argia.eus
INPRIMATU
Txanogorritxoren basoan galduta
  • Iparraldean Goizueta, ekialdean Ezkurra eta Basaburua, hegoaldean Larraun eta mendebaldean Areso eta Berastegi. Leitza, mendi artean dagoen Nafarroako udalerria da. Nafarroako mendi gehienak, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, herri-lurrak dira. Bertako nornahi, eta era berean guztiak dira, basoen jabe. Garai batean, Leitzako biztanleek etxea eraiki edo berritu behar zutenean, herri-basoetako zuhaitzak eskatzeko eskubidea zuten. Mendira joan, zuhaitzak markatu eta eskatzailearentzat mozten ziren. Eskatzea libre da, baina eskaria egiten zuenak betebehar bat bazuen. Moztutako zuhaitz bakoitzeko hamar landare sartu behar zituen. Hor ez ziren amaitzen eginbehar guztiak. Hasierako urteetan, landaretxo horiei babesa eskaintzera behartuta zegoen. Horrela, ziurtatua zeukaten basoen etorkizuna.Leitzalarrea, Leitzako herri-baso horietako bat dugu. Bertan, Izaieta izeneko izeidia dago. Izenak dioen moduan, izei izugarriak topatuko ditugu han. Baina gaur egun izeiez gain, Leitzako bertako zuhaitz mota gehienak ere bertan aurkituko ditugu. Beraz, oraingoan aukera paregabea dugu landareen erreinuari errepaso eder bat emateko.
Ainhoa Oiartzabal 2021eko uztailaren 27a
Leitzalarrea bisitatzeko, lehenik Leitzara iritsi behar dugu, A-15 autobidean barna. Behin Leitzara iritsita, paper lantegia pasa eta lehen bidegurutzean, ezkerretara hartuko dugu. Aldapa latza igo eta berehala, Leitzalarrea jartzen duen seinalea ikusiko dugu. 8 kilometroko pista jarraituaz, Ixkibar izeneko aisialdi gunera iritsiko gara. Kotxea aparkalekuan utzi eta informazio panelera zuzenean. Panelak hiru ibilbide proposatzen dizkigu. Guk ertaina hartuko dugu, 3,5km-koa, Izaietara inguratuko gaituena. Animo, has dezagun ibilbidea!

Ixkibarrera sartzean utzi dugun pistari helduko diogu berriro. Galbiderik ez du. Halako batean, bidegurutze batera helduko gara. Guk, Izaieta markatzen duenari eutsiko diogu. Metro batzuk aurrerago, ezker aldean, metalezko ataka bat topatuko dugu. Izeietako lorategi botanikorako sarrera da berau. Ezertan hasi aurretik, berriz ere informazio panelera. Zenbaki batzuk ikusiko ditugu egin beharreko ibilbidearen alboan. Zenbakiek zuhaitz motak ordezkatzen dituzte. Gutxi gorabehera kilometro bateko ibilbidea da, oso laburra, baina denbora gehixeago beharko dugu zuhaitz mota guztiak bisitatu nahi baditugu. Guztira 41 mota daude, horietatik 7 koniferoak, pinuen talde berekoak, eta gainontzekoak hostozabalak.

Ibilbidea nahi den lekutik has daiteke. Aukeretako bat izeietatik hastea da, Izaieta beraien omenez eginiko lorategia izanik. Horretarako, jo 1 zenbakirantz zuzenean. Baso ilunean murgilduta izeiak, izei gorriak eta Douglas izeiak topatuko ditugu pista hau jarraituaz. Gure aurrealdean izeiak, eskuinaldera Douglas izeiak eta ezkerraldera, enbor gorrizta nagusi dutela, izei gorriak. Hiru espezieak, azikulekin (hostoak) topatuko ditugu urteko sasoi ezberdinetan. Konifero hauek bereizteko fruitu, enbor-azal eta azikuletan erreparatu behar da. Izeien adaxkak, azikula joriz osatuta daude, eta fruitua luze baino sendoagoa da. Douglas izeia, Ameriketako basogintzan nagusi dena, urria da Euskal Herrian. Adaxkek, azikula bakanagoak aurkezten dituzte, eta fruitua luzanga da. Erretxina duten garatxoak ditu enbor azalean. Izei gorria, izei faltsu ere deitua, Stradivarius biolin famatuak egiteko erabili zen garai batean. Azikula ugarikoa da eta hiruetan berak du fruiturik luzeena. Dena dela, ez larritu, bakoitzaren alboan izena jartzen duen karteltxoa ikusiko dugu-eta.

Berriz atzera buelta eginez 9, 39 eta 11 zenbakidun espezietarantz abiatuko gara; ahuntz sahatsa, makala eta haltza, hurrenez hurren. Hirurak dira ur zaleak. Izan ere, alboan Udegiko errekastoa dute. Zubia zeharkatuz gero, beste hiru espezie bisitatzeko aukera dugu.

Ibilbidea jarraituz, eskuinera aldapa gogorrari eutsiz, elorri zuria dugu pistaren alde batera, eta alertzea beste aldera. Azken honi, koniferoen taldekoa izan arren, azikulak jausten zaizkio udazkenean. Pistan bertan dago ametza, haritzaren familiakoa. Baso barnean otsalizarrarekin egin dugu topo, garaiera ertaineko zuhaitza bera, antzinatik txoriak harrapatzeko erabili izan dena, dituen fruitu erakargarriak direla eta. Gorantz jarraituz, hara baserramua, gure begi bistan. Sei metro arteko zuhaixka da eta gure lurraldean nonahi topa daiteke. Baina ez nahasi guztientzat ezaguna den erramuarekin, ez du zerikusirik eta. Alboan dugu gurbitza, udazken eta negu hasieran loratzen den bakarretakoa. Eta beste hainbat espezieren artean, zuhandorra ere hemen da. Adarretako kolore gorriak salatzen du. Egurra oso gogorra du eta erreminta kirtenak egiteko erabiltzen da.

Jadanik aldapa igota, ezkerrean, eihar frantsesa ikusiko dugu. Bere egurrak estimazio handia du tornugintzan eta zurgintzan orokorrean. Eta hostazuria, lehen aipatutako otsalizarraren ahaidea, erraz bereiziko dugu hostoaren atzealdea begiratuz gero, zuri-zuria baitu.

Aurrera jarraituaz, dagoeneko iritsi gara ibilbidearen punturik gorenera, eta oraindik izerdirik atera gabe gainera! Asko eta asko, zuhaitz gazteak dira oraindik, lorategia berri xamarra baita. Hala ere, Leitzalarreko lehengo biztanleen arrastoak edonon topatuko ditugu. Zuhaitz ipurdi ederrak, askotan onddoen erasoa jasandakoak, eta bestetan, goroldioak bereganatuak.

Dagoeneko beherantz goaz, eroso jaitsi ahal izateko eskailera eta guzti. Berehala egin dugu topo lizarra, zumalakarra eta intxaurrondoarekin. Zumalakarra »askorentzat oilakarana» libragarri naturala da, urtebetez zahartzen utziz gero. Gainerakoan, sekulako gorakoak eta dardarizoak eragiten ditu. Hurrengo, pistaren ezkerretara, guretzat gustagarri diren fruitu arbolen saila ikusiko dugu, nahiz zuhaitz guztiek ematen dituzten fruituak: madariondoa, gaztainondoa, sagarmina, harana, gerezia eta elorri beltza.

Jadanik bukatu dugu lorategiko buelta. Berriz ere, beste metalezko ataka bat igaro eta pista nagusira irten gara. Poliki-poliki, beherantz jo dugu. Behin Ixkibarren gaudela aukera paregabea dugu mokadutxo bat jateko. Han daude iturria, aulkiak, parrilak... deskantsatzeko nahiz jolasteko leku aproposa.

Leitzalarreako erraldoiak
Gaurko protagonistak izeiak dira. 40 metro pasa luzekoak, zuzen baina zuzenagoak, eta guztiak elkartzean, Txanogorritxo bere garaian barneratu zeneko basoa irudikatzen dute: iluna, adar ugarikoa, misteriotsua, beldurgarria... Hauen jatorria Udal artxiboetan topatu dugu. Bertan jasoa dago Leitzak betidanik izan duen mintegi zaletasuna. Izan ere, 1832an mintegia egiteko erabilitako hazien ondorio dira gaur egun hainbat bisitari jasotzen dituzten izei ikusgarriak.
Izaieta babestutako monumentu naturala da, bere berezitasun eta hedadura handia dela-eta. Babes mota hau dela medio, debekatuta dago bertako zuhaitzak moztea osorik edo zatika, eta baita enborretan inolako idatzi edo markarik egitea ere. Ezin da surik egin inguruan. Adaburuak ere babes legearen barne daudenez, debekatua dago izeien gainalderako arriskutsu izan daitekeen edozein jarduera burutzea.
Mila erabilera ditu izeiak. Zuhaitz honek garrantzia handia hartzen du adibidez, Eguberritan. Eraikuntzan ere, egitura pieza gogorrak dira. Erretxinak ezaugarri baltsamiko ugari ditu. Paper-pasta egiteko ere erabiltzen da. Baina Leitza herrian, monumentu natural hauek ez dira esan dako gauza horietarako guztietarako erabiltzen, beste funtzio bat betetzen dute: turismoa.