argia.eus
INPRIMATU
(Bide) gorriak eta bi
Joxerra Garzia 2021eko uztailaren 27a
Bizikleta zale amorratua naizen aldetik, pozgarri zait politikariei aspaldion piztu zaien bidegorrien aldeko grina, kolore guztietako politikariak ari baitzaizkigu, eta ez gorriak bakarrik, bidegorrien aldeko aldarriak egiten, eta baita inoiz edo behin bidegorriren bat edo beste egiten ere.
Egin egin baita aspaldion bidegorririk franko. Ni bizi naizen herri-hirian bertan, Donostian, izango da bidegorritan kilometro dezente, zehazki zenbat ez dakit baina. Bada bidegorri polit bat Aiete aldean, nik ezagutzen dudan zabalena; Kontxakoa ere, zer esanik ez, hor dago, ondo begi-bistan. Paseo Berrikoa ezin utziko dugu aipatzeke, bere kresal usain eta guzti. Eta Urumea bazterrekoari dagokio zaharrena izatearen itzala.
Izan bada, beraz, non ibilia. Gertatzen dena, ordea, zera da: bidegorriok guztiok zein bere lekuan daudela, eta batetik bestera joateko autoen artean pasatu beharra dagoela, bidegorria utzi eta bidean gorririk ibilita, bide beltzean gorriak eta bi ikusteko arrisku gorriarekin. Euskarari dagokionez ere halatsu ez ote gabiltzan, horixe otu izan zait niri sarritan. Bidegorri puxka ederrik egin bai, baina presaka gabiltzanean »eta noiz ez gabiltza gaur egun presaka?» bizikleta aparkatu, bidegorria utzi, eta albo-erderetako baten autobidean abiatzen garela, ziztu bizian, autoz. Hori bada auto-determinazioa, aukeran nahiago bizikleta eta amorru gorritan.