argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 19a

Elkartasun Jaialdia Nikaraguaren alde

Hamasei musikari bilduko dira apirilaren 24an Bilboko lehengo Erakustazokan Gure kreditua merezi dute Elkartasun Jaialdian. PTM-mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, Nikaraguarako mikrokreditoentzako dirua biltzea izango da egitasmoaren helburua. Bertan parte hartuko duten talde eta bakarlariak, besteak beste, La Cabra mecánica, Ismael Serrano, Kepa Junkera, Inma Serrano, Gorka Benitez, Juan de Diego, Mikel Urdangarin, Gatibu eta Idi Bihotz izango dira. Kontzertuak 19:00etatik aurrera izango diren arren, haurrentzako antzerkia, dantza eta ipuin kontaketak izango dira goizeko 11:00etatik. Bestetik, goizeko lehenengo orduetan lehengo Erakustazokaren eraikinera hurbiltzen direnek Hego Amerikako produktuak dastatzeko aukera izango dute.


Euskal Pen Kluba abian

Liburuaren egunean, apirilaren 23an, egingo dute Donostian Euskal PEN Klubaren sortze batzarra. Euskaraz aritzen diren idazleak, gidoigileak, kazetariak eta kantautoreak deitu dituzte sortze batzarrera. Nazioarteko PEN Kluba 1921ean sortu zen Ingalaterran, eta ordutik, adierazpen askatasuna, prentsa askea eta ordena politiko eta ekonomiko justua aldarrikatu ditu. Egun 130 talde ditu munduan nazioarteko klub honek eta milaka idazle eta kazetari biltzen ditu. 1951n PEN Euskal Bilkura abiatu zuten hainbat idazlek baina bizitza laburra izan zuen. 1987an beste saiakera bat egin zen eta Euskal PEN Kluba indarrean izan zen hiru urtez, baina bertan behera geratu zen egitura sendoa ez zuelako.