argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
Juan Mari Beltranek Dultzaina Gipuzkoan, 1950. hamarkada arte liburua karrikaratu du Erviti argitaletxearekin. Dultzaina jotzeko gipuzkoar era, soinu tresna bera eta dultzainero familiak ditu hizpide, pieza ugariren partiturak biltzearekin batera.

Ados antzerki taldeak Dekameronea estreinatuko du Donostian, ekainaren 3an. Boccacioren liburuko ipuin batzuetan oinarritutako lanak grina bortitzak, bekaizkeria... ditu hizpide.

Mikelazulo kultur elkarteak Kilimamuak liburua plazaratu berri du. Hilean behin egiten duten Letren kilimak izeneko inprobisazio saioen fruitua da. 25 artistak (margolariak, poetak...)taldeka hilabetez egindako lanez osatua dago argitalpena eta CD euskarrian ere argitaratu dute.

Igor Arzuaga musikari laudioarrak Smog diskoa atera du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Aurreko lanaren giro intimistari eutsi dio, baina oraingoak erritmo biziagoa du.