Badaramatzazu ia zortzi hilabete Jerusalem inguruetan. Aurretik zenuen irudiarekin bat al dator ikusten ari zarena?
Kasu batzuetan bai. Palestinarren artean, batez ere segurtasun harresia dela eta, espero nituen egoera latzak aurkitu ditut. Israeldarren artean ere, beldurra nabari da kasu askotan. Hori espero nuen. Sharonen gobernuak atentatu selektiboren bat egiten duenean, erantzuna espero dute. Iluntzerako, askotan desertua ematen du Jerusalemek, ez da inor ageri kalean.
Baina beste kasu askotan, nuen iritzia, ez dator bat dagoenarekin. Joan aurretik, gatazkan dagoen alde bakoitzaren inguruan iritzi bat duzu, hemen irakurri eta ikusitakoarekin osatu duzuna. Hara joatean konturatzen zara, zure aurreiritzi horiek ez datozela beti errealitatearekin bat.
Informazioa lortzeko bideak zabalik aurkitzen al dituzu?
Israeldarrek, palestinarrek baino antolatuago dute informazio aparatua. Agintarien artean, zaila da informazioa lortzea. Eurek nahi dutena ematen dute. Gainera, badakite Europako komunikabide askok Sharonen politikarekiko jarrera kritikoa dutela eta horregatik ez gaituzte begi onegiz ikusten. Herritar askok ere, Sharon kritikatzen duen oro antisemitatzat hartzen dute. Kanpotarra izanda, arraro begiratzen zaituzte israeldar askok.
Palestinarren artean, agintarien aldetik informazioa eta adierazpenak lortzea errazagoa da. Mukatan mikrofono bat ateraz gero, hitz egiten dute.
Kaleko jendea agintari horiek ordezkatuta sentitzen al da?
Palestinarren artean denetik dago. Batzuentzat Arafat mito bat da, erabat mitifikatuta dute. Beste batzuentzat aldiz, bai Arafat, bai Mukatan dauden guztiak mafioso batzuk dira. Korrupzio zurrumurru handiak daude. Kalean, jende asko kexatzen da eurak miseria gorrian bizi direlako, eta Mukatakoek, euren semeak atzerriko eskoletan dituztelako eta luxuzko etxeetan bizi direlako. Gizarte mailaketa nabarmena da oso. Jendeak ez du ahazten, Abu Mazen Lehen Ministro egin zutenean nola asfaltatu zioten etxetik bulegorako bide guztia. Askok diote agintari berriak behar direla.
Israelen badaude Ariel Sharonen politikaren kontrakoak, baina harrituta utzi izan naute ni, batez ere jende gaztearen artean aurkitu ditudan jarrera askok. Asko entzuten dira Sharon oso ondo ari dela esanez. Salbatzaile moduan dute. Mugimendu kritikorik apenas ikusten dudan.
Urte askotako gatazka da israeldar eta palestinarren artekoa. Orain arteko bake itxaropenak antzuak izan dira. Itxaropena mantentzen al dute?
Ez. Etsita daude bai palestinar bai israeldarrak. Bere txarrean, israeldarrek, atentatuei beldurra dieten arren, bizitza normal antzekoa egiten dute. Tel Aviveko bizimodua, Europako edozein hiriburukoaren oso antzekoa da.
Palestinarrek aldiz, ez dute horrelakorik. Esate baterako, segurtasun harresiaren inguruan geratu direnak, erabat etsita daude. Ikusten dute mundua harresiaren kontra dagoela, baina hala ere ez dela ezer egin. Antolatu diren manifestaldi askok porrot egin dute, jendea ez da joan, ezer ez dutela lortuko pentsatzen dutelako.
Borroka gune batetik, bisita egin berri duzu beste batera. Zerekin topo egin duzu Iraken, inbasiotik urtebete pasa denean?
Ohituta nago Ramala bezalako herriak ikustera, suntsitutako etxeak, kaosa, soldaduak edonon… Hori aurkitu dut, baina oraindik ere nabarmenagoa.
Gainerakoan herritar asko desesperatuta lan bila dabiltza. Kalean, hemengoa nintzela jakin zutenean, neuri ere etorri zitzaizkidan lan eske Repsolen kontakturen bat ote nuen galdezka. Dirua lortzeko edozer egiten dute. Amanetik Bagdadera eraman ninduen taxistak, 500 tabako pakete zeramatzan kontrabandoan.
Sadam kendu diete eta hasi dira askatasuna zer izan daitekeen ikusten. Lehen ezin zuten hitz egin. Orain bai. Baina bestalde, indar okupatzaileak hor daudela ikusten dute, atzerritarrek hartzen dituztela eurei dagozkien erabakiak.
Arrisku egoera nola neurtzen du kazetariak horrelako egoera batean? Beldurrik pasatu al duzu?
Telebistan dirudien baino arrisku gutxiago dago. Iraken beldur uneak izan dira: Hotelean leherketak entzun eta hurrengoa non izan daitekeen ez dakizunean edo errepidean 20 metrora dagoen konboi estatubatuarra lehertzean.
Jerusalemen, gutxiago. Neurriak ere hartzen dituzu: ez naiz autobusetan sartzen, kafetegiren batean bagaude sarreran jartzen gara nor sartzen den ikusteko…