Rita Aldairen hitzok jaso zituen Aizuk: «Garai ilun eta zentsuratu hauetan gelditzen zaigun gauza bakarrenetakoa da kabareta; iraultza da, errepikaezina gainera».
Iñaki Bengoa Bad F-Line taldeko kidea Entzunen: «Gorroto ditugu dj-ak (...) Ez zaizkit batere gustatzen. Saiatu naiz gusta dakizkidan (...) Askotan egon naiz beraiei begira, eta ez dut lortu ulertzerik. Eta ez dakit zergatik den! Agian, sorkuntzaren alderdia ez diodalako ikusten dj bati. Kristoren erritmo zentzua dutela aitortzen dut, baina, gauzak sortzerako orduan...».
Josu Goikoetxeak esanak Zabalik astekarian: «Beti egon dira ‘lehengo bertsolariak bai onak, gaur egungoek ez dute balio’ esango dutenak, baina hori beti izan da, bertsolari gazteak sortu diren bakoitzean. Uste dut maila oso altua dela eta plazetan balio duten bertsolariak baino ez dabiltzala».
Rikardo Arregi Diaz de Herediak zera aitortu zion Geu Gasteizi poesiaren inguruan: «Batzuetan izan daiteke mundutik ihes egiteko modua, baina mundutik ihes egin nahi izate horretan munduan gehiago sartzen zara».