argia.eus
INPRIMATU
O, Enriqueta!
2021eko uztailaren 27a
Enriqueta maitia, agur eta ohore. Umiltasunaren jantzi espartanoek apenas estali ahal duten jakinduriarik amaiezinena, argitasunik distiratsuena eta edertasunik miresgarrienak barru-barruan gordetzen dituzun andereño herabeor horri, agur t'erdi.

Oraingoan ere, zure miresle saskar honen ahakar gupidatxoa baina zorrotzari so egitera deitu nahi dizut.

Ez pentsa, arren, Enriqueta bihotzekoa, andurreriak irabazi duenik zure dizipulu honen bihotz hunkikor zein noraezean galdutakoa. Jakin badaki zure jarraitzailerik maitekorrena izan nahi duen eskribano xume honek ez duela inondik inora haidor jokatzeko eskubiderik, ez behintzat zurekin, Enriqueta maitia.

Baina barrena erabat urratuta bada ere, bihotza goibel, aitortu behar dizut kezkaturik nabilela, urduri, egonezinean, hikaturik. Umearen negar mingarriak astindua bezala sentitzen dut arima; gaixotutako agurearen aien larriak sortarazten duen ikara berak jotzen dit bihotza; hiltzear dagoen zerriaren txilio latzak entzutean beste oilo-ipurditzen zait azala.

Eta esango dizut zergatik Enriqueta laztana.

Irabazia genuen dema galtzeko arriskuan ikusten dut. Bostehun urte ondoren ia irabazirik genuen gudan atzera egin dugunaren susmoa dut. Abade, fraide, soldadu eta errege askoren laguntzaz jorratutako garaipena atzamar puntetan genuenean atzera pauso larria eman dugulakoan nago. Behingoz, behin eta betirako, gure Araba, inguruetako baskoen atzapar maltzurretatik at kokatzeko parada sekula baino gertuago genuenean, porrot larria izan dugu berriro ere.

Eta nire etsipena areagotzeko, Enriqueta, zure inguruneko asko akain politiko gisara jokatzen ari ote den zalantza desorekagarria ere badut. Zure izaeraz baliaturik, zure nortasunaz aprobetxaturik, zure jakinduria paregabean babesturik, Españaren defentsa suharraren izenean ez ote diren beste gauzaren baten defentsan ari. Begiratu bestela, Enriqueta, gurea ei zen Javierren azken honetako jarrera. Erreparatu bestela, Enriqueta maitia, hain gureak ematen zuten kazetari askoren portaera. Ikusi bestela, Enriqueta, «Bastaya-noquieromás-estoyhastaloshuevos-forodelos espíriritus»ekoen arineketa beldurtia.

Eta hori guzti hori Enriqueta, zure ingurune hurbilenean. Akaso basamortuko eta lurralde ezezagunetako esploratzaileei legez, pausua besteok baino aurrerago ematen duzuenoi agertzen zaizuen arriskua baino ez da izango. Esploratzaileei gisa, zuoi ere, gizaki arrunton aurretik zoaztenoi, arrabiorik maltzurrenak zizt egiteko arriskuak begiratzen dizue.

Baina kontua zuk uste baino larriagoa da. Arabarren babeserako aukeratutako Prudentzio deunaren eguneko barraskilo usaina sudurrean eta tronpeten zarata belarrian dugun honetan, jakin berri ditudan beste hiru gauza esatera ausartuko naiz. Kalez kale dabiltzan hiru berri. Inork, inoiz, zuri »eta urte askotan inori» esateko ausardia nahikorik izan ez duen hiru zurrumurru:

Bat. Urtarrilaren 6an zapata ondo garbitu duten umeei opariak ekartzen dizkieten errege magoak ez dira diru txanponetan agertzen direnak.

Bi. Araban gero eta euskaldun gehiago dago eta gero eta gehiago dira Araba berreuskaldun baten aldeko apustua egiten dutenak.

Hiru. Arabak izango duen etorkizun politikoa arabarren eskutan egon beharreko kontua dela aldarrikatzen dutenak ere ugaltzen ari dira.

Malkoek apenas uzten didate jarraitzen, tristurak ez dit bakerik ematen, etsipenak jotzen nau. Zaindu zaitez, Enriqueta maitia.