argia.eus
INPRIMATU
Creutzwald
Itxaro Borda 2021eko uztailaren 27a
Datorren ostiralean, behin betiko hertsiko da Lorena eskualdeko La Houve deituriko ikatz-putzua, Creutzwald herrian. Gaiak ez bide du euskaldun irakurlea funtsean interesatuko, baina egunero telebistan agertzen diren »azkena ospatzeko? ohoratzeko? zokoratzeko?» erreportajetako begitarte beltzen duintasun sakonak hunkitzen nauela aitor dut. La Houveko putzua zerratuko da, Frantziako ikatz ekoizpenaren epopeia luzea giltzarrapoz gakotuz.
Oroit gaitezen hala ere ikatz meategiek Historia zedarritu zutela: Emile Zolaren Germinal, Iparraldeko zuloen auzunean gertatzen zen, Joan Jaures Okzitaniako Carmaux herriko diputatu hautu zuten, Richard Llewellynn galesaren Zein berdea zen neure arana nobelak bihotzak inarrosi zizkigun, laster hamar kide berriz emendatuko den Europaren oinarrian CECA »altzairua eta ikatzaren europar batasuna, alegia» bermatzen zen garai berdinean. Ondotik, jakile mikatz, ikusi dugu siderurgia, metalurgia eta ikazkintza industrialaren hedapena murrizten, desagertzeraino.
Greba gogorrak eraman ziren laurogeiko hamarkadan, Ingalaterran, Lorenan, Okzitanian, Flandrian eta gutarik hurbilago, Bilbo ezkerraldean: globalizazioaren izenean, milaka eta milaka xinaurri-arpegi-ilun, lanaz desjabetuak izan ziren.
Olentzero ote da geratuko orain ikazkintzaren lekuko bakar?