argia.eus
INPRIMATU
Bero-beroan
2021eko uztailaren 23a

Gaindegia: gizarte eta garapenerako behategia.

Euskal Herriko esparru sozio-ekonomikoaren hainbat pertsona, enpresa eta taldek Gaindegia izeneko Euskal Herriaren ekonomia eta gizarte garapenerako behategia sortu dute. Euskal Herriaren lurralde zatiketak eraginda, herri honen ikuspegi osoa izateko dauden arazoak gainditu nahi ditu elkarteak, eta horretarako Euskal Herri osoa kontuan hartuko duten ikerketak, proiektuak eta elkarlan ekimenak bultzatuko ditu. Gaindegia, batez ere ekonomia, gizartea eta garapen gaietan oinarrituko da eta datorren larunbatean, hilak 29, egingo du bere sorrera ekitaldia Donostian.


Iñaki Uriaren aldeko ekimenak ugaritzen ari dira

Egunkariaren itxiera ekarri zuen operazioa dela eta espetxean dagoen auziperatu bakarra da gaur egun Iñaki Uria. Gainerako auziperatu guztiak baldintzapeko askatasunean dira. Operazio hartan atxilotutako Xabier Alegria ere espetxean da, Egunkaria auziagatik bermepean ateratzeko aukera eman zioten, baina Udalbiltza auzian ere auziperatua dagoenez espetxean jarraitzen du. Uriari 600.000 euroko bermea jarri zion hilaren hasieran Auzitegi Nazionalak eta hori dela eta protesta adierazpen ugari izan dira euskal gizarteko alor desberdinetatik. Abokatuak berme horri jarritako helegitearen zain dira orain. Horrez gain, NBEk ere Uriaren kasua aztertuko du: Ambeyi Ligabo Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko Adierazpen Askatasunaren Kontalariak Egunkariaren itxiera eta Otamendiren tortura salaketak aztertuko ditu.


Presoen ahotsa gatazkan

Gune zenbaitetan ezik, eguneroko informazioaren errealitatean gutxi agertzen da euskal preso politikoen eta haien inguruan bizi denaren berri. Gero eta handiagoa den kolektibo handi horrek, dena den, egoera berezi eta latza bizi du bere ohikotasunean. Botere banaketak eta gainerako teoriez gain, zuzenbide estatuaren neurgailuetakoa honek bere presoak nola zaintzen dituen moldean omen dago. Eta alde horretatik, Espainian zein Frantzian defizita erabat esanguratsua da. Presoen aldeko Nazioarteko Elkartasunezko Konferentziak euskal preso politikoen gaia hor dagoela erakutsi du, eguneroko jardun informatiboan gutxi agertzen bada ere, errealitate politikoa gogor baldintzatzen duena. Presoak ez dira gatazkaren ardatz, ondorio baizik, baina arazoaren ondorioa da gatazka politikoak ez duela irtenbiderik izango kolektibo honek irauten duen artean.


Euskara Europako Batasunari begira

Espainiako gobernuak jarri du hara begira duela gutxi. Zapateroren Gobernuaren proposamenak bi puntu zituen: batetik, Europako Batasuneko txosten ofizialak euskarara, katalanera eta galegora itzultzea eta bestetik, hizkuntza hauek darabiltzaten herritarrek EBrekiko harremana beren hizkuntzan izatea. Proposamenaren aurrean erreakzioak desberdinak izan dira. Frantziak Espainiako presidentearen proposamena ez du ontzat hartu eta Michel Barnier atzerri ministroak horrelako «gai zailak astintzeko ordua» ez dela adierazi du. Alemaniak bestelako iritzia plazaratu du eta Schröder-ek gaeliko irlandesak daukan moduko onarpena opa die euskarari, galegoari eta katalanari. Bestalde, Zapateroren bi puntuetatik lehenengoak soilik egin du aurrera eta Europako Batasunean testu ofizialak itzuli edo ez eztabaidatuko dute.


Euskal Lokuzioak Sarean

Joxan Elosegi, Josu Landa eta Koldo Izagirrek, Intza proiektuko hiru kideek, prestatu dute euskarazko lokuzioei buruzko web gunea. Sarean bildu dituzten 6.195 lokuzioek 1981eko liburu bat dute abiapuntu. Orduan, Koldo Izagirrek Euskal Lokuzioak izeneko bilduma argitaratu zuen eta material hori txukundu dute sarerako. Web gunearen helburu nagusia euskarazko lokuzio hauek edonork eskura izatea da. Erabiltzaileen iradokizunak, eta baita lokuzio berriak ere, helbide honetan jasoko dira: intzaarmiarma.com.


Oarsoaldean hilabetekaria

Maiatzaren azken asteburuan argitaratuko du Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ek Oarsoaldean izeneko hilabetekaria.
Oiartzualdeko Hedabideak S.L enpresa osatzen dutenak hauek dira: Oarsoaldeko Lau Haizetara (Errenteria-Orereta), Orratx! (Lezo), Hitz Hots (Oiartzun) eta Abaraska eta Arnasa (Pasaia) euskara elkarteak, EKTko Bertako Hedabideak S.L. eta eskualdeko 51 gizarte eragile. Enpresa honek berak sortu zuen iazko ekainean Oarsoaldeko Hitza euskarazko egunkaria.