argia.eus
INPRIMATU
Aspaldiko dantza
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Ezaguna oso. Nahiz eta ez ditudan dantzariak ikusten, irudika ditzaket orroka, erronka joaz preso daukatena lotuta, burua estalita nolanahi ezarrita eta bere dantzari eroaren antza propio emanez ingurutik. Bertatik jira eta bira biraoka, lotua ehizaldi basati bateko presa harrapakina bailitzan eta jasaten ari dena berak bilatutako patua, bere buruarekiko madarikazioa metabolizatzerainokoa duena. Ostiak handik eta hemendik, marmolezko bakardadearen hotzak zernahi onartzeko, bere etorkizuna jelatuko duen zernahi sinatzeko ezgauza izan badela barneratu arte. "Zer egin ote diote egin ez duen hilketa bat egin duela esateko?" Miren Azkaratek eginiko galdera duzue. Zehatza. Publikoki egina. Joan berrogei urtean, atxilotze bakoitzean bururatzen zaiguna, era hontara ere egin daitekeena: zer ez ote diote egin...? Aldi honetan, zoriak torturatuen alde jo du. Salbuespena izan da, Azkarate anderearen galderak eta kontu eskatzeak bezalaxe. Ez da ohikoa. Tortura aldiz, bai. Aldi honetan espainolak dira torturatzaileak eta honetan bezala nahiko genuke Arkauteri ere hel diezaioten bertan torturatzen delarik, epaileen esku ez baina beretan baitute dantza ero izugarria aldatzeko partitura. Jo arazi dezatela, bada.