Mandubiako bentaren atzealdean dagoen aparkaleku handian utzi dugu autoa eta bertan ekin diogu ibilaldiari (530m). Ekialderantz, GR-34 ibilbideko arrasto zuri-gorriez seinalatutako gurdibidea hartu dugu, ataka bat igaroz, alde banatara belardi ederrak ditugula. Metro gutxiren buruan, bigarren ataka pasa ondoren, pinudian barneratzen da bidea, maldan gora. Bide ertzean dagoen borda pasa eta berehala, Trikuazti I eta II tumuloak ikusteko geldialditxo bat egin ondotik, Antzintxurdiko muinoa inguratzen duen bide nagusiari jarraitu diogu berriro, denbora gutxian, lan handirik gabe, San Gregorio baselizara iristeko (620m). Bertan patxadaz gelditzeko gonbita egiten duen leku horietakoa da, ermita zaharra baina eraberritua, atarian mahai pare bat dituela, eta noski, iturri xarmant bat aldamenean. Garai batean, inguruko herrietako biztanleek debozio handia zioten nonbait. Oraindik gogoan dago aurreko mendean gertatutakoa: izurrite bat zela medio, 30 pertsona baino gehiago hil ziren eta horien artean orduan herriko parrokoa zen On Pedro Eizagirre. Zendutakoen gorpuak ermita barruan lurperatu zituzten eta handik urte batzuetara gorpuzkinak hilerrira eramaten hasi zirenean, parrokoaren gorpua oraindik usteldu gabe omen zegoen.
Urruneko kuku baten deiak entzuten gelditu gara hemen, bakarrik, astegun bateko arratsalde baketsua baita. Asteburua izanez gero, agian ez duzu ez kukurik ez ardien zintzarririk entzuteko aukerarik izango, orduan beharbada mendiko motoekin egingo duzu topo...
Ekarritako norabide berean segi dugu aurrera, zeharo lokaztutako pista zabal batetik gora. Tarte honetan seinale zuri-gorriak galduta daude: behin, jendeak mendi-bideak erabil zitzan margotu ziren, eta halako batean makinek pista berri bat ireki eta kito: akabo seinaleak eta okerragoa dena, agur mendi-bideari... Lepo txiki batetik igaro eta gora segi dugu, beti basoan zehar. Azkenean basotik atera eta Larrarte lepoa begietsi dugu gure azpian. Belaze zabaletatik behera jaitsi gara bertaraino (690m). Trikuharri seinalatua dago bertan, borda eta metro batzuk haratago ganaduarentzako eraikin handi bat.
Norabide berean jarraitu dugu oinez, oraingoan gorantz, Arrapaitz eta Eizeta tontorren artean Herripinudi gisa ezagutzen den parajera iristeko. Bertan Beasain eta Ordiziatik datozen bideak elkartu zaizkigu. Arrapaitz iturriaren ondotik pasa ondoren, Murumendiren gailurraren pean gaudela, pintura arrastoak ezkerrera utzi eta azken malda belartsuetan gora tontorreraino igo gara. Murumendi (859m), Anboto, Aketegi eta Putxerrirekin batera Mari jainkosaren egoitzetako bat da mitologiaren arabera. Ohiko buzoiaz eta oroigarri batzuez gainera, alde guztietara ikusten diren tontorrak azaltzen dituen orientazio mahaia topatu dugu bertan, asko ikusten baitira: Aizkorri, Aralar, Ernio, Izarraitz, Izaspi, Irimo, Anboto… Askoren artean horiek dira nabarmentzen direnak.
Pagorriaga aldera zuzentzen den tontor-lerroan behera jaisten hasi gara, hasieran bide garbirik gabe baina eroso, tarteka bidezidor bati jarraituz, azkenik pista batetik. Bidean haitz bertikal ikusgarri baten ondotik pasa gara, eta beti maldan behera, Pagorriaga baserrira heldu (670m). Orain urte gutxi arte abandonatuta zegoen leku bakarti honetaraino porlanezko pista bat heltzen da orain Santa Agedatik, eta orein granja bat jarri dute, inguru guztia txukuntzearekin batera. Sartzeko sarrera ordaindu beharra dago ordea.
Baserriaren azpialdetik pasatzen den pistatik jaisten segi dugu, eta horrela heldu ahal izan gara Endriokorta izeneko baserri hutsera (560m). Azken malda gora gogorrari ekin diogu orduan, Txarabeltz edo Atxabal izenez ezagutzen den tontor basatia igo asmoz. Hasieran bide garbiari jarraituz, azkenean ahal bezala haitz eta elorrien artetik, gailurreko gurutzea eta perretxiko itxurako buzoia dauden lekura heldu gara (690m). Ez dago ikuspegi zabalik ezta mugitzeko leku handirik ere, beraz geldialditxo bat egin eta beherako bidea hartu dugu. Adi hemen, Matxinbentarantz jaisteko ezin baita zuzenean mendebaldeko malkarretatik jaitsi; etorritako bidetik Endriokortara itzuli eta handik behera abiatzen den pistatik baizik. Basoan behera, errekaren beste aldean Oto baserriak ditugula, bailarara gerturatzen joan gara apurka. Laster agertu dira beheko baserrien inguruko larre eta baratzeak, eta azkenik errepidera heldu gara, duela ez asko erre den Enrio baserriaren ondora. Errepidean behera, laurehun metroren buruan Matxinbenta auzora iritsi gara (250m).
MANDUBIAKO MENDATEA ETA MATXINBENTA
Mandubiako benta
Itsaso herri gipuzkoarrari dagokion arren, Mandubiako benta Beasain eta Ezkio-Itsaso udalen arteko mugalerroan dago lekutua, Azpeitia-Beasain errepideak bi bailara banatzeko gainditu behar duen mendate kaskoan, hain zuzen ere. Iparralderantz Ibaieder arroak Nuarbe eta Urrestillan barrena Azpeitirantz garamatza, hegoaldera, aldiz, eta Arriaran urtegian behera, Beasaingo Salbatore auzora. Benta kokatua dagoen lepoa bidegurutze nagusi bat zen antzina; batez ere ganaduaren eta tratularien igaro-leku zen. Ferra-toki bat ere ikus daiteke, garai-bateko ganadu garraioaren lekuko. Benta gehienetan bezalaxe, jatekoa eta lotarako tokia ere eskaintzen zuen. Betidanik ezagutu da benta moduan: orain, bertan dagoen familiak, 200 bat urte darama lehengo zerbitzu bera eskaintzen, baina noski, garai berrietara egokituta: gaur egun jatetxea da eta nekazalturismo etxea ere bada, lotarako bi logelekin.
Matxinbenta
Gezurra badirudi ere, Ibaieder arroko auzune txiki hau, hiru udalen arteko muga da, hots, Beasain, Azpeiti eta Ezkio-Itsasoko udalek hemen egiten dute bat. Honela, etxe gutxi izan arren, batzuk Azpeitikoak dira, besteak Beasaingoak eta beste gutxi batzuk Itsasokoak. Dena den, bertakoen esanetan, paper kontuetarako ez bada, Azpeitirantz jotzeko joera dute, hau baitago hiruetatik gertuen. Baina nondik dator Matxinbenta izena? Bertakoek ere ez dute batere garbi. Matxin delako batek bazter honetan benta bat izan ote zuen diote batzuek, baina hori zalantzan jartzen dute besteek. Gauza ziurra dena honakoa da: bertako baserri batek Benta Zaharra izena daramala eta honek, aspaldi bada ere, garai batean benta izan zela adierazten du. Egun ordea, hutsa dago, inguruko baserri asko bezala. Bizirik dirauten biztanleak gainera, adinean gora doaz. Baserriko lana bizibide dutenak, hots, famili-esplotazio moduan, are gutxiago dira. Honek etxe huts asko asteburuko bigarren etxebizitza bilakatzea ekarri du.
Bestalde, Gipuzkoa erdialdeko mendi hauek guztiak, Aratz izenaz ezagutu ziren aspaldian eta paraje hauek zehazki Aratz-Matxinbenta gisa. Aratz izena galdu bada ere, ondoko bailarak oraindik gordetzen du izen hori, Aratz Erreka gisa ezagutzen baita.