argia.eus
INPRIMATU
Historietarako
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Noiz geroztik gara euskaldunak nekazariak? Galdera potoloz janzten ditugu egungo ezinak, baserri modernoaren panoramako ezin metak ikusita, euskaldunak noiz arte izango gara nekazariak? galdetu beharrean... Baserria irtenbide "berriz" betetzeko, ordea, esku artean darabilgunaren historia eta mitoak ezagutzeak aurrera begiratzera lagunduko digula pentsatzen duten horietakoa naiz.

Noiz hasi ginen aleak ereiten? Garagar-irina ezkur-irina baino lehenago erabiltzen genuen, ala ez? Arbia, aza eta baba izan al dira gaztainaren lagun bakarrak duela bi mila urteko dietan? Gaztainondoa erromatarrek ekarri al zuten? Artoaren iraultza ez al da industriarena baino garrantzitsuagoa gure historian? Egia al da gaztaren eta sagardoaren paisaia kulturala dela gure hau? Zer zor dio gure nekazaritzak urtetan eta urtetan etxekoneko izan ditugun arabeei? Egia da, gure lurretan, gure paisaietan historia hori dena idatzita dugu. Baserri autarkiko itxi buruaski bukoliko gozo horren mitoa beste upeleko sagardoa da, are gehiago beste sagardotegiko upela.

Lurrari lotua dena etengabeko krisi batean bizi da. Garai bakoitzean landare berriak ekarriz, lehengoei etekin berriak aurkituz gehienetan iraun eta batzuetan bizi ahal izan da. Artoa, babarruna, piperra, gerezia, garia, mahatsa, tomatea, muxika, arana, patata, kiwia... mundu zabaletako bazter eta zoko guztietatik ekarri eta aukeratze eta egokitze etengabeko baten lekuko dira. Eta etorkizuna ikuskizun: babakoa, kiwaia, soja... nahi duguna, itxaropena, alegia.