argia.eus
INPRIMATU
Herrien Europa
Onintza Lasa Arteaga 2021eko uztailaren 27a
Badugu euskaldunok Europarekiko sentimendu berezi bat. Orain dela urte asko, inor gutxik Europarantz begiratzen zuenean, euskal mugimendua lanean hasia zegoen eta gaur egun, oraindik ere horretan jarraitzen dugu.

Pixkanaka eratzen joan da egun ezagutzen dugun Europa eta urteen poderioz, bistan da, asko aldatu dela. Lehenik Komunitate Ekonomikoa izan zen, sei estatuz osaturiko hura. Gerora Batasunean bilakatu zen eta hamabost ziren maiatzak 1 arte. Hamar Estatu berri atxikirik, lerro hauek idazten ditudan honetan, 25 estatuz osaturiko Europako Batasuna izan arte.

Hala ere, egia osoa esateko, urrun xamar ere egiten da Europa hainbat eta hainbat pertsonentzat, gertutasunak kentzen duen freskura dela medio, besteak beste.

Baina, garrantzia itzeleko prozesu batean murgildurik gaude europar guztiok. Izan ere, Europa izango denaren hau ez dago geldirik, aldaketak egongo dira, konstituzio berria ere eztabaidagai dugularik. Hori baino lehen, ordea, europar erakundeen eraketa berria emango da, ekaineko hauteskundeak direla medio.

Aipatu bezala, badago zer egiterik, zer hobeturik, eta horretan dihardugu, Eusko Alkartasunako gizon eta emakumeok, urteetan zehar ALEko »ia 30 alderdiz osaturiko alderdi politiko europarra» gure beste kideekin batera, eta honela jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Europa kultur anitz, hizkuntza aniztasun, nazio aniztasun eta oro har, hiritarren Europa demokratiko batean sinesten dugunontzat zer egiteko asko dago.

Estatuen Europa da egungo hau. Nazio eta herriek, bere horretan, ez dute lekurik erabakiguneetan eta aitzitik, eragin zuzena duten hainbat eta hainbat neurri hartzen dira bertan.

Estatu ikuspegi batetik haratago, nazioen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, herri eta nazioen parte hartze zuzen eta erabakiorra defendatzen jarraitu behar dugu. Bitxikeriak gertatu ere, gertatzen baitira. Esaterako, berriki Europako Batasuneko kide diren hainbat Estatuk, Euskal Herriko hiriburu baten gutxi gora beherako biztanlegoa dute. Eta bertako hizkuntza, hizkuntza ofizial bihurtu da. Malta adibidez, 380.000 biztanle ingururekin. Aldea zera da, Malta estatua da, ez horrela Euskal Herria. Oraingoz.

Elkartasuna oinarri dugunontzat atxikipen guztiak aberasgarri dira, eta horregatik beste herrien erabaki eta eskubideak defendatzen ditugun heinean, gure eskubideekiko errespetua eskatzen dugu. Guk ere Euskal Herri independente izan nahi dugu Europan.

Herri eskubide zein hiritar eskubideak. Pertsona guztiek pertsona izateagatik dugun eskubide eta duintasuna bermatzea ere helburu dugulako.

Globalizazio garai honetan, eredu neoliberalaren garapena salatu eta alderdi aurrerakoi eta demokratikook beste mota bateko balioen globalizazioa eraman nahi dugu aurrera.

Berehalako mozkinetan pentsatu ordez, etorkizunerako azpiegitura egokiak prestatuko dituena, horretarako ezinbestekoa delarik ingurumenarekiko begirunea, garapen iraunkorrean oinarrituriko neurrien bidez. Aukera berdintasuna bermatuko duena hiritar guztientzat, lehen eta bigarren mailako hiritar ereduak ekidinez.

Ezberdintasuna aberastasun gisa ulertuko duen gizarte bat eta ez mehatxu bat bezala, inongo bazterketarik egin gabe arraza, genero, hizkuntza, sexu orientazio, ideologia eta abar, aitzakia harturik.

Bakearen eta elkartasunaren balioak sustatuko dituen Europa bat.

Argi dago zer egiteko handia dagoela, baina argi dago era berean, alderdi asko garela helburu hauek jomuga harturik, egunerokotasunean, gure lan ildoa bideratzen dugunok.

Europa eraikitzen ari da. Eusko Alkartasunak parte hartuko du ALEko kideekin batera. Beste Europa bat posible delako. Europa irekia, ezberdintasunean aberastua, Herrien Europa.