argia.eus
INPRIMATU
Manipulazioa
Josemari Velez De Mendizabal 2021eko uztailaren 27a
Manipulazioa. Horixe da hitza eta horixe bera dugu gaitza. Hedabide "orobaliodun"en erresuma ero bezain mundialean gaude galduta, gero eta sentsazio beltzago batek jota. Aitortu behar dut, zinez, nazka eragiten didala informazioaren gaineko manipulazioak. Eta eguneroko egiaztapenak aholkatzen dit hobe nukeela erabateko muzina egingo banie hainbat komunikabideri. Osasunez irabaziko nuke, bederen.

Aukeraketa librean sinesten dut eta ongi eta gaizkiaren artean bereizten banekiela suposatzen nuen. Inozoegi, zalantzarik gabe. M-11 baino lehen iturri askotatik ur lohia iristen zitzaigula garbi zegoen eta hautaketan genuen salba ohola. Horregatik demokraziaren joko arauek erabateko kutsadura hilgarritik libratu gintuzten eta ostera frogatu zen hura dela akatsik gutxien duen sistema politikoa. Bota genuen »zuten» boteretik manipulatzailea. Orain, hurrengo jokaldi maltzurra zein izango ote zain geratu gara. Etorri... etorri egingo dira eta!

Denbora gutxiko beste ustekabe galanta Mirentxu Purroyk eman zidan, ETBko erreportaje batekin. Nire inozotasunean, berriz azpimarratzen dut, sinetsia nengoen lehen astronauta ilargira iritsi zeneko une gogoangarriak zuzen-zuzenean ikusi nituela. Orain zeharo ezabatu didate sentsazio hura, ia-ia heroi iparramerikarrekin batera gure satelitera heldu izanekoa. Eta Mirentxuk, bere etxeko magiarekin, zas!... hura guztia muntaia zinematografiko bat zela kontatu zigun. Agintari iparramerikarren inbentoa izan zen dena! Zenbait gaizkileren asmakuntza propioa, mundua engainatzeko. Urte batzuk geroago, soldadu Ryan emakume-bertsioarekin egin ziguten bezalaxe, Iraken.

Hirugarren kate maila Zumalde "El Cabra"k ekarri dit. Gutariko nork ez zekien oñatiarra mundu pribilegiatu batzuetan aritu dela azken urteotan? Orain, beste esparru berriak jorratu nahian nonbait museistikaren ildoetatik barrena egin bide du, eta berak ongi ezagutu zuen talde armatuaren gaineko erakusketa egonkorra antolatu du, yogurra nonbaitetik atera behar baita. Eskubide guztia du... Baina manipulazioa, gaia dela eta telebistako erreportajea prestatzen lagundu dion Antena 3k eskaini digu. Oraingoan ez didatela ziria sartu esan behar dut aldez aurretik, inozo ez ezik ergel ere banaizela inork pentsa ez dezan.

Antena 3koek ibilaldi bat filmatu zuten Gipuzkoako mendi batzuetan... eta Zumaldek gidatuta: "Es la primera vez que cámaras de TV entran en un zulo, utilizado por 'El Cabra', y en el que nadie ha estado hasta ahora en los últimos treinta años" irudiak eskaini zizkiguten. Lehen planoan, bat batean, Egin egunkariko ale batzuk. Harrapazak! Zero zenbakiak izango ote ziren? Ezen, nik dakidalarik, Egin 1977an jaio zen... Ala ez? Nork erabili du nor? Biek erabili al gaituzte?

Iluntasuna ez da hitz egokia, hedabide askoren erabilera gaiztoa mugatzeko. Ez. Motz geratzen zaigu. Beldurra, txantajea, zaintza inkontrolatu bezain ilegala, isiltasun lazgarria... Dena da erabilgarri kritikei ekiditeko eta boterearen probetxua elikatzeko. Ez dakit berriro itzuli behar ote dugun gizakia izaki gaiztoa dela defendatzen duen teoria jorratzera. Baina errebelatu egiten naiz posibilitate horren aurrean. Nahiago nuke pentsatzea, gaiztoa komunikazioak atzematen dituena dela, komunikabideak bere interesetara maneiatzen dituena, doktrinaren ortodoxia gizartearen txoko guztietara hedatu nahi duena, estatuaren egonkortasuna herrien gogoaren gainetik pasarazten duena, ohiko moral ustelaz hiritar arrunton jantzia prestatzen duena...

"Chi piu sa meno crede" dio italiar errefrau batek, jakitea eta sinistea alderantziz proportzionalak direla adierazteko. Nik ez dakit lehen baino gehiago ote dakidan. Sinetsi, ordea, askoz gutxiago egiten dut. Tamalez. Eta nire ezgaitasun progresiboa, inguratzen gaituzten erreferentzien gaineko manipulazioak eragin du, ziur.