argia.eus
INPRIMATU
Jaiotza gehiago EAEn, baina ama gero eta zaharragoak
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

18.133 jaiotza izan ziren iaz Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, aurreko urtean baino % 2,8 gehiago. 17.853 erditze izan zen, baina horietatik 315 erditze bikoitzak izan ziren, eta 21 hirukoitzak, Eustat-ek, »Euskadiko Estatistika Institutuak» emandako datuen arabera. Lurraldeka, Bizkaian izan zen igoerarik handiena, % 3,7 jaiotza gehiago izan zen; atzetik Araba dator (% 2,3 gehiago) eta azkena Gipuzkoa da (% 1,6 gehiago). Hiru lurraldeen batez bestekoa mila biztanleko 8,8 jaiotzakoa da, 60ko hamarkadan izandako milako 20 jaiotza haiengandik oso urruti. Garai hartan Gipuzkoan izan ziren jaiotza gehien (9,6 1.000 biztanleko), jarraian Araban (8,7 ë) eta azkenik, Bizkaian 8,4 besterik ez. Eustateko datuei begiratuz, ikusten da 1976tik aurrera abiatutako jaiotza kopuruaren beheranzko joera gogorrak 1994. urtean jo zuela hondoa. Eta 1995etik aurrera berriro ere gorantz hasi zela.
Baina horrek esperantzari leiho bat irekitzen dion bezala, bada kezkatzeko moduko daturik ere zifra horietan. Iaz umeak izan zituzten lau emakumetatik ia hiruk 30 urte edo gehiago zituzten. Talde handiena 30-34 urte bitarteko erdiberriena da, eta 35 urtetik gorako emakume-taldea ere handiagoa da 25-29 urte bitartekoa baino. Hori esplikatzeko arrazoiak asko dira: emakumeak garrantzi handiagoa ematen die beste hainbat alorri (lan-kontuak, ikasketak, independentzia ekonomikoa, eta abar.), eta umeak edukitzea planteatzen duenerako garai batean baino urte-mordoska gehiago pasatu dira. Hori ez da berez datu txarra, edonondik begiratzen zaiola ere, emakumeak bere borondatez erabakia baldin bada. Izan ere, gaur egun gero eta gehiago dira benetan desiratuak eta aldez aurretik planifikatuak diren jaiotzak, gaur egungo gizartearen baldintza sozio-ekonomikoei esker, gehienbat.