Giro berezia sortu dute Miarritzeko Sainte-Eugénie elizako kriptan: argirik apenas, hormak oihal beltzez estaliak eta beiraz babesturik, brontzezko 45 bat eskultura txiki. Misterio eta intimitate giroak bisitaria ahapeka hitz egitera bultzatzen du, zerbait sakratuaren aurrean balego bezala.
Entre Ombre et Lumière (Itzal eta argi artean) izena eman diote Camille Claudel eskultore frantsesari eskainitako erakusketari, bere bizitza ere horrelaxe igaro baitzen. Uztailaren 14a arte izango dira ikusgai emakume eta eskultore izan nahi izateagatik bazterrean utzi zuten artistaren lanak .
Erakusketan aurkeztutako artelan guztiak Reine Marie Parisenak (Camille Claudelen iloba) dira eta Gérard Bouté izan da komisario lanak egin dituena. Aipatu eskulturez gain, kriptako sarreran, tamaina handian, Camillek berak idatzitako zenbait eskutitz ikus ditzakegu (frantsesez soilik), eta baita, Dominik Rimbaultek egindako
Camille Claudel dokumentala eta artistak berak egindako zenbait margolan ere.
Oztopoz betetako bizitza
Miarritzera hurbilduz gero, Camille Claudelen obraren bilakaera osoa ikusteko aukera izango dugu, eta ibilbide horrek, zorigaiztoko bizitza baten zantzuak erakutsiko dizkigu. 1881etik 1905 arte »gaixotu baina zenbait urte lehenago» egindako lanak hartzen ditu erakusketak. Hunkigarri dira guztiak, txikiak, xumeki argiztatuak eta karga dramatiko handia dutenak.
Egungo begiekin begiratuta, zail da irudikatzen zer nolako oztopoak gainditu behar izango zituen eta zenbateraino borrokatu behar izango zuen desio zuen hura egiten utz ziezaioten. Gainontzeko artistentzat, gizonezkoentzat, garrantzirik gabeko kontuak zirenak, izugarrizko traba ziren emakume batentzat. Esate baterako, nola lortu modeloak eskultura biluziak lantzeko? Edo modeloak lortuz gero, nola aurkeztu emakume batek egindako eskultura biluziak jendaurrean?
Bere lehenengo irakaslea Alfred Boucher izan zen. 1883an Auguste Rodin ezagutzeko aukera izan zuen, honek 43 urte zituela, eta denbora laburrean bere lantokian hasi zen lanean. Ez zen, hala ere, denbora askoz izan ikasle soil, maisua berehala ohartu baitzen 19 urte besterik ez zituen neskatoak dohain berezia zuela eskulturarako. Bataren zein bestearen lanean eta bizitzan eragin handia izango zuen pasioz betetako maitasun eta miresmen harremana hasi zen orduan.
Rodin handiarengana hurbiltzeak dezente erraztu zion bidea, baina sekula gaindituko ez zituen trabak ere ezarri zizkion. Eskultore baino, Rodinen ikasle eta maitalea besterik ez zen jende gehienarentzat, gaur egun gertatzen den bezalaxe. Nola onartu emakume bat maisu handiaren mailako lanak egiteko gai zenik? Nola onartu emakume baten eskulturek argi-jokoak eta mugimendua beste inorenak baino modu errealagoan islatzea, maisu handiaren esku-hartzerik gabe?
Etengabe Rodinen aipamenak entzun beharrak ito egin zuen azkenean. Hamar bat urteren buruan, bien arteko harremana hautsi egin zen eta maitasun sutsua izandakoa gorroto bizi bilakatu. Rodinen ospe itzela medio bera bazterrean utzi izana leporatzen zion maitale izandakoari. Ez zuen inoren babesik nahi, zegokion mailako eskultore bezala onar zezatela soilik. Emakumea, bai, baina artista ere bazen. Azkenean, argilunetan emandako bizitza erabateko itzalean amaitu zen, buruko gaixotasunak jota omen zegoela eta, azken 30 urteak eroetxe batean sarturik igaro behar izan baitzituen, inoren bisitarik jaso gabe eta eskulturarik egiteko aukerarik gabe.
Eskulturak, bizitzaren ispilu
Miarritzen ikusgai dauden eskulturek harreman estua dute Camille Claudelen bizitzarekin. Rodin ezagutu aurretiko lanekin hasten da erakusketa. Garai hartakoak ditugu Diane eta
La Vieille Hélène lanak, adibidez. Azken hau etxean neskame lanetan aritzen zen adineko emakumearen irudi goxoa da, 17 urte besterik ez zituenean egina. Erakusketan aurrera joan ahala nabarmena da lanen bilakaera. Pixkanaka, hutsuneen trataerak, mugimenduaren errepresentazioak, argilun jokoak geroz eta kalitate eta espresibitate handiagoa dute. Gaiak ere aldatzen doazela ikusiko dugu, gazte garaiko xalotasunetik abiatuta, bizitzaren kolpeak jaso ahala, eskulturek ere gai tragikoak islatuko dituzte: maitemina, bakardadea, zahartzaroa, heriotza eta abar.
Rodinen tailerrean lanean ari zela, honi eskatutako zenbait lanetan parte hartu zuen Claudelek, besteak beste,
Les Portes de l'Enfern edo
Les Bourgoises de Calais ospetsuetan. Azken lan hau prestatzeko egin zuen erakusketan dagoen
Étude pour un bourgeois de Calais. Bi artista handien arteko harremana zinez estua izan zen eta hori argi ikusten da artelanetan. Hala ere, ezberdintasunak ere nabariak dira, batez ere argiaren erabileran eta masa eta hutsuneen harremanean. Horren adierazgarri
La France Rodinek egindako brontzea eta Claudelek egindako Rodinen irudia alboan kokatu dituzte, ikusleak pareka ditzan.
Claudelek sortutako lanik ospetsuenetakoa
La Valse da. 1892 inguruan sortutako eskulturaren lau ale dauzkagu bertan, elkarren jarraian eta ispiluz inguraturik ipiniak. Bikote bat ageri da, biluzik, dantzan. Biluztasuna naturalegia eta gordinegia zela-eta arazoak izan zituen Claudelek lan hau erakusterakoan, baina, hala ere, zenbaitek onartu zuen maila handiko lana zela, aurretik beste inork ez bezala lortu baitzuen mugimendua irudikatzea.
Azken lan honek bezalaxe, erakusketan aurkezten zaizkigun brontze zenbaitek dramatismo handiko irudiak eskaintzen dizkigute.
L'Age m»r,
L'Implorante,
... lanek, Rodinekin bizitako garai gorabeheratsuak dakarzkigute gogora. Badira, ordea, eskultura goxoagoak ere,La Petite Châtelaine, L'Aurore eta, bereziki, Les Causeuses. Lau emakume ageri dira azken lan honetan, biluzik, borobilean eserita, elkarri kontu kontari. Intimitate eta sentiberatasun handia islatzen duen lana da, goxoa. Arrakasta izan zuen bere garaian, aurrez egindako ezerekin pareka ezina omen zelako.
Kritika onak jaso arren, ez zuen apenas eskulturak egiteko eskaririk jasotzen. 1898an Rodinekin harremana eten zenez geroztik bazterturik bizi izan zen, ia miserian. Osasunez ere gero eta okerrago zegoen. Tailerrean sartuta, etengabe lanean aritzen zen, baina eskulturak sortu ahala desegin egiten zituen, inork kenduko zizkion beldurrez.
Rodinenganako gorroto biziak gaixotu egin zuen azkenean eta 1913an bere ama eta anaiaren eskariz, eroetxera eraman zuten. Bertan iraun zuen, bakarrik, 1943ko urrian hil arte.