argia.eus
INPRIMATU
Osasunaz
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 16a
Lepo, pazko egunaren arratsa. Ezpeletatik itzulia egin ondoan, Iruñean Eztabaidaren Foroak egin aurkezpenaren berriaz batera, Canal plusak ekarri zigun errematea. Hiru aldiz. Gorriek zuriak menderatu. Denboraldia hasi aurretik guztia irabazi behar zutenak, krisiak jota utzi dituzte maila ez galtzeaz konformatzen zirenek, aurtengo Aberri Egunari martxoaren hamalauaren antza emanez.
Orduan peperoak bezala, orain florentinoak dabiltza asmatu ezinik, ustez kontrolpean zuten orotik zerk huts egin dien, zertan eta non sartu ote duten hanka argitu gabe. Eta hasia zaie barne egitura oldartzen. Astero, publikoki bere azterketa pasa behar izaten duten futbolariek, porrotaren mikatza irentsi behar izaten duten horiek, erabakietan kontsultatuak izatea aldarrikatu dute. Eta agintariak haserre. Iruñea aldean Del Burgo gazteak "cesarismoa" aipatu du peperoen porrotaren arrazoitzat. Autokritika eskatzen du. Barne-demokrazia.
Nago, oso leku desegokitan dabiltzala batzuk eta besteak normaltasuna galdetzeko orduan. Ez zutela oso toki normaletara jo beren karrerak zuzentzeko orduan alegia. Eta nahiz horren bila ez abiatu, galtzen ohituak poza hartzen dugula etsaien istripuekin, horien ondorioak gureekin alderatuta deus gutxi direla jakitun.