argia.eus
INPRIMATU
Paulo Iztueta Armendariz: «Gure klasiko baten pentsamendu-leihoak zabaltzera nator»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zer du Orixek zu hainbeste erakartzeko?
Zertara natorren berriro Orixerengana? Orixe saiogilean batzuentzat zaharrak berritzera eta beste batzuentzat »gazteentzat, batez ere», gure klasiko baten pentsamendu-leihoak zabaltzera. Izan ere, literato hutsa ez ezik, saiogile bizi eta prestua ere izan zen Orixe. Modernotasunari sistemaz uko egin zion autore klasikoa izateak ez luke aski arrazoi izan behar haren jakite-maila besterik gabe deskalifikatua izan dadin.

Orixe auzitanen helburua?
Onartuz gero Orixe klasizista eta kontserbadorea izan zela, hipotesia hau da: bere garaian eta bera bizi izan zeneko testuinguru sozio-historikoa kontuan hartuta, izan al zitekeen beste joera intelektual batekoa?

Eta Orixe gaitzetsiaren mamiaz zer diozu?
Hor Orixe gizonaz dihardu, existentzi egoera lazgarriak bizi behar izan zituen gizon batez. Amarik ezaren sentipena modu tragiko batez biziko du; berebat, apaizgintzatik baztertua izanak erruduntasun konplexua eragingo dio, kondenatua sentitzeraino; politikan, gerrate zekenak erbestean jarriko du, nora joan aukera handirik gabe, batean kartzelan, bestean atzerrian ihesi, noiz Iparraldean, noiz Amerikan; eta erbestetik bueltan, etxeratua izan eta gero, berriro erbeste egoera arnastuko du euskal munduan, Euskaltzaindiatik urrundua, belaunaldi berrikoekin loturarik egin ezinik. Bakarrik bizitzan. Bakarrik pentsamenduarekin hizketan. Bestalde, Orixe izan da bere lumatik bizitzen arriskatu zen lehen euskal idazlea.