argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Alde Zaharrean auzoko hizkuntza ikasi nahian
IƱaki Guridi 2007ko otsailaren 21a
Euren burua aurkezten ikasi zuten lehenik. Zuzen esaten dute euskaraz, izena, adina eta non bizi diren. Hortik aurrera, poliki, jolastuz eta presarik gabe ari dira urratsak ematen. San Frantziskoko eskoletan biltzen dira astearte eta ostegun iluntzetan. Palanka Kultur elkarteak eta GITE-IPES institutuak bultzatutako euskara ikastaroek, astean hiru ordu emanda, ez baitute egun batetik besterako miraririk espero.

Lehenengo ikasleak, orain ia urtebete hasi ziren eskolak jasotzen. Inguruan dauden gizarte mugimendu desberdinen bidez, auzoan zabaldu zen bi elkarte antolatzaileek zuten asmoa eta erantzun ona jaso zuten. Jon Iturriaga Palanka taldeko irakasleak dioenez, "orain urtebete hasi zirenek aurrerakada handia eman dute. Klasean hitz egiteko gai dira, nahiz eta zailtasunak izan. Klasetik kanpo hitz egiten ausartzea zailago egiten zaie".

Gramatikalki beharrezko diren oinarriak jasotzen dituzte ikastaroan izena emanda dauden berrogeita bost ikasleek. Baina hori uneoro praktikara eramatea, hizketarako askatzea da ikastaroa gidatzen duten lau irakasleen helburua; gramatika apur bati ahalik eta probetxu handiena ateratzea.

Blancak, orain urtebetetik eskolak hartzen dituen ikasleak dioenez: "Hitz egitea asko kostatzen da. Ulertu bai, gehiago ulertzen dudala nabari dut. Telebista edo irratia jarri, eta denaz jabetu ez arren, zertaz ari diren behintzat badakit".

Auzo anitza

Gune berezian bizi dira. Gutxi izango dira Euskal Herrian, kanpotik etorritako hainbeste jende biltzen duten auzoak. Iritsi berriekin ez da beti erraza izaten harremanetan sartzea eta nola lagundu ere, ez da askotan jakiten. Ikastaroaren bultzatzaileek, argi ikusi zuten eurek eskain zezaketen onena, bertako kultura eta euskara zirela.

Kanpotik datozenak, gainera, jakin-minez beterik omen datoz. Iban Gortazar, GITE-IPESeko kideak dioenez, "orain hamarkada batzuk zetozenek, Euskal Herria ez zuten herri bezala identifikatzen, zegoen erregimena zegoelako. Gaur egun datozenak, beste konnotazio batekin datoz. Herri desberdina dela somatzen dute, ez dute Espainiarekin lotzen eta horrek jakinmina pizten die". Gainera, errealitate soziolinguistikoa ere aldatu egin da. Bilbo Zaharrean ez da zaila gaur egun euskara entzutea edo karteletan idatzita ikustea. Eurek ere, errealitate horretan parte hartu nahi dute.

Euskara ikasteaz gain, kultura ezagutzea ere ahalbidetzen die ikastaroak. Hainbat kultur adierazpen ezagutzera ematen zaizkie eta mitologiaren inguruko kontuak ere ikasten dituzte. Horrek berak, euskara ikasteko grina areagotu egiten die, herriaren identitateaz jabetzen direlako.

Euskal kulturara gerturatzeko bide horretan, eskoletan sortzen diren harremanek aberastasuna ematen diote auzoari. Poli, Errioxan jaio zen eta erretiroa hartuta dago ia. Bere ikasgelan afrikar jatorriko bi gazte daude eta mirespenez hitz egiten du eurei buruz: "Ikusi egin behar da zer nolako gogoarekin etortzen diren. Nik uste dut, etxean errepasatu egiten dutela eskolan ikasitakoa, denbora gutxian asko aurreratu baitute". Ikastaroagatik izan ez balitz, ziurrenik ez omen zen eurekin harremanetan hasiko eta orain ba omen dauka horretarako aitzakia. "Oso positiboa da guztiontzat".

Giro ona

Jatorri, adin eta kultur desberdintasunen gainetik, bai irakasleak, bai ikasleak, bat datoz eskoletan sortu den giro atsegina azpimarratzerakoan. Jendea beldurrik gabe gerturatzen zaiela diote irakasleek, harrera ona jasotzen dutelako. Ikasleei aldiz, eskolak segitzea erraza egiten omen zaie. Ikastaroa doan izatea ere beste erakarpen puntu bat da. Bilboko Udalak diruz laguntzen du ekimena eta Zabaltzen banatzaileak berriz, dohain ematen die eskola materiala.

Izena emandako ikasleak berrogeita bost diren arren, ez dira beti denak agertzen. Batez beste, hogeita hamar azaltzen dira. Hiru taldetan banatuta daude, daukaten mailaren arabera. Ikasle denak, eskoletan jarraitzeko asmo eta ilusioarekin ageri dira. Gainera, Bilboko beste auzo batzuetara esportatzeko moduko ekimena iruditzen zaie eta erakunde gehiagoren bultzada izatea ere eskertuko lukete.

Palanka Kultur elkarteak eta GITE-IPESek, jasotako erantzuna ikusita eta ikasle gehiago gerturatuko diren esperoan, beste talde bat osatzea espero dute ekaina aurretik, ikasle berrientzat. Orain artekoaren balantzea egitea tokatuko zaie ikasturte amaieran, baina balorazio positiboa aurreikusten da. Datorren ikasturteari begira, daukatena mantentzea nahi lukete.

Bestalde, eskolan ikasitakoa kalean erabiltzera bultzatzeko ekimen gehiago ere egin nahi lituzkete. "Santa Ageda bezperan kantuan atera ginen kalera eta horrelakoetan euskaraz hitz egitera animatu egiten direla ikusten dugu. Horrelako ekintzak zabaldu egin beharko ditugu", dio Jon Iturriaga irakasleak.