argia.eus
INPRIMATU
Jasone Osoro: «Oskarrek lehenaldiarekin duen lotura da Greta manikia»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a

Zer adierazi nahi izan duzu nobela honekin?
Bakoitzak bizitza ulertzeko modu bat daukagula, eta hori batzuetan kanpotik ez dela ulertzen edo arraro ikusten dela. Eta nola badirudien arraro den oro ez dela ona, edo ez dela normala, bada, beti hasten gara haren esanahiren bat topatu nahian, baina horrek ez du esan nahi bestea benetakoa ez denik. Hori pasatzen zaio Oskarri, nobelako protagonistetako bati. Eta baita bere andregaia Anari ere, zeren Anak ulertu nahi du Oskarrek zer harreman daukan Greta manikiarekin, baina era berean berari min egiten dion harreman bat da hori.

Nola islatzen da narrazioan hori guztia?
Azken batean sentimenduak, barne-borrokak daude, eguneroko bizitzan sortzen diren hainbat oztopo, askotan aurrera egitea eragozten digutenak. Hortaz hitz egiten du manikiak, zeren Greta maniki bat da, baina sinbolo bat ere bai, pertsonaietako bakoitzak hainbat lotura dituelako lehenaldiarekin, eta Oskarren lotura hori maniki bat da.

Nor dugu Oskar?
Peter Pan moduko bat. Ez du hazi nahi, hazteak beldurra ematen diolako eta haurtzarotik hutsune batzuk dauzkalako, garrantzitsuena bere amarena, eta bere amaren hutsune hori maniki batekin bete du berak. Oskarren ikuspegia koldarragoa da, nahiz beste alde batetik oso normala ere baden, denok ditugun beldurrak eta zalantzak dituelako, eta horiek argitu behar ditu benetan zer nahi duen jakiteko. Eta ekiten duen bidaia fisikoa bere burua ezagutzeko egingo duen bidaia da.