Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an
Biziminaren sonetoak
Joan Mari Irigoien
Elkar
78 orrialde
9,90 euro


Joan Mari Irigoienen poemak

Joan Mari Irigoienen azken poema bilduma honetan saminaren atzaparretan aurkitzen da olerkaria hasiera batean, eta bere buruaren jabe izan nahiko luke, baina hain gertatzen zaio xedea helezin...! Gero itxaropentsuago agertzen zaigu, maiteminarenak kantatzerakoan, baina gutxi irauten dio horrek, 2003ko otsailaren 20an gertatutakoek Iñaki Uria eta Egunkariaren kontrako operazioan atxilotutako gainerako guztiei eskainitako sonetoak idaztera behartzen dutelako. Nolanahi ere, esperantzari leiho bat ireki nahi dio, Itoizko Solidarioei eta Irakeko gerrari kantatu aurretik. Gero, Amerikako koadernoa deitu atala dator, eta amaitzeko Ederminarenak kantatzen ditu, horren geziak burua galtzera ere eraman dezakeela ondotxo jakin arren. y

Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian
Batzuen artean
Euskaltzaindia
284 or. / 21euro

Iker-14 (II): Euskal literaturari buruzko ikerketa lanak

Piarres Lafitteren sortzearen mendemuga zela-eta nazioarteko biltzar bat eraman zuten aurrera Euskaltzaindiak eta Baionako Iker-ek »euskal testuei buruzko ikerketa guneak» lankidetzan, Baionako fakultatean, 2001eko irailaren 20 eta 21ean. Biltzar haren gaia Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian izan zen, eta berrogei bat ikerlarik aurkeztu zituzten beren lanak bertan. Bi liburukitan argitaratu dira orain ekarmen horiek. Iker-14 (I) deritzanean, gramatikarekin lotura daukaten lanen bilduma eskaintzen da. Eta Iker-14 (II) honetan XX. mende arteko euskal literaturari buruzko ikerketa lanak daude bildurik. Hamasei dira denera, eta gai oso ezberdinak jorratzen dituzte.

Markos txikiaren problema handia
Gilles Gauthier
Ibaizabal
108 orrialde
8,65 euro

Aita mozkorra izatearen arazoa

Ibaizabal argitaletxeak kaleratu duen kontakizun hau zortzi urtetik aurrerako haurrei dago zuzendua eta mutiko batek aita mozkorra izatearen arazoen gainean dihardu. Ikastolan ez dabil batere ondo mutiko hori, gutxi ikasteaz gain bihurrikeria gehiegi egiten dituelako, eta zeharo nazkatuta dauka bere irakaslea; harengatik ikastolatik kanpo zen Markos aspaldi. Hala ere, zorionez denak ez dira berdinak, eta Markos bezalakoek ere badute nor edo nor bere alde, ikastolako zuzendaria eta bertako beste irakasle bat, kasu, eta denen gainetik istorio guztia kontatzen digun bere lagun handia, Jone neskatila. Gilles Gauthierek sortu eta idatzi eta Pierre-André Deromek marraztutako Markos txikiaren problema handia lana Jose Antonio Sarasolak euskaratu du.

Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen zerbitzua
140 orrialde
7,81 euro

Tantaken 30. zenbakia

Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza aldizkaria den Tantaken 30. zenbakian, euskal hezkuntza sistemari kanpotik begirada bat botatzen dio F. J. Murillok, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi-Metodoen saileko partaideak. Gizartearen aldeko jokabidea, garapen emozionala eta haurren sormena bultzatzeko jolas programak dituzte, berriz, hizpide Maite Garaigordobilek eta Ainhoa Durak. Lanbide heziketaren beharra eta Euskal Herriko kalitate eredua, Jaume Sarramonak. Ikastetxeari aniztasunaren tratamendua hobetzen lagunduko dion eredua, Begoña Martinezek. Testen euskaratzea, Paula Elosuak. Eta Guztiontzako gizartea. Ezintasunak dituzten pertsonen Europako urtea dela eta Amando Vegak eta Pello Aramendik.

Eusqueraren berri onac
Aita Agustin Kardaberaz
Euskaltzaindia
125 orrialde
10,50 euro

Kardaberazen lan baten edizio kritikoa

Aita Agustin Kardaberazen jaiotzaren III. mendeurrena betetzerakoan Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundia, Hernaniko Udala, Deustuko Unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailarekin batera plazaratutako lana dugu Eusqueraren berri onac: eta ondo escribitceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglak.-en edizio kritikoa eta faksimila. 1761ean plazaratu zuen idazle hernaniarrak lan hau, non Larramendik gazteleraz egin zuen bezalaxe, berak euskaraz agerian utzi nahi izan zuen euskara jakintza gaietarako beste edozein hizkuntza bezain egokia dela. Hala, euskara lantzea eta haurrak eskoletan hartan heztea aldarrikatzen du liburu honetan.

Galaxien unibertsoan
Abrisketa, Arregi
Gaiak
167 or. / 16 euro


Unibertsoaren hedapenetik, galaxia kanibaletaraino

Gaiak argitaletxeak kaleratutako liburu honen izenburu zehatza Galaxien unibertsoan (Unibertsoaren hedapenetik, galaxia kanibaletaraino) da eta Juan Inazio Abrisketa eta Manu Arregiren artean izan da osatua. Gaur egungo kosmologiak unibertsoari buruz duen ikuskera orokorra azaltzen da bertan, galaxiak bereziki aztertuz. Zazpi ataletan banaturik dago eta ukitzen dituen gaien artean Hubbleren legea, Einsteinen espazioaren kurbadura eta gure unibertsoaren jatorria bezalakoak daude.

Neurona eta zeurona
Fermin Etxegoien
Pamiela
131orrialde
10,40 euro

Iazko Juan Zelaia sariaren aipamen berezia

Aipamen berezia lortu zuen Fermin Etxegoienen Neurona eta zeurona. Hizkuntza ‘estetika’ bezala lanak iaz saiakera laburrak sustatzea helburu duen Juan Zelaia sariaren laugarren deialdian, epaimahaikoen iritziz hizkuntza hautatzearen auzia estetikaren ikuspegitik aztertuz, eta pertsonal eskarmentu eta gogoetan oinarriturik, ez-ohiko gogoeta-proposamen interesgarri, eraginkor eta ausarta egiten duelako. Saio honetan euskararen indar estetikoaz egiten du hausnarketa Fermin Etxegoienek, bere ustez oraingo mundu garaikidean eremu linguistikoan osasuna batez ere beronek «duen ala ez duen» itxura multiformeari lotua dagoelako. Halaber, euskararen biziraupena kezka existentziala da hemengo batzuentzat, baina ez gehienentzat, eta ondorioz, hizkuntza dela kausa, onartu egiten da euskal izaeraren inguruko erritualizazioa publikoki, baina gero indarrean dauden bi erdaren bidez nagusitzen da hizkuntzarekiko ikuspegi sekularizatua eguneroko bizimoduan, konpromisoaren aldatz gora (euskara) baino esfortzu txikienaren aldatz behera (erdara) hobesten delako, erdara horiek estetika «osatuagoak» eskaintzeko gai diren neurrian.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude