argia.eus
INPRIMATU
Odola mintzo da agintzen dutenen curriculumetan
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 27a
Inurriek horretan ere gure antza omen dute: soziobiologian ari den ikerlari finlandiar batek demostratu berri duenez, xomorro ttiki horiek ez dira uste genuen bezain sozialistak, eta inurrietan ere nork bere odoleko jaio berriak elikatzen ditu eta ahal bada besterenak akabatu. Nepotismoa erabiltzen dutela alegia.

Pozarren egon behar du albistea jakinda Adam Bellow-ek. Saul Bellow idazle Nobel saridunaren seme honek Praise of Nepotism »Nepotismoaren gorazarrez» plazaratu du. Eta polemika piztu ere bai. AEBetako intelektual eta ikerlari askok demostratu dute Ameriketako mito zaharretako bat kolokan dela, mailarik apalenetik aginte lekuetaraino bere ahaleginaren eta argitasunaren poderioz edozein igo daitekeela uste duen iritzia. Ikerlari hauen iritzian, obrero baten semeak gaur aukera gutxiago du karrera distiratsu bat egiteko »aberatsen semeen aldean» orain dela urte batzuk baino.

Probokatzailea da Adam Bellow-en liburua. «Beldur izan behar ote diegu berdintasun falta gero eta handiagoei, klaseen arteko hesiei eta mugikortasun sozialak dituen oztopoei? Hala uste dute batzuek. Egia esan, orokorrean emaitza hobeak lortzen dituzte konpetizioan familiaren babesean sartzen direnek, abenturari bakarka ekiten diotenek baino. Amerikarrek gorrotatzen omen dute nepotismoa. Teorian, asmo oker eta gizabiderik gabea dela ikusten dute, baina gero praktikan, denak daude horren aukerak baliatzeko prest».

Kastatik kondea

Nepotismoa »agintea edo lana eskaintzerakoan ahaideak lehenestea» izurrite bat da mundu osoan, eta Bellowen polemika aprobetxatu du Courrier International astekari frantsesak gaiari zenbaki berezi oso bat emateko. Nepotismoak kolore asko baititu.

Arroxa kolorea du, hasteko. Munduan diren 191 estatu homologatuen artean 29k monarkia dute buruzagitzan. Haur bati esplikatzen erraza ez da baina...

Erregeen nepotismoa batzuetan absolutua da, eta bestetan partikatu egiten dute. Absolutismoan, marka guztiak hausten dituzte Saudi Arabiakoek: dinastia fundatu zuen Abdelaziz-ibn-Saud erregearen 20.000 ondorengoek, guztiek, kobratzen dute estatuaren kutxatik. Kobratzeaz gain, horietako 6.000k hartzen dute parte estatuaren kudeaketan. Hori bai odolaren usaina.

Baina noblezia eta odol urdinekoak alde batera utzita, ezerezetik burua jaso dutela dirudien askoren kasuak ere nepotismo kamuflatuak baino ez dira. Agintea »politikan, ekonomian, espektakuluetan...» herentziaz pasarazi den kasu mordoxka eskuratu dizkigu Courrierek, munduko beste aldizkarietan agertu diren albisteetatik.

Historian estreinakoz lehen ministro ikusi genuen emakumea Sri Lankako Sirimavoh Bandranaike izan zen 60ko hamarkadan, gero bere senarra ere hala izan zen, eta gaurko lehendakaria bien seme Chandrika Kumaratunga da. Are nabarmenagoa da Indiakoa. Aurreneko lehen ministro indiarra »independentzia 1947an lortu ondoren» Jawaharlal Nehru izan ondoren; bere alabak hartu zuen postu hori, Indira Gandhi famatu hark. Honen seme Rajiv Gandhi ere iritsi zen lehen ministro izatera. Hura hil ondoren, bere emazte Sonia da Kongresuko Alderdiaren buruzagia, eta hauen alaba Priyanka Gandhi laster sartuko omen da karrera politikoan, bere 32 urteetan.
Indonesiako politikagintzak ere 60ko hamarkadako pertsonalitateak dakarzkigu gogora. 60ko hamarkadan herrialde ez alineatuen liderretako bat izan zen Ahmed Sukarno hark »estatu kolpez kendu zioten agintea» utzi du hazia eta gaur bere hiru alaba ari dira elkarren lehian botere bila, Megawati Sukarnoputri lehendakari dena eta orain »aitaren ideiei traizioa egin diolakoan» desafio egin dioten Rachmawati eta Sukmawati.

Luzea da politikako lehen postuak gurasoetatik seme-alabetara pasa direnen zerrenda. Hogeita hamar urtez Siriako lehendakari izan zen Hafez-el-Assad-en ondorengoa bere seme Bachar da. Kongon, atentatuz hil zuten Laurent Kabilaren lekua hartu zuen bere seme Joseph Kabilak.

Herrialde post-sobietikoetan, Azerbaijangoa izan da kasu nabarmenena: Ilkham Aliev iaz hil zen klinika amerikar batean, baina aurretik gauzak ondo lotuak zituen bere golfokeriengatik baizik ezaguna ez zen Ilkham II.a agintean uzteko.Uzbekistango Islam Karimov gauza bera egitera doala dirudi bere alaba Gulnararekin eta beste hainbeste egin nahi luke Kazakhstango Nazarbaev autoritarioak bere alaba Dariga mezzo-sopranoarekin.

Pedigria oposizioan ere

Lehendakari kontuak dira nabarmenenak, baina politika barruan gertatzen diren endogamia kasuak kontaezinak lirateke, mundu osoan.

Ororen buru, agintea herentziaz jaso duen kasu nabarmena AEBetako lehendakariarena da. Milaka orri bete dira Bushtarren istorioak kontatu eta aztertuz. Baina herentzia kontuaren epidemiak bazter guztiak dauzka kutsatuta, eta horren argibiderik onena The New York Timeseko David Brooks-ek eman zuen, Bush eta orduan bere arerio nagusitzat jotzen zen Howard Dean demokrata konparatu zituenean. «Bush familia kategoria handikoa da, ez dut ukatuko. Baina Deandarrak Mayflower-en garaietatik ageri dira Amerikako historian. Bushen aitona Wall Streeten negozio gizona zen, senadorea eta Yalen ikasia. Baina Deandarrak Wall Streeten betidanik ibili dira eta bere bi aitonak pasa ziren Yaletik. Bushen amona Deanen amonaren ohorezko dama izan zen». Kerryk aurrea hartu ez balio, Dean honek eramango zuen progresismoaren bandera Bush atzerakoiaren kontra.

Posizio hobe baten bila gabiltzan gizakion karrerak hiru heldulekuk bizkortu ditzakete: izenak, sareak eta ezkontzak. Izenak garrantzia berezia du kultura, harreman publiko eta komunikabideetan, ikusi egin behar zaituzten jardueretan. Espektakuluan, aitaren edo amaren izenak urrea balio du.

Harreman sareak beste lanbide batzuetan du garrantzia. Kazetaritzan adibidez. Baina baita politikan ere »mafian bezala, bestalde». Leialtasuna eta fidagarritasuna baloratzen dira hemen. Baina ekonomia pribatuan ere «ahotik belarrira» horrek funtzionatzen du: errazago aurkituko duzu lana lagun baten bultzadaz langabeziako erakundean apuntatuta baino.

Ezkontzaren garrantziak ez du esplikaziorik behar: Arnold Schwarzenegger-i Kennedytar batekin egindako «txintxin-bodak» begira zein etekin eman dion. Familiari azkenean berdin baitzaio zein koloretakoa den, eskuratzen dena aginte puska bada.

Eliteetan salbuespenak ez dira uste bezain ugariak. Eta, behetik iritsi direnek ere herentzia antolatzen dute.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.