Ibilaldia 04: Ikastola bi elkarren eskutik helduta


2021eko uztailaren 19an

Betiko eta Ander Deuna ikastolek gero eta harreman sendoagoa gauzatu dute azken urteotan. Maiatzaren 30ean ospatuko den Ibilaldia bide horretan egindako urratsik garrantzitsuena izango da, baina ez azkena. Hori bai, Bizkaiko ikastolen jaia elkarlanean antolatzeak berez estua zen adiskidetasuna are estuago bihurtzeko balioko die, diotenez. Adibide bat: Betiko ikastolak DBHra arteko ikasketak eskaintzen ditu; Ander Deunak, berriz, Batxilergora artekoak. Tradizioz, Betikoko ikasleen erdiak baino dezente gehiagok Ander Deunara jo ohi du unibertsitatera bitarteko ikasturte bi horiek burutzera, hala bultzatzen duelako Leioako ikastetxeak: «Hemen Ander Deunak baino ezin du egin Batxilergoaren publizitatea, hala dugu hitzartuta», azaldu digu Koldo Tellitu Betikoko presidenteak.

Izen berriaren zama

Lagun minak izan arren, Ander Deuna eta Betiko zeharo egoera desberdinean daude, euren ibilbideak ere arras desberdinak izan direlako. Betikok hamar urte besterik ez ditu, izen horrekin behinik behin. Denbora tarte hori da, izan ere, Gobela ikastola zatitu zela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastolak publiko bihurtzeko botatako ordagoa mahai gainean zegoen, eta Gobelaren baitan ez zen akordiorik izan. Sare publikoan txertatzearen aldekoek izena atxiki zuten, eta ikastola moduan jarraitzea nahiago zutenek Betiko sortu zuten.

Garai latzak izan ziren ikastetxe bientzat, Koldo Tellitu Betikoko presidenteak ondo gogoan duenez: «Gatazkak bi urte iraun zuen eta, ulertzekoa denez, oso jende gutxik sartu nahi zituen umeak hemen. Ez hemen eta ez Gobelan». Kinka hartan zegoela, 1997ko Ibilaldia bere gain hartu zuen Betikok. «Guretzat hil ala bizikoa zen», dio Tellituk; «dirua lortzea baino, izena ezagutaraztea genuen erronka nagusia. Hezkuntza munduan izen berri bat sartzea oso zaila da, are gehiago hainbeste ikastetxe dagoen eskualde honetan, eta guk, laster 40 urte beteko dituen proiektuaren jarraitzaileak izaki, izen berriaren zama geneukan».

Desagertzeko zorian zegoen Betikorentzat, itxaropen guztiak Ibilaldia hartan zeuden, eta apustua irabazi zuten. «Urte hartara arte hamar ume geneuzkan gela bakoitzeko, eta Ibilaldia izan eta hurrengo ikasturtetik, hogeiko gelak eratzea lortu genuen». Orain, etengabe haziz jarraitzen du Betikok. Pilotalekua altxatu berri dute, eraikinen jabegoa lortu dute luze iraun duen borrokaren ostean eta bi lerro osatu dituzte estraineko aldiz. «Hiru mugarri garrantzitsu dira guretzat, Ibilaldia berriro antolatuko dugun urtean hain justu», onartzen du Tellituk. Orain zazpi urte ez bezala, Betiko ikastola etorkizunari baikor begiratzeko moduan da.

Ander Deuna, ondo errotutako ikastola

Ander Deuna aurten 35 urte bete dituen proiektu sendoa da. Sopelako erdigunetik pare bat kilometrora dagoen ingurune zoragarri batean egoteagatik ezagun da eskualde osoan, eta herrian ikasle gehien daukan ikastetxea da, hain zuzen (ia 700). Eragin-eremu zabala dauka gainera: Erandio eta Lemoiz bitarteko herri guztietatik hartzen ditu ikasleak.

Frankismo garaiko zailtasunei aurre eginez jaio zen, beste hamaika ikastola bezala, Ander Deuna. Sopelan, jendeak utzitako etxebizitzetan, jardun zuten hainbat urtez, ume gutxirekin eta ilusio askorekin, 70eko hamarkadaren erdian-edo oraingo egoitza eskuratu arte. Harrezkeroztik, haziz joan zen, eta Lehen Hezkuntzako eraikinari BBB eta UBIkoak jarraitu zion urte batzuren ostean. Hezkuntza-sisteman gertatutako aldaketek barne-egitura egokitzera behartu zuten ikastola. Aurten lortu dute, azkenik, DBHko gela guztiak eraikin berean paratzea, lau ikasturtetarako lekua zena seirako egokituz.
1996an -Ibilaldia antolatu eta sei urtera-, ikastola guraso eta langileen kooperatiba elkarte bihurtu zen. Horretarako, langileek kapital bat ipini behar izan zuten, eta harrezkeroztik guraso eta langileak erdibana agertzen dira zuzendaritza-organo guztietan. Beste berezitasun bati ere eutsi dio Ander Deunak: guraso guztiek lanen bat egin behar dute ikastolarako. Dena dela, arau hori garai berrietara moldatu behar izan dute bertako arduradunek, eta urte batzutatik hona, lanik egiteko aukerarik (edo gogorik) ez duenak diru-kopuru bat ematea dauka, haren ordez.

Mozkinekin zer?

Betikok eta Ander Deunak Ibilaldia elkarrekin antolatzea erabaki zuten, eta horrek lanak zertxobait arintzea ekarri die hein batean. Baina indarrak batzeak irabaziak banatzea dakar ezinbestean. Biek hala biek, badute zertan erabili dagokien uztaren zatia. Leioakoen kasuan, lan handi bik xurgatuko dituzte sosak. Bata, azaroan inauguratutako pilotalekua. Bestea, asmoa da oraindik: «Dauzkagun bi eraikinetatik bati solairu bat erantsiko diogu udan», dio Tellituk. Gero eta ume gehiago sartzen da, urterik urte, Betikon, eta lekua egokitu behar da non edo non.

Ander Deunak, berriz, lan ugari ditu ordaintzeko -batzuk burutuak, besteak egiteke-. Xabier Ugalde zuzendariak argitu digunez, «dagoeneko eginda dagoen DBHko eraikinaren egokitzapena ordaindu behar dugu batetik; bestetik, konponketak egin behar ditugu teknologia gelan eta pilotalekuan, liburutegia handitu behar dugu, Haur Hezkuntzan gela berri bat sortu behar da eta daudenak konpondu...».

Eskualde erdalduna, apurka-apurka euskalduntzen

Sopela eta Leioa ingurune erdaldunean daude, bigarrena batik bat. Irakaskuntzari -eta ez hainbeste, euskalduntzeari- esker, euskaldun kopuruak urtez urte gora egiten duen arren, gorakada horrek ez du islarik eguneroko jardunean, eta erabilera oso baxua da ezagutzarekiko. Gainera, irakaskuntzan indar handia dauka, oraindik ere, A ereduak, Leioan batez ere.

Herri horretako euskara teknikariak, Josu Esnaolak, adierazi digunez, «euskaldun kopurua ia bikoiztu egin da Leioan 1986tik hona, baina hazkunde hori 1991tik 1996ra eman zen batez ere. Orduz geroztik, gauzak moteldu egin dira. Hori bai, erdaldun kopurua etengabe motelduz joan da, apurka-apurka bada ere». 2001ean, datuak azkenekoz bildu ziren urtean, 5.990 euskaldun zeuden Leioan (biztanleen %22), beste 8.262 inguru (%30) ia euskaldunak ziren, eta 13.227 (%48,2) lagun erdaldun hutsak ziren.

Erabilera, neurtzeko zaila beti ere, kopuru horien oso azpitik dago guztiz. Zergatietako bat izan daiteke Leioako euskaldun gehienak euskaldunberriak izatea, hori galga izaten baita euskara erabili nahi duenarentzat, ohiturari nahiz erraztasunari dagokienez. Ondoko datua adierazgarria da oso: 24.615 leioaztarrek gaztelania zuten ama-hizkuntza 2001ean (biztanleen %87 kasik).

A ereduak indar handia hezkuntzan

Aurreko erradiografia ezkorra irakaskuntzaren egoerak biribiltzen du. Josu Esnaolak gogora dakarrenez, «Leioan ikastetxe pribatu asko dago, eta horrek eragiten du A ereduak indar handia edukitzea». A ereduaren nagusitasuna, hain zuen, handiagoa da adinean gora egin ahala. Izan ere, haur hezkuntzan D eredua da nagusi; Lehen Hezkuntzan biak, A eta D, parekaturik azaltzen dira, eta DBH eta Batxilergoan A eredua gailentzen da ezbairik gabe. Esnaolaren ustez, une honetan ezin da esan Leioan hurrengo belaunaldiak irakaskuntzaren bitartez euskaldunduko direnik.

Sopela euskaldunagoa da Leioa baino, arrazoi birengatik batez ere: batetik, txikiagoa da, eta bestetik, inguru euskaldunagoan dago. Sopeloztarren %36 baino ez da erdaldun elebakarra -2001eko datuei so eginez, beti ere-, hots, 3.762 biztanle. Euskaldunak %33 dira (3.451 lagun), eta ia euskaldunak %30 (3.163). Leioan bezala, hala ere, horrek ez du eraginik herriaren bizimoduan.

Irakaskuntzaren alorrean, alde ederra dago Leioa eta Sopela artean, D eredua erabat nagusi da-eta bigarrenean. Horretan badu eraginik Ander Deuna izatea ikasle gehien daukan ikastetxea -ia herrian matrikulatuta daudenen erdia-; lau ikasletik hiruk euskaraz ikasten du Sopelan, eta urtez urte portzentajeak gero eta gehiago egiten du D eredurantz, baina horrek ez du euskara gehiago erabiltzea eragiten.

Leioak eta Sopelak bina euskaltegi dauzkate, udalekoa eta AEK-koa. Eurek ere igarri dute azken urteotan euskalduntzeari eragin dion krisialdi orokorra, eta apur bat gehiago, AEKren kasuan behinik behin. Iratxe Marta Uribe Kostako AEK-ko arduradunaren berbetan, «Leioa eta batez ere Sopela dira, hain zuzen ere, gure euskaltegiak okerren dabiltzan eskualdeko herri biak». Esan behar da, hala ere, eskualdeko herri askok euskaltegirik ere ez daukatela. Bestetik, bai Leioan bai Sopelan AEK eta EHE (ez indar handiegiz) dira instituzioetatik aparte euskararen alorrean lan egiten duten talde bakarrak. Gauzak horrela, maiatzeko ura bezala eskertuko du Uribe Kostak Ibilaldia. Maiatzaren 30ean urik ez botatzea bezainbat.

Euskarazko ziklo formatiboak erditu ezinik
Ander Deuna eta Betikoren arteko elkarlanak ez ditu beti bilatutako fruituak eman. Uribe Kostako beste ikastolarekin batera »orain bi urteko Ibilaldia antolatu zuen Algortako San Nikolas», euskarazko ziklo formatiboak sortzeko ahaleginean jardun zuten duela pare bat urte, baina saioa antzua suertatu zitzaien. «Oraingoz bertan behera dago egitasmoa, tamalez», azaldu digu Tellituk, «oso zaila baita eskualde honetan halakorik sortzea». Hiru ikastoletako arduradunei ikerketa batek aditzera eman zienez, hirurak batuta ere ezin zuten proiektu berria abian jartzeko adina ikasle ziurtatu.
Porrotaren zergatien artean, Uribe Kostaren ezaugarri soziologikoak aipatu dizkigu Tellituk: «Eskualde honek badu elitismo kutsua; gurasoek Batxilergora bidali nahi dituzte seme-alabak, horixe da joera nagusia». Bizkaia osoan Lanbide Heziketak indar gutxien daukan eskualdea da Uribe Kosta; zerbaitengatik izango da. Bestetik, unibertsitatea bertan dago, eta horrek badu eraginik. «Inguru honetan, unibertsitatera joatea oso gauza normaltzat daukagu. Ikasketa-prozesuaren ondorio logiko eta ia ezinbestekotzat, esan genezake», gaineratu du Betikoko presidenteak. Uribe Kostari dagokionez, Lanbide Heziketak ohi bezain erdaldun jarraitu beharko du, hortaz.

Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko kidea: «Gitarra joletzat baino, abeslaritzat daukat nere burua»
Ken Zazpi talde bizkaitarrak Ibilaldian jotzea patuak ezarrita zeukala esan daiteke, Eñaut Elorrieta abeslari eta kantuen egileak Betiko ikastolarekin daukan lotura estua kontuan izanda. Gernikarra izanagatik, ikasketaz fisikari eta lanbidez irakasle den Elorrietak Algortan egin ditu bizitzako urte asko, eta hamahiru urtez Betikoko ikaslea izan zen »ikastolak artean Gobela izena zeukala, hori bai». Are gehiago, gurasoak bertan dabiltza irakasle gaur egun ere. "Aita 25 urtez izan zen ikastolako zuzendaria", diosku, "beraz pentsa zenbat ordu eman ditudan han, gelan eta gelatik kanpo, gurasoen zain eta abar. Nire bizitza Betikori oso lotuta dago, batzutan gehiegi", gaineratu du barre algara artean. Ez da harritzekoa, beraz, Eñaut Elorrietak aurtengo Ibilaldiako kantuan parte hartu izana, ez eta beraren taldeak jaialdian bertan kontzertua eskaintzea.

Umetatik musikari

Eñaut Elorrieta oso gazterik hasi zen musikan. "Zazpi edo zortzi urtegaz hasi ginen Lugarrin, han zebilen gure izeko eta han sartu nintzen lehengusu-lehengusinakaz batera". Elorrieta, urteen poderioz, taldeko abeslari eta gitarra jole bihurtu zen. Ken Zazpik erdietsitako ospera iritsi gabe ere, Lugarriri nolabaiteko sona eman zion baladaren batek edo bestek. Hura desagertuta, hainbat musikariren laguntzaile jardun zuen Eñaut Elorrietak: "Mikel Urdangarinen lehen disko bietan parte hartu nuen. Nik gitarra jotzen nuen, eta musikaren ikuspegi desberdin bat edukitzea lortu nuen". Lugarrirekin eta Ken Zazpirekin ez bezala, Mikel Urdangarinekin antzeztokiko atzealdean egoten zen gernikar musikaria, protagonismotik urrun. Bien artean, zein nahiago? "Gitarra joletzat baino, abeslaritzat daukat neure burua »niretzat, gitarra ahotsari laguntzeko da, ez dut beste modu batera ulertzen», eta orduko hura aberasgarria izan bazen ere, gurago dut oraingoa".
Oztopo ugari gaindituta, Ken Zazpi proiektua sendo dabil orain. "1997an sortu genuen taldea, baina hainbat arrazoi zirela eta, ezin izan genuen bost urtetan taldea aurrera eraman. Exkixuko Kepa Arronategi eta biok hor ibili ginen buru-belarri, eta azkenan diskoa grabatzea lortu genuen 2001ean, eta beste bat urte bi geroago". Orain, lanbideak uzten dion heinean, musikaz gozatzen ahaleginduko dela aldarrikatzen du Elorrietak.


Azkenak
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


Samira Belyouaou, amazigera hiztuna
“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


2024-12-13 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


Autonomia, urrats berria

EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.


Eguneraketa berriak daude