zabala

Irekita dago dagoeneko, Euskal Herriko unibertsitateek udan eskaintzen dituzten ikastaroetarako matrikulazio epea. Eskaintza zabala dago aurtengoan. EHUK Bilbon egingo dituen Arte eta Kulturako V. Topaketetan, dantza, musika, antzerkia, zinema eta beste hainbat alorretako ikastaroak eskainiko ditu. Unibertsitate berak Donostian eskainiko dituen uda ikastaroetan arkitektura, musika nahiz literaturari buruzko eskolak izango dira. UEUk, besteak beste, antropologiaren, artearen eta euskal kultur gaien gaineko ikastaroak prestatu ditu. Bergarako UNEDek ere prest du aurtengo eskaintza.


Aranzadi profesionalizatzen

Aranzadi institutua sortu du Aranzadi zientzia elkarteak, ikerlariek beren lana modu egokian egin dezaten ahalbidetzeko. Zientzia elkartearen menpe egongo da, baina dinamika independentea izango du. Ikerlari asko aritzen da elkartearen proiektuetan lanean, aisialdian. Institutuak egitasmo profesionalak jorratuko ditu eta ikerlariak soldatapean arituko dira. Institutuak, Euskal Herrian eta atzerrian proiektuak garatzeaz gain, egiten duen lana gizarteratzeko asmoa du. Egingo dituen enkarguzko lanei esker, proiektu defizitarioak landu eta ikerketa bekak eskaini ahal izango ditu. Orain arteko ikerketa esparru berak jorratuko ditu Aranzadik: oroimen historikoa eta ingurumena.


Santa Mariako dorrea ikusgai

Gasteizko Santa Maria katedraleko dorrea eta ataurre nagusia zaharberrituko dituzte aurki. Indusketa lanak egingo dira ere Santa Maria plazan. Lan horiek egiten diren bitartean, bisitariek dorrera igo ahal izango dute. 62 metro dituen katedralaren dorrera igotzeko moduan jarri dituzte aldamioak langileek eta, epe laburrean, Gasteizko murru zaharretara igotzeko aukera eskaini nahi dute.


Artista gazteak Getxoarte azokan

Euskal Herriko nahiz nazioarteko Arte Ederretako ikasleen lanak bilduko ditu aurten ekainaren 4tik 6ra bitartean zabalik izango den Getxoarte azokak. 141 eskaera izan dira eta horietatik 55 onartu ditu azokako epaimahaiak. Margoak, eskulturak eta grabatuak aurkeztu dituzte hainbat egilek, baina bideoa eta argazkia oinarri duten lanak gehiago dira kopuruz. Getxoarteren antolatzaileek azokan parte hartzen duten gazteen lanen katalogoa argitaratuko dute, gehiengoarentzat ezezagunak diren artista horien berri emateko.


Ahozkoa gordetzeko

Ahozko tradizioak garrantzia handia izan du euskaldunen artean. Hura gorde eta sustatzeko asmoz, Mintzola ahozkotasunaren zentroa irekiko dute datorren urtearen amaieran, Villabona-Amasan. Subijana etxean jarriko dute Mintzola, lau solairuko eta 1.200 metro koadroko eraikinean. Ahozko adierazpena »bertsolaritza, kantagintza, antzerkia eta irratia» ikertzeko, garatzeko eta zabaltzeko sortua, hainbat erakunderen egoitzak hartuko ditu: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa, Lanku... Bertsozale Elkarteak eta Xenpelarrek sustatu dute ahozkotasunaren zentroa eta Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Villabona-Amasako Udalarekin izandako elkarlanaren fruitu da. Apustu sendoa da ahoz esandakoak aireak eraman ez ditzan.


Ilustratzaileen Liburu Zuria

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ilustratzaileen Elkarteak (IPE) arlo horretako profesionalentzat datu lagungarri andana biltzen duen Liburu Zuria argitaratu du. Orain arte ilustratzaileek lan merkatuan aurkitu dituzten hutsuneak betetzeko asmoz, Galiziako, Kataluniako, Madrilgo eta Valentziako elkarteekin batera prestatutako argitalpena da. Izan ere, ilustratzaileek sarri etxetik eta bakarka egiten dute lana eta ez dute babes handirik izaten. Liburuak pistak emango dizkie Euskal Herrian ilustrazioa lanbide duten 200 profesionalei, beraien eskubideak ezagutu eta bezeroekiko harremanak bideratzeko »tarifak, egile eskubideak, aurrekontuak egiteko modua, ezarri beharreko lan harreman mota».