argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Dumpinga
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

Dumping hitza ingelesezko to dump aditzetik dator, eta irauli, bota esan nahi du. Euskal Herrian, askotan izan dugu siderurgiako eta ontzigintzako sektoreetako dumpingaren aditzea, benetan eta larriki erasan baitie gure ekonomian giltzarri izan diren sektore horiei. Dumping esaten zaio produktu bat bere prezio normalaren azpitik saltzeari, edo are produkzioko kostuaren azpitik ere, barruko merkatuan eta, maizago, esportaziorako. Ugaritasun handiegiko garaietan stockei aterabidea emateko praktikatzen da dumpinga, beste lehiakide batzuei merkatuan lekua kentzeko, bai eta kostuak murriztea ahalbidetzen duten produkzio-serieak lortzeko ere. Dumpinga debekatua daukate Merkataritzari eta Aduanako Tarifei buruzko Akordio Nagusiak eta Erromako Tratatuak. Hala ere, zenbait herrialdek konkurrentzia desleialeko praktika horiek egiten jarraitzen dute eta eten ezean, lur jota utz ditzakete herrialde bateko giltzarriak diren sektore ekonomiko edo industriala. Une honetan, Sestaoko La Naval enpresaren kasua daukagu: etorkizuna kolokan dauka, ezin baitu konkurritu, esate baterako, Asiako ontziolekin, batez ere Koreakoekin, hain zuzen ere dumping praktikatzeagatik. Lehenago ere, Euskalduna ontziola historikoa itxi zuten, garai hartan dumping horren biktima izan baitzen, besteak beste.