argia.eus
INPRIMATU
Depresioa eta antsietatea, gaixotasun mentalik arruntenak
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

72.000 pertsona hartu zituen iaz guztira Osakidetzaren osasun mentaleko asistentzia-sareak, eta horietatik %40ri neurosi motaren bat edo beste diagnostikatu zitzaien. Izen orokor horren azpian sartzen dira antsietate edo barne-hersturako gorabeherak, depresioa edo baita elikadurarekiko portaeraren desorekak ere »anorexia eta bulimia batik bat». Psikiatria zerbitzuetan hartutako gaixoen kopuruak gora egiten jarraitzen duen arren, diagnostikoen tipologia »bai ospitale-zerbitzuetan eta baita ospitalez kanpokoetan egiten direnak ere» mantendu egiten da urtez urte, Osakidetzako osasun mentaleko arduradun nagusi Alvaro Iruinek Gasteizen egindako kongresuan esan zuen bezala. Martxoaren hasieran egindako kongresu honetan »Osasun Mentaleko XII. jardunaldiak» 400 aditu inguruk hartu zuten parte.
Osasun mentalean badira ongi ezberdindutako gaixo-taldeak, eta horien portzentajea nahiko berdintsu mantentzen da. Talderik ugariena »Osakidetzak hartutako pertsona guztien %40» osatzen dute depresio arin edo moderatua duten gaixoek, egokitzeko arazoak dituztenek eta antsietateak jotakoek. Beste gaixo-talde handi xamar bat »%15-20 ingurukoa» eskizofrenia motaren bat edota koadro psikotikoren bat diagnostikatu zaienek osatzen dute, alegia, gaixotasun grabe kronikoek jotako gaixoek.
Iazko urtean zaindutako 72.000 pertsona horietatik 19.000 gaixo berriak ziren, gainerakoak lehendik ere Osakidetzako osasun mentaleko zentroetan egonak baitziren.