Pagaditik Tartaloren ubidera

  • Gipuzkoako gailur nagusiaren altzoan geratu gara gaurkoan. Otzaurteko parajeetan San Adriango pasabidea igarotzea ohitura bada ere, aldapari ihes eginda, hiru ordu eta erdiko ibilaldi goxo bat proposatzen dugu ordekan. Zegamako lur eremuetan joan-etorrian, gizakiak egindako xarmaz betetako ubidean egingo dugu itzulera, Tartaloren begiradapean.
Tartalo euskal mitologiako pertsonaia beldurgarriena da. Kopetan begi bakar bat duen ziklope gizajalea. Artzain edo trikuharrigile gisa azaldu ohi da. Bere tamaina, zegamar bati jasotako ipuin honetan ikus daitekeen bezala, izugarria zen. Horrela kontatu zion Migel Urbizurik, 1980an Xabier Azurmendiri, Zegamako hizkeran (beheko taulan).

Tartaloren lur-eremua ezagutzeko asmoz irten, beraz. Errepidea utzi eta hormigoizko pista hartuko du automobilak. Hormigoia bukatzen den tokian utziko dugu autoa, mendi-aterpetik gertuen. Langa pasa eta eskuinari heldu ostean San Adriango mendi-aterpean gaude zazpi minututan. Bertatik, hain ezaguna den San Adriango pasabidea ikusten da. Ezkerretara Aratz mendia. Guk gora jarraituko dugu eta 15 minututan XVI. mendean berreraiki omen zuten Sancti Spiritu ermitan gaude.

Ermitako gainaren ondoren beherantz goazela, urrutian, Kurutze Berriko harkaitza eta atzean San Donato eta Aralar ere ikusiko ditugu, eguraldi ona lagun.

Ordu-erditxo bat daramagularik, Txindokiri begira, marra horiak ezker eskuin azaldu zaizkigu. Eskuinekoek, harkaitz batean egonik, Santiagorako bidea erakusten digute eta guk, momentuz, hauek hartuko ditugu ondoren dagoen bidezidorrarekin bat egin asmoz. Aldapan beherantz goazela ezkerretara bi borda utziko ditugu, bata berria eta bestea zaharra. Ordu-erdi pasatxoan, beheranzko zatia bost minutukoa izanik, bidegurutze batera iritsiko gara. Bertan, harrizko hesi bat eta mugarri bat daude eta aurrean txabola bat. GR-70 edo PR-70 jarraituz, ezkerretara hartuko dugu. Hemendik aurrera harkaitzeko zein zuhaitzetako marra zuri-horiak izango ditugu, puska batean behintzat, bidelagun.

Udaberriaren deiari jarraiki, hostotzen ikusi dugu alertzea. Euskal Herrian dagoen koniferoetako bat da berau, eta bakarra bere azikulak neguan galtzen dituena.

Bidegurutzeetan marrak, seinaleak, izango ditugu gidari. Aldapatxoren bat baldin badago ere, leun goaz, arin, arnasa larritu gabe. Borda zegoen lekuan ezkerrera gorantz, bi pago dauden bidegurutzean ondotik pasa eta eskuinera... Goroldioak jantzita daukan pagadi batekin egingo dugu topo berrogeita hamar minutu barru. Gozagarri da begiratzea, urteek mendean hartu ez dituzten zuhaitzon forma berezia.

Ordu eta erdira kontuan hartu beharreko bidegurutze bat dago. Seinaleek aurrera jarraitzeko esaten badigute ere, ibilbidearen itzulera hartuko dugu. Horretarako, ezkerreko harrizko hesi baten barruan dagoen borda bat hartuko dugu erreferentzia. Esan bezala, PR seinaleak utzi eta eskuinera, behera, hartuko dugu, bertan, bost minutura, borda batekin topo egin arte. Hesia pasako dugu, eta borda ondoko zelaian behera egingo dugu, ur kanalarekin topo egin arte.

Garai batean kurioso lan egindako eraikuntza hauekin bat egitea gustagarri izan zaigu. Auskalo zein urtetan! Auskalo nork! Auskalo zenbat denboran! Gaur egun, hala ere, paisaiaren parte bihurtu dira. Naturak bere egin ditu, nahiz eta, ubideen komunitate biologikoa ibaietakoa baino txikiagoa izan. Gaur ez zaio arrotz inguruari, xarmangarri baizik. Ura leku batetik bestera eramateko eraikia. Emari txikia duen ubidea da Zegamako hau.

Ubidearen ondoan eroso goaz, aldaparik gabe eta forma bereziei so. Ibilbideko ur-jauzi hanpatuari azeri buztana deitzen omen diote. Erdi parean ubidea handitu egiten da, etxe bat aldamenean duela. Agian, legendak kontatzen duen putzua izango da!

Bi anaia, bidaia luze batetik itzuliz Zegamara zetozela mendian galdu ziren. Ibili eta ibili egin ondoren, gaua nonbait igaro behar eta, han inguruan ikusi zuten leize batean sartu ziren.

Geroxeago, Tartalo azaldu zen bere ardiekin eta, leizean sartu ondoren, harri handi batekin estali zuen sarrera. Bi anaiak han zeudela konturatu zenean, begi bakar beldurgarri hura haiengana zuzenduz, bata gaurko eta bestea biharko zela adierazi zien. Anaia zaharrena heldu, burruntzi bat alderik alde sartu eta sutan jarri omen zuen. Ondoren anaia gaztearen begi izutuen aurrean jan egin omen zuen. Lotaratu baino lehen, eraztun hiztun bat hartu eta mutilari sartu zion hatzean. Eraztunak erantzun egiten zuen non zegoen galdetuta.

Tartalok lo hartu zuenean gaztea zer egin ez zekiela bazegoen ere, ia-ia etsirik, hara-hona ibili zen leize barruan zirrikituren baten bila, baina leize hark irteera bakarra zuen eta berak bakarrik ezin mugi zezakeen harri handi batez estalita zegoen.

Azkenean sekulako burutapena izan zuen. Burruntzia hartu, sutan berotu eta bere begi bakarrean sartu zion Tartalori. Erraldoiak, oihu ikaragarri bat eginez, burruntzia atera zuen.

Tartalo, bere onetik aterata, gaztearen bila hasi zen itsumustuan; hura ez zegoen, ordea, lo; batetik bestera zebilen, erraldoiaren atzaparkadetatik ihesi. Ardien eta larruen artean topatu ez zuenean, sarrerako haitza mugitu eta ardi guztiak, banan-banan, bere hanka artetik pasarazi zituen. Mutila ere haien artean atera zen, ardi larru batean bildua. Bere burua kanpoan ikusi zuenean, korrikari eman zion.

Bere harrapakinak ihes egin ziola konturatu zenean, Tartalo eraztunaz gogoratu zen eta deika hasi zitzaion. Eraztunak erantzuten ziola ikustean, mutil gazteak Tartaloren hatsa gero eta gertuago zuela sumatzen zuen, erraldoiaren pauso bakoitza mutil gizajoaren hamar adina baitzen. Ahaleginak egin zituen eraztuna hatzetik ateratzeko, baina alferrik zenez, laban txiki bat hartu eta behatza moztea beste irtenbiderik ez zuen ikusi. Eraztun eta guzti hatza inguruko putzu batera bota zuen.

Eraztunak putzuaren hondotik ere erantzun egiten zionez, Tartalo, lurralde hura guztia ikaratua zuen mamutzar gizajale hura, putzura erori eta bertan ito zen. Harrezkero, haren leinukorik ez da gehiago azaldu Zegaman.

Guk, Tartaloren arrastoak desagertutzat eman badira ere, begi biak zabalik eraman ditugu ibilbide osoan. Aurrera goazelarik mendiaren isiltasuna, garai batean esaten zuten bezala, tximist-gurdiaren burrunbak hautsi du. Trena zamari.

Hasi ginenetik hiru ordu betetzeko 10 minutu falta direlarik ubidea utzi behar dugu. Behetik datorren bidea hartuko dugu kanala utzita. Seinale hori-zuriak aurkituko ditugu hemendik aurrera (PR 69). Hamar minututan, ostera, bidegurutze batean egongo gara. Otzaurtera 5.300 km daudela jartzen du. PR 70a hartuko dugu. Gutxira, kanadar langa izenekoa igaroko dugu, behiak ez pasatzeko egina dagoena. Aldaola parajean gaude. Hormigoizko bidea aurrean geratu arren, guk gora egingo dugu San Adriango mendi-aterpera iristeko. Bertatik autora jaitsiko gara hiru ordu eta erdiko bidea osatuta.

Joan-etorri lasaia izan da. Maiatzaren 23an, parajeotan, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren III. ekitaldia egingo da. Ziur gaude ez direla gu bezain trankil ibiliko.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude