argia.eus
INPRIMATU
Argitalpenak
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Osaba Bin Floren
J. M. Olaizola «Txiliku»
Elkar
148 orrialde
8,65 euro


Osabaren ipuin liluragarriak

Bada gertaera okerrenetatik ere zerbait onuragarria ateratzen dakien jenderik, eta horrelakoxea dugu J. M. Olaizola Txilikuk sortu eta Elena Odriozolak marraztutako kontakizun honen protagonista. Osaba Florentinok istripu bat izan zuenez, bendak jarri behar izan zizkioten buruan, turbante baten gisa. Eta orduantxe erabaki zuen gizonak bere burua nolabait aldatu eta handik aurrera osaba Bin Floren izango zela. Ohetik batere mugitu gabe, Bagdadeko ipuin kontalarien gisara ipuin bat bestearen atzetik kontatzeari ekin zion, bere entzuleen gozamenerako. Osaba Bin Florenek kontatzen dituen istorioen bitartez, Arabiar golkoan zehar bidaiatu ahal dezake Elkar argitaletxeak 12 urtetik aurrerakoei begira plazaratutako liburu honen irakurleak.

Gerrako pilotu
Antoine Saint-Exupéry
Alberdania, Elkar
190 orrialde
10,50 euro


Josu Zabaletak euskaratutako Saint-Exupéryren nobela

Oso gazte zela piztu zitzaion Antoine Saint-Exupéryri hegazkinetarako eta mekanikarako zaletasuna, eta bizitza osoan ez zuen galdu. Posta eta gerrako hegazkin pilotu, hegazkintzarako tresna asmatzaile, hegazkin zerbitzuen antolatzaile eta propaganda zerbitzuetako kide izan zen Printze Txikia eta hegazkintza gai duten hainbat nobelen egile hau, 1944an alemaniar pilotu batek berak pilotatzen zuen hegazkina bota zuen artean. Gerrako pilotun, alemaniar armada Frantzian sartzen ari zenean, 1939ko maiatzaren 22an, egoera aztertzera bidali zuteneko misioaren gorabeherak eta 1914ko Gerra Handia, Espainiako Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra ezagutzeak Sain-Exupériry eragindako gogoetak kontatzen dira.

Ilbehera
Jose A. Tellaetxe Isusi
Desclée
108 orrialde
8 euro


Baleen zain zegoen mutikoa

Sisifo txorimalo zaharra eta Marni txakur eme txikia bakarrik lagun zituela abiatu zen gau batez Jose A. Tellaetxe Isusik sortu eta marraztutako Ilbehera abenturazko kontakizunaren protagonista gaztea, bizi zen haranean Gabon jaiak baino pixka bat lehenxeago gertatzen hasi ziren gauza arraroei amaiera emateko asmo sendoarekin. Herrian batzuek esaten zutenagatik, baleak ehizatzera etorritako baleontzia izan zitekeen guztiaren errudun, eta horrek kezkatzen zuen bereziki mutikoa, baleen hilerrira iristeko zeharkatu behar zuten haitzuloaren sarrerara iristen ari ziren unean. Baina orduan zulo barrutik zetorren zarata beldurgarria entzun zuten, eta baita atzeraka egiten saiatu ere, supituki haize ozpindu batek aurpegietan jo eta ehunka su berdexkaz inguraturik aurkitu zirenean.
Jakin

Batzuen artean
Jakin
116 orrialde
9,10 euro

Euskal telebista lokalak aztergai

Jakin aldizkariaren azkenengo zenbakian Euskal Herrian »ipar zein hegoan» dauden telebista lokalak hartu dituzte aztergai gisa. Gaur egun izaera eta mota ezberdineko berrogeita hamar telebista lokaletik gora ari dira emititzen gurean, eta haien nolakotasuna eta egoera azaltzen dute Edorta Aranak, Patxi Zubillagak eta Beatriz Narbaizak, telebista lokalen zerrenda eta tipologia, komunikazio talde handien sarrera sektore horretan, telebista lokalen ekonomia, finantziazioa, programazioa, euskarak programazio horretan duen presentzia eta besteren berri eskainiaz. Bestalde, Euskal telebista lokalen oraina eta geroa gaiaren gainean bere iritzia ematen dute Oihane Agirrek, Iñaki Alzagak, Iban Bengoetxeak, Pedro Castillok, Sonia Díaz de Corcuerak eta Ramon Zallok.

Arturo. Epopeia zelta bat. Myrddin eroa
Chauvel, Lereculey, Simon
Jean François Sauré
53 orrialde

Elezahar gaelikoak oinarri dituen komikia

Arturo erregea Erdi Aroko gortean ezagutu izan dugu hainbat filmen eta kontakizunen bitartez. Jean François Sauré argitaletxeak kaleratuko duen komiki bilduma honetan, ordea, Arturoren jatorrizko zikloa jasotzen da. David Chauvelen gidoia, Jérôme Lereculeyren marrazkiak eta Jean-Luc Simonen koloreak dauzkan komiki bilduma honek neurri handi batean testu eta elezahar gaelikoak euskarri dituenez, jatorri gaelikoko izenak agertzen dira bertan. Adibidez, Myrdinn deitzen da magoa, eta ez Merlin. Hain zuzen ere Myrddin eroa dugu bildumako lehen emanaldia, eta bestek «bretoi» deitu baina beren buruei kymry esaten zietenentzat oso garai zailak ziren denborara garamatza.

Eseté 12
Batzuen artean
Amasté Comunicación
130 orrialde
5 euro


Metroa hartzen dugunean
gerta dakigukeenaz

Edozein bortxakeriaren biktima diren guztiei eskainia dagoen Eseté aldizkariaren 12. zenbakia Madrileko metroan egindako gogoetez dago osaturik. No olvide retirar su billeten, era askotako hausnarketak azaltzen dira. Metroan doazen bidaiari itxuraz nekatu horiek buruan bueltaka ibil ditzaketen kontuez, zer egin berandu zabiltzanean eta metroaren sarreran amaren lagunik zaharrenak gelditzen zaituenean, nola iritsi garaiz irteerara metroa lepoz gainezka joan eta zu azkeneko muturrean zoazenean...

Hegoaldeko goi-nafarrera. Artzibarko aldaera
Aitor Arana
Hiria
231 or. / 18 euro


Nafarroako euskalkiak berreskuratzen

XIX. mendearen erdialdetik hona, Nafarroako hamabost bat ibarrek eta 350etik gora herrik galdu dute euskara. Eta hain zuzen ere ibar horiek bere euskal kontzientzia berreskura ahal dezaten hasi zen Aitor Arana haietan hitz egiten zen euskararen arrastoak jasotzen, aurretik Zaraitzuko hiztegia eta euskara azaltzen zuten bi liburu plazaratuz eta Izarbeibarko hiztegia kaleratuz gero. Orain, berriz, Lingua Navarrorum deritzan sorta osatzeari ekin dio ausart, alegia hamabost bat urte eramango dion hogei liburuko bilduma osatzeari. Lehendabiziko biak dagoeneko liburudendetan daude, hau da, Hegoaldeko goi-nafarrera. Artzibarko aldaera hiztegia, eta Zaraitzuerazko irakurgaiak. Baina hortik aurrera honako hauek ere argitara emateko asmo sendoa du: Erronkariko hiztegia, Erronkariko euskara (ikasliburua) eta erronkarierazko irakurgaiak. Eguesibarko hiztegia, Elortzibarkoa, Esteribarkoa, Gesalazkoa, Goñibarkoa, Iruñekoa, Itzarbeibarkoa, Oltzakoa, Orreagakoa, Txulapaingoa eta Anuekoa. Eta horiez gain, hegoaldeko goi-nafarrera (ikasliburua) eta baita hegoaldeko goi-nafarrerazko irakurgaiak bilduko dituen liburua ere.