argia.eus
INPRIMATU
Hiruko txikian: Haur jolasak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Omen Lynndie England torturatzailearen izugarrikeriak, Irakeko Abu Ghraibeko kartzelan irakiar presoei eginikoak, munduari itzulia eman argazkietan agertzen den hogeita bat urteko neska horren amaren hitzetan. Haur bihurrien pitokeriak, irudietako biluztu horiek terrorista musulmanak baitira eta ez gizaki, sortzez Jaunaren ezkerrekoak saindu aukeratuak munduko infernura kondenatu nahi dituztenak. Oraingo hau, lehenagoko eskolako lagunekin beltz hura larrutu zutenekoaren antzekoa da, ostiatuaren piuraz haragoko froga formalik ez, eta zuritua izan zen hura bezalakoa. Haur barrabaskeria. Garaiak eta dimentsioak dira aldatu direnak. Beren mundua salbatze aldera gaizkileen zulora joan izan beharrak sortu estresak eragindakoa da Lynndien eta bere lagunen desmasia. Ulertzekoa. Barkatzekoa. Beren inguruetan heroiak. Izan ere, ejertzitoa pribatizatu izan beharraren kontrol ezak horrelako ondorioak ekar ditzake, hogei bat mila mertzenarioen entrepresek hiltzetik bizi behar baitute, hiru mila milioi dolarreko sartzeak lortu, eta ez dago batere erreza zifra hori ekarriko duen gerrarik aurkitzen. Etsaiak bilatzea da komertzial zeregina. Eta aberatsak badira, etekinak ere halakoak, orduan eta hobeak.