argia.eus
INPRIMATU
Etxekalte(lebista)
Edorta Arana @EdortaArana 2007ko otsailaren 21a
Hedabideek, eta horien artean telebista nagusi, aginte-egitura osoa, estamentu bakoitzaren lekua, joko-arauak eta, orokorrean, gizartea ulertzeko osagarri informatiboak eta sinbolikoak transmititzen dituzte. Eguneko gertakizunei buruzko datuak eta esangurak zabaltzen dituen telebistaren bidez, beste askoren artean, harreman sozialen joko-lekua zein den eta horren baitan eremu pribatuaren eta publikoaren arteko mugak eta harremanak nolakoak izan behar diren erakusten zaigu.

Azken denboraldian, asko dira pertsonaia ospetsuen zein hain ezagunak ez direnen bizitzan, jarreretan eta baita intimitatearen eremu fisikoan ere sartzen diren telebista-programak. Guzti horien atzetik pribatua edo publikoa dena birdefinitu beharra dutela ikusten da eta, zalantzarik gabe, mugarriak nork eta non jartzen dituen inguruko borroka ezkutua bezain gordina ageri da.

Egia da eremu pribatuaren eta publikoaren arteko mugak urtuz doazela. Pertsonala, intimoa eta mediaziorik gabeko harremanen lurraldea kontsideratu izan dena desagertzen ari da. Inplikazio ideologikoak, ekonomikoak eta sozialak dituen kolonizazio horrek, esan bezala, telebista du aitzindari eta legitimatzaile parebakoa.

"Big brother", prentsa-arrosa saioak eta albistegiak gizabanakoek eremu pribatuarekiko dugun/genuen autonomia sozial galtze horren hiru adibide besterik ez dira. Lehenaren kasuan, lehiakide izatearen truke, toki eta ordu guztiak ikusgarri jarri beharra dute partehartzaileek. Etxe baten itxura duen platoak, intimitatea leherrarazten du eta behin betirako zelatatua izatearen normalizazio mekanismoa jartzen du martxan. Pertsonak pertsonaia bilakatzen dira eta fikzioa/errealitatea bikotea banaezina da. Bien bitartean, hori baino eszenategi zabalagoan, gure egunerokoan, gero eta gehiago dira telebista zirkuitu-itxia duten erakunde, errepide, denda, kale, banketxe eta osasun-zentroak. Grabatuak ez izateko eskubidea edo zinta horien gaineko kontrol ezarekin batera norbanakoaren irudiaren jabetza galtzen da.

Prentsa-arrosak eta, batera hartuta, famatu egin berrien bizitzan, kontu-korrontetan, sexu-harremanetan eta orokorrean bizitza pertsonalean sartzen diren talk-showek, gu guztion intimitatea bortxatzea dakar, hiruko erregela sinpleena aplikatuz. "Arrakastatsuen" segizioa, argazkiak ateratzea, gogoz kontra deklarazioak egitera behartzea eta amaierarik gabeko kontrolera kondenatzea, hedabideen boterea, industria erraldoiaren gosea, kazetari lanetan dihardutenen etika falta eta gizabanakoekiko errespetu eskasa erakusten dute. Intimitatea merkantzia bilakatzen da eta iraina, froga eta argudiorik gabeko salaketa eta susmoa inkisitoriala eguneko dinamikan txertatzen dira.

Azkenik, informazio-saioek ere intimoa eta pribatua kontsideratu izan den eremuaren zapalketa legitimatzen dute. Gero eta gehiago dira, "errealitatearen lekuko" izan eta "informatu beharraren" aitzakiaz, jendearen ohorea, intimitatea eta bizitzaren esparru pribatuenak erakusten dituzten albisteak. Polizia-atxiloketak, baimenik gabeko irudiak eta sekretupeko datuen publizitazioa dira adibideetako batzuk. Eta hedabideek eta bertan diharduten kazetariek, iturri "ofizialetatik" etorritako informazioa denez, datuak ez dituzte kontrastatzen, giza-eskubideak errespetatu ote diren ez da zalantzan jartzen eta, guztiaren gainetik, informazioaren ordenu-berriaren operatzaileak bilakatzen dira, somara edo destajora.

Aipaturiko hiruek, paradigma berriaren atarian gaudela erakusten dute, non botereak orain arte intimoa eta pribatua izan denaren eremuan sartzeko ateak zabalik gura dituen eta legitimazio bila dabilen, beste askotan bezala, telebista erabiliz.

Eta horretan daudela, telebistaren inguruko metafora erabilienak gogoratuko ditugu. Batak dio, telebista leiho bat bezala hartu dezakegula eta etxetik kanpora gertatzen dena ikusteko balio digula. Besteak, telebista ispilu bat dela defendatzen du eta, hala izanik, gurean bezala gainontzeko etxe, kale eta herri guztietan pasatzen direnak islatzen dituela.

Hirugarren bat dut nik, egungo panoraman, gustukoago: proiektagailuarena. Telebista argi fosforeszente indartsu bat besterik ez da eta segundoko 25 aldiz sortzen dituen irudiak zabaltzen ditu, eta, garrantzitsuagoa dena, guk pantaila lana egiten dugu. Ez leiho, ezta ispilu ere, telebistan esan eta erakutsi egiten direnak gugan proiektatzen diren neurrian gauzatzen dira.