argia.eus
INPRIMATU
Kukuprakak taupadak bizkor
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Inpernuko errota baten krakateko-taupaden mugarrietan, jazten ari diren harizti ederren zelatan nabil. Soineko urdinaren pean azpiko gona gorria, suzkoa, darama urte osoz akabatu arte antzutuko ez den haritz birbirilamonak. Gu konturatzerako lotuko duen soineko urdin hori, udazkenean, neguko loaldirako eranztean azalduko duen azpiko gona suzkoa, gorria, janzten ari da oraintxe, izerdi-taupadak bor-bor.
Hariztiak itzaltzen ez duen uneetan indarrean dator kukupraka bilotsuen familia ugaria. Maiatza txarraren armonia baldin badabil ere, orduan loratzen hasiko dira metro bete baino luzeagoak ere egingo diren zorten luzeak. Titare antza dute lore purpurek, hortik izena: Digitalis purpurea. Neure bor-borra, garai honetan katartikoa, kukuprakak erotzen du. Luberri zalea izaki, inpernu alde gozo hartako lurretik erraz askatu ditut eta eromen horren gozamena luzatzeko etxeko atari-aurrean landatu.
Kukupraka Europan gehien erabili izan diren sendabelarren koadrilakoa da. Bere bizilekuen txikizioa eragiten dugun milaka eta milaka gizakien bizia salbatu du. Bihotza tonifikatzen du, noiznahiko bor-borraren desorekak bere onera eramaten ditu. Ondroso hartu gabe ere dosi tiki-tikia gaindituz gero, desoreka eraman ezina egiten du eta milaka eraildako pozoindu ditu. 10 gramo hosto mendrenak lagun handienaren gorputzari lur emango lioke. Behatza eman eta bihotza hartu.