argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2007ko otsailaren 21a

Oinez ikasteko laguntzailea

Lepotik behera elbarri geratutako gizon bat robotaren laguntzaz oinez ikasten ari da. Orain urtebete izan zuen istripua eta 11 egun koman eman ondoren, medikuek bizkarrezur-muina kaltetua zuela adierazi zioten. Sendatzeko itxaropenik gabeko kaltea zuela onartu ondoren, Dallasko UT Southwestern Medicalen dagoen Lokomat robotari buruzko berriak ailegatu zitzaizkion. Ikerlariek gaixoari galdetu zioten robotarekin probak egiteko prest zegoen ala ez, eta gaixoak berehala baietz erantzun zuen.

Robota gaixoaren hezurdura da, oinarrian: bere pisua uhal amaigabe baten bidez jasateko gai dena. Pixkanaka, robotak erakutsi egiten die garunari eta bizkarrezur-muinari informazio sentsoriala ulertzen, eta ahal bada, urrats bat bestearen atzetik emanarazi. Ordenadore batek higidurak detektatu eta grafiko batean irudikatzen ditu, medikuak denbora errealean aurrerapenak ikusi ahal izateko.

Ohiko tratamenduetan ere gaixoak amaigabeko uhal batean zintzilikatzen dira, baina terapeuta da zangoak eta gainerakoak eskuz higitzen dituenak. Robotak, aldiz, entrenamendu-parametro bereziak eskaintzen ditu eta behar den indarra egiten du, beraz, terapeutak behatu baino ez du egin behar. Emaitzak, orain arte, oso onak izan dira, gaixoak eskuak mugitzeko gaitasun zati bat eskuratu baitu jada, eta zangoak sentitzen hasi baita.

Dena den, ez dugu ahaztu behar teknologia hau proba gisan dagoela eta ezin dela gaixo guztiekin erabili. Adibidez, pisu astunekoek, hezurrak maiz hautsi diuztenek, odol-presioan arazoak dituztenek edo zauriak dituztenek ezin izango dute teknologia hau erabili gaurkoz.



Banbuak desagertzeko arriskuan

Basoak soiltzearen eraginez, banbuen 1.200 espezieen erdia baino gehiago galtzear dago, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (PNUE) arabera. Banbu-basoak galtzeak hainbat animalia klase kaltetzeaz gain, gizakiari ere eragiten dio, eraikuntzan eta elikaduran, batez ere.

PNUEko eta INBAReko -Banburako Nazioarteko Sarea- ikerlariek ehunka datu landu dituzte Asia, Afrika eta Hego Amerikako banbu-basoen kartografia ahalik eta zehatzenak garatzeko. Hainbat espeziek 20.000 kilometro koadro baino espazio gutxiago du garatzeko, baina arrisku handiena duten 250 espeziek 2.000 kilometro koadro baino gutxiago dute bizitzeko.

Pandak, Madagaskarreko lemurrak, Andeetako tapirrak edo Hego Amerikako hainbat txorik banbu-basoak behar dituzte bizi ahal izateko. Adibidez, Txinan bizi den Pandak egunero 38 kilo banbu jaten ditu, eta Afrikako Ekialdean bizi den gorila, ekaina eta azaro bitartean banbuarekin baino ez da elikatzen.