argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalen negozioa
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a
Kontsultatu ditugun aditu eta analista guztiek aho batez diote Europako Batasunaren hedatze berri honetatik, ekialdeko beste hamar herri hartzetik, multinazionalak aterako direla irabazle, argi eta garbi. Adibidez, Merkataritzako Bilboko Ganberak oraintsu egin du jardunaldi bat ekialdeko hamar herri horien sarreraren inpaktuaz, eta ekitaldi horretan ere tesi bera abalatu dute. EBeko hamar estatu horietan liberalizazioa eta irekiera ekonomikoa gertatu omen dira, eta "egitate horiek »zioten» atzerriko inbertsio zuzenen iturri garrantzizko bilakatu dira, eta herri horien hazkunde ekonomikoa bizkortu dute". Ildo horretan, merkataritzako Bizkaiko erakunde horrek berak garbi seinalatu zuen, 1986an, Espainiako estatua integratu zenean, pareko egoera ezagutu zela: "Multinazionalen etorrerak aktibatu egin zuen ekonomia, eta antzera gertatu da ekialdean, non negozio erraza egiten baitute multinazionalek eta abiada hartzen baitu ekonomiak".

Polo bat edo Ibiza bat %20 merkeag fabrikatzen dute Eslovakian

Atal honetako titularrak laburbiltzen duen adibideak berez eta besterik gabe azaltzen du zertan oinarritzen den multinazionalen Europako (edo Asiako) ekialdean inbertitzeko interesa. Ibiza eta Poloa bezalako automobil txikiak fabrikatzea %20 merkeago da Eslovakian Euskal Herrian edo Espainiako estatuko gainerakoan baino. Alemaniako Siemens talde industrialak, puntako teknologien eta euskarri informatikoen garapenean jarduten duenak, iragarri du dagoeneko datozen urteetan goi-mailako teknologiako 10.000 enplegu aldatuko dituela Europako ekialdera. Lanpostu horiek galdu egingo dira Alemanian, Europako ekialdeko enpleguaren mesedetan. Soldaten kostu apala da horretarako arrazoi nagusia. Alemanian, 800 euro jasotzen dute eguneko Siemens taldeko era horretako adituek. Europako ekialdeko herrietan, ordea, lan hori bera 350 eta 500 euro bitarteko kostuan ateratzen da!

Bistan denez, diferentzia ekonomiko nabariak daude Hamabosten eta Hamarren artean, eta desajuste horrek aukera ugari sortuko du EBeko eremu "aberatseko" produkzio industriala eremu "pobreko" beste batera eramateko. Europako Batzordearen iritziz, saihestezineko jokabidea izango da. Dena dela, horrela gertatzea posible izango da, hain zuzen ere, ekialdeko eskulana oso kualifikatua delako, hango kostu laboralak eremu aberatsekoak baino askoz apalagoak direlako eta haien pizgarri fiskalak ere handiagoak direlako. Horretaz jabetzeko, aski da txosten honen lehen parteko datuak gogoratzea. Bestalde, horrela baieztatzen du, halaber, Frantziako Mercer Management Consulting kontsultoreak egin duen Erosketen desafioak 2005ari begira izeneko azterketak. Lan horretan, negozio-bolumenean 260.000 milioi eurotik gora dabiltzan Frantziako berrogeita hamar bat enpresatako erosketako buruen iritzia jaso dute. Atera den ondorioetako baten arabera, garabideko herrietarako deslokalizazioaren bidez »garabideko eremutzat Txinatik Europako ekialdera bitartekoa hartzen dute», enpresek hamarren batean gutxitzen dute eskulanaren kostua eta %30 bitartean merkatzen dute produktuen salmentako prezioa.

Aipatu dugun Mercer estudioa konpainien erosketako aurreikuspenetan zentratzen da, hain zuzen ere datozen bi urteetan beren hornidurak produkzio-kostu apaleko herrietan bikoiztuko dituzten konpainietan. "Hondoko itsaso kezkagarria da" »dio azterketak» "eta bortitza ere bai, bi urtetan gertatuko baita: konpainiek itxi egingo dituzte instalazioak, muntadurako plantak..., dela Frantzian, dela Europan, eta alde batera utziko dituzte oraingo hornitzaileak, ondorioen pairatzaile lehenak izango direnak. Ildo horretan, luzea izango da erasandako linea produktiboen zerrenda. Oro har, kontsumo masiboko produktuekin zerikusia duten linea produktiboek osatuko dute zerrenda hori: etxetresna elektrikoak, imajina eta soinua, makinak, ekipamendu elektrikoa, menajea, automobilen ekipamendua... Bestela esanda, muntadura, hots, eskulana, behar duen guztia.

Euskal Herrian tentuz

Euskal Herrian, arretaz eta adi-adi ari dira segitzen ekialdeko herri horien bilakaera, eta neurri batean kezkatuta ere bai. Gaur egun, arras apala da erlazio komertziala. Euskal esportazioetan, totalaren %3,27 bakarrik bideratzen da herri horietara. Hegoaldeko enpresei dagokienez, iazko urtean 369 milioi eurotan geratu zen salmenta; inportazioetan, berriz, 227,5 milioikoa izan zen emaitza, totalaren %2,26 hain zuzen. Euskal enpresaburuek Txekiako Errepublikan eta Polonian jarri dute begia batez ere: Polonian, esaterako, 400 milioi eurotik gorako inbertsioak dituzte eginak.

Adituek diotenez, hazi egingo dira pixkanaka Euskal Herriaren eta EBeko hamar herri berri horien arteko harreman komertzialak. Nolanahi ere, inportazioetan esportazioetan baino goranzko handiagoa izango den iritzikoak dira. Hortaz, dekrementua izango genuke balantza komertzialean. Ildo horretan, gogoeta egin beharko genuke gure herriak merkatu komunitarioko hornitzaile gisa duen pisuaz. Izan ere, pisu-galera etor daiteke, baldin Europako kideak gure herriko produktuen ordez aipatu hamar herri horietan manufakturatuak erosten hasten badira.

Testuinguru horretan, Bizkaiko enpresetan egindako inkesta bat seinalatuko dugu, oro har euskal enpresen adierazgarri ere izan daitekeena. Erdiek baino gehiagok (%54,8k) uste dute erlazio komertzialak handitzeko beste parada bat izango dela EBaren hedatzea. Bestalde, enpresen %40,2k "konkurritzeko aski ongi prestatuak daudela" irizten diote.


«EBren hedatzeak Euskal Herriko Hegoaldean izan dezakeen eragina» (Antxon Lafont, enpresaburua)
Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak argitara eman berri du dokumentu interesgarri bat EBren hedatzearen efektuez, eta agiri horri buruzko iruzkin-sorta besterik ez da artikulu hau. Dagoeneko jakinak ditugun datuek balio dezakete epe laburreko ondorioez jabetzeko. Bai, efektuak igarri daitezke, baina, halaz guztiz, informazioa falta zaigu EBeko hurrengo hamar herrialde (A 10 deituko diegu) kideentzat izendatu dituzten subentzio garbiei buruz, eta muga horixe bera dugu mugarri gure azterbidean. Hortaz, datorren maiatzaren 1etik aurrera 25 kide izango dituen EBaren (25eko EB) geroa hobeto ezagutzeko, eskurago ditugu dedukzio astrologikoak arrazoibide ekonomikoak baino.

Badakigu, jakin, 2007tik aitzina ez dutela ikusteko handirik izango mana komunitarioa banatzeko gaur egun erabiltzen diren ehunekoek eta 25eko EBean baliatuko direnek. A10 taldearentzako subentzioetan, 7.000 milioi euro daude aurreikusiak urteko, 2004-2006 Programan. Datu horrek egungo egunera arte Espainiak izan duen egoera erosoari erreparatzera behartzen gaitu. Espainiak, urtebetean bakarrik, Europako subentzio totalen %40a jaso zuen, hau da, 6.000 milioi euro inguru. Ordea, Espainiak jarrera oldartsua erakutsi du Alemaniari eta Frantziari buruz, hots, subentzioetarako kontribuzio handiena egin duten bi herrialdeei buruz, eta, horrela, aurrekontuetan arras igoera apalak proposatzera bultzatu ditu. Ondorioz, ia ez da alderik izango subentzioetan banatzeko diru kopuruan: antzeko zenbatekoa izango da 15 herrialderentzat ematen zena eta 25eko EBari eman beharrekoa. Egitate horrek, nahitaez, kontrako eragina izango du Espainiarentzat EB hedatuan, ezen baliabide propioen bidez »subentziorik gabe» sortu beharko ditu errekurtsoak. Eta hain zuzen diru-laguntza horiei esker, neurri batean, Espainiako gobernuak «Espainia ongi dabilela» aldarrikatu ahal izan du.

A 10 taldekoen zenbait datu gainbegiratuta, epe laburreko efektua dutenak azpimarratzea komeni da lehenbizi. A 10 taldeko gazteak, oro har, ongi trebatuak daude bigarren mailako irakaskuntzan: ikasleen %70 (%20 Hegoaldean). Gutxi dira unibertsitatean hezitakoak: ikasleen %15 (%35 Hegoaldean). A 10 taldekoen produktibitatea erdia da 15en Europarekin konparatuta, balio erantsi gutxi dute haien produktu fabrikatuek eta gastu apala egiten dute I+D+i arloan. Gutxi kapitalizatua dago A 10ekoen ekonomia, eta oraingoz atzerriko enpresa gutxi deslokalizatu da herri horietara. Irudi du soldata apalak izan daitezkeela etorkizuneko garapenerako aldeko faktore, baina pizgarri ezak blokea dezake hobetzeko ahalegin oro. Lanorduaren batez besteko kostua, euroetan adierazia, ia 4 aldiz handiagoa da Hegoaldean A 10eko herrietan baino. 15en EBeko herri batzuetako ekonomiako abantailek berdindu ahalko dute egoera hori.

Goian azaldutako arrazoiak tarteko, A 10 herrietan ezar daitezkeen EBeko enpresaburuek nahitaez izan beharko dute diseinurako gaitasuna, balio erantsirakoa, aurrerapen teknologikoetarakoa eta diferentziatzeko posibilitatea, eta orobat kapitalizaziorako gaitasun erreala. Oraingo EBean, BPGaren %2 baliatzen da ikerkuntzara, garapenera eta berrikuntzara. A 10 taldean, %0,84 da batez bestekoa, eta tartean daude, besteak beste, %0,5era heltzen ez diren Zipre eta Letonia herriak. Baldintzak horiexek izanik, zaila da epe laburreko ondorioak ezagutzea.

Hegoalde osoari dagokionez (gogora dezagun ez dugula Iparraldeko daturik), A 10 taldekoen ekonomia egoera berrira egokitzeko finantzarioki parte hartzeko gaitasuna zenbatekoa, halakoa izango da eremu horretan EB hedatzearen efektua. Merkataritzako trukeen kasuan, gure esportazioen %5 eskas bidaltzen dugu A 10 herrietara. Inportazioetan, berriz, gure inportazioen %3 egiten dute jatorriz A 10 herrietakoak direnek. Gure eta A 10 taldekoen artean, + %12 da balantza komertzialeko saldoa. Epe laburrean ez da bariazio handirik izango, ez behintzat beren auzo naturalei edota, zehazkiago esanda, historikoei, Alemaniari eta Austriari alegia, uzten ez badiegu beren egoeraz eta esperientziaz aprobetxatzen, zuzen-zuzenean parte hartuz A 10 taldekoen barruko ekonomien garapenean. EBeko laguntzak gero eta handiagoak izango dira A 10 taldekoentzat, eta bide horretatik lortuko dute makinetan eta azpiegituretan ekipatzea. Epe laburrean hasiko gara barrundatzen benetan asmatu ote dugun A 10ekoen bat-bateko aberaste finantzario hori aprobetxatzen, zeinen bidez izango baitugu posible haien hedatze ekonomikoan parte hartzea eta beren biztanleen garapen iraunekoan laguntzea.

Haien garapena geure kezken artean jaso behar dugu. Izan ere, A 10eko herriak kolektibizazio-urteetan "naturaren errespetua" nozioa galdu duten herriak dira. Nahiz eta ildo horretan gure politika arras eskasa izan, gai gara ingurumenaren kalitatea hobetzeko garabidea hautatzen laguntzeko. EBaren oraingo hedatzea kolaboraziozko terminoetan ikusi beharko genuke, inola ez ekonomikoki ahulak diren hamar herri neokolonizatzeko parametroetan, ezen hurrengo hamarkadan hamaikatxo bat ezusteko eman dezaketen giza baliabideak ere badituzte.