argia.eus
INPRIMATU
Irakurleen kontuak
2021eko uztailaren 28a
Gutxi irakurtzen omen da euskaraz. Ez dela euskaraz asko irakurtzen? Nola irakurriko dut, bada, euskaraz daukagun egunkari bakarra ere ez badago herriko liburutegian? Horixe esango luke Portugaleteko batek bere jaioterrian izandako istilua ezagutu ondoren. Anekdota triste bat besterik ez da Portugaleten gertaturikoa, baina egia da, literatura eta literaturzaletasunaz mintzatzen bagara, falta zaigula behar bezalako hezkuntza proiektu bat liburutegietarako. Literaturzaletasuna piztu eta sustatuko duen hezkuntza proiektu bat liburutegietan, eta ez bakarrik ikastetxeetan.

Liburutegiko langile eta liburuzainez gain guztietan egon behar luke literaturzaletasuna bultzatzeko, liburuekin eta liburuen inguruko ekintzak antolatzeko, idazle eta irakurleen artean zubi lanak egiteko, herrian eta auzoetan propaganda egiteko jendea, bertara etorriz, irakurle bihur ledin… Eta horrelako lan gutxi egiten da oraingoz biblioteketan.

Herri askotako liburutegiak babesleku besterik ez dira, babesleku jendearentzat eguraldi txarra, hotz eta euria ari duenean atertuko duen arte; babesleku ama askorentzat seme-alaba txikiak bertan pilatuz liburutegia haurtxokotzat hartzen dutenean; babesleku gazte askorentzat eskola eta ikastetxeko lanak egiteko gelatzat baitaukate biblioteka arratsaldero. Jakina, liburutegi guztietan soilik literaturzaletasuna pizten saiatuko den pertsona bat izateko dirua behar da »gutxienez lanpostu bat eta soldata bat gehiago» eta diru aipamenak tartean sartzen direnean… malo. Dirutza behar baita, baita ere, aste-bukaeretan, goiz eta arratsaldez, liburutegiak zabalik izateko »eta kasu honetan lanpostuak eta soldatak bat baino gehiago lirateke». Bestela nola eta noiz joan daiteke langile arrunt bat liburutegira, aste egun txepel batean, patxadaz eta lasaitasunez nobela bat irakurtzera, entziklopedia bat kontsultatzera? Joan daitekeenean ordea itxita aurkitzen ditu liburutegiko ateak… aste bukaera delako! Nik ikusi izan ditut bada atzerri aldean beti zabalik, berdin larunbat arratsalde zein igande izan. Eta badakigu hiri handi-handietan zabalik mantentzeko ohitura dutela… gauez ere! Ez genuke hainbeste eskatuko herri honetarako, baina bai esan, ordea, egiten dena baino zertxobait gehiago egitea posible dela eta egin egin behar dela.

Garbi dago irakurtzeko grina hori ahalik eta lehenen ziztatu behar zaiola haurrari eta hori edukazio kontua da. Ikastetxean ikasi behar du hori umeak eta, bereziki, etxean. Etxeko giroan ikusi beharko du haurrak irakurtzeko ohitura hori egunerokoa dela, arazorik eta nekerik gabe egiten den zerbait dela eta beti ere zeregin hori onerako dela. Gurasoek, anai-arreba zaharrek irakurtzeko ohitura badute, ezer esan gabe ikasiko du seme-alaba txikiak liburuetara inguratzeko bidea. Nagusien eguneroko praktika da hemen funtsezkoa. Eta gauza bera ikastetxeetan. Ikasleak beti ikusi beharko du maisu-maistrari, irakasleari benetan gustatzen zaiola irakurtzea, eta klasetik kanpo ere benetan irakurri egiten duela, ez dela soilik ikasgaiak beharturiko zerbait… askotan eta askotan gertatzen den modura. Horregatik nik ez dut sinesten batere gai honi buruz egiten diren zenbait inkestatan. Azken inkestek diote »eta gauza bera azkenak ez direnek ere» 10-14 urte bitarteko ikasleek irakurtzen dutela gehien. Badirudi jendea ez dela ohartzen ikasle horiek behartuta, derrigortuta irakurtzen dutela. Oso ondo dago hori, baina beste ezer gehiago ez baldin badago tartean alferrik ari gara. Jakina baita urte batzuen ostean, gazte horiek beraiek jadanik galdu egin dutela irakurtzeko ohitura. Aitzakiak betikoak izan ohi dira: lana, ezkontza eta familia, goi mailako ikasketak...

Hor zera gertatu da: irakasleak ez duela jakin ikasle horrengan txertatzen behar den grina, irakurtzeko gogo berezi hori… Zergatik? Ba, oso erraza, irakasleak berak ere ez duelako benetako irakurzaletasun hori beregan sustraituta. Eta hortxe dago koxka.