argia.eus
INPRIMATU
Baso-eguerdililia
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Balerdi eta Txindoki zorrotzen arteko balkoi dotoreen beheko barreneko Zabalki gainean, iturri baten ondoan bazkatzen den behor saldo ielduan, bi hilabetez ukuiluan larrua indarrez betetzen, zain eta zain, izan den zaldia sartzearen espektakulu harrigarriaren lekuko txundituak izan berri gara. Urtean behingo erritoa, animismoaren gorazarre...
Udaberriaren katena nabaria da goi lautadetarako azken koskan. Hamar egun dira azken elurtea erabat lurmendu denetik eta urtearen gozoa beheetan baino motzago, datorren udazkeneko elurteak konturatzerako gainean, loraldia lehertua da. Elorri beltzak zuritu dira. Beheraxeago, Bedaion, goikoen lehengusuek harro erakusten dituzte, dagoenerako, fruitu koxkor berriak. Baldin eta heltzen uzten badiete, berriz ere patxaran gozo-arraioak zoratuko du bateren bat. Elorri zuriek loreen izara destolestuko duen hostotza zabaldua dute. Edena medio abereek jaten ez dutenez, lotsagabe edertzen ditu larreak lore berdez otsababak. Ireki behar duten guardasolaren lore-sarearen begiak puztuta dituzte lizarrek, beltz-beltz. Bioletak eta gibel-belarrak ubel eta moreen aukera osatzen dute.
Elurraren agurretik hamar egunetara natura lehertu da, behorrak eta geu bezala. Barrutiko harkaitz baten ondoan eguerdilili (Anemona nemorosa) xorta bat ageri da, denen altzoan lehen lorea harro erakusten dute. Fina, xaloa... poz ederra eman dit.
Behean, beroen atariko, sagarrondoak loratzera emanak dira.