argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 27a

Eraikinetako airea esterilizatzeko sistema berria
Buffaloko Unibertsitateko (AEB) ingeniari eta zientzialariek eraikin handietako airea modu ziur eta merkean garbitzeko sistema berria aurkeztu dute egunotan. Aparatuak BioBlower du izena eta minutu gutxi batzuetan antrax, baztanga, tuberkulosi, gripe eta airean bizi diren gainerako agente biologiko kaltegarriak eta espezie toxikoak suntsitzeko ahalmena du. Asmatzaileek diotenez, aplikazio ugarietan erabiltzeko aukerak eskaintzen ditu.
Asmatzaileek agindu dutenez, sistema berri hau urrats handia izango da agente patogenoak erabat suntsitzeko bidean, indarrean dagoen teknologiarekin alderatuta, bai baititu hainbat abantaila. Orain erabiltzen diren sistemek paperezko iragazki bereziak erabiltzen dituzte. Iragazki hauek airean bizi diren espora handiak harrapatzeko gai dira baina oso maiz aldatu, biltegietan oso kontuz gorde eta erabili ondoren suntsitu egin behar izaten dira. BioBlower delakoak, berriz, mantenu minimoa besterik ez du eskatzen eta iragazkien beharrik ez du. Aparatu honek airea azkar batean tenperatura handietan berotuz funtzionatzen du eta laborategietan egindako frogek erakutsi dutenez, patogenorik zailenak ere %99,9ko portzentaian hiltzen ditu. 150 gradura bitartean esporarik gehienak kalterik jasan gabe pasatzen dira, baina BioBlowerrek egiten duen moduan, airea 200 gradutik gora berotzean, milisegundo eskas batzuk aski dira denak suntsitzeko.
Sistema honetan airea konpresio mekanikoz berotzen da, eta hala, beroketa modu uniformean eta ia bat-batean gertatzen da. Konpresio horrek eragiten duen konbustio kimikoari esker, agente toxikoak erre egiten dira.

Transgenikoak praketan sartu zaizkigu
Puntako teknologia esparru gehienetara heltzen da eta, noski, baita modaren mundura ere. Orain gehien saltzen diren prakak, alegia zahar itxurako galtza bakeroak, esate baterako, puntako ikerketen ondorio dira, eta hala, ordenagailu eta laserrez gain, bakterio transgenikoak ere erabiltzen dira sekula dendatik atera ez den jantziari askotan erabili izanaren efektua emateko. Beste modu batera esanda, lehen harria igurtziz egiten zena orain bioteknologiaz lortzen da.
Urtero saltzen diren milioika pare horiei entzima eraso baten bidez ematen zaie azken ukitua. Aipaturiko entzima hauek bakterio jakin batzuek sortzen dituzte eta horretarako hartzidurarako aproposak diren makina industrialak erabiltzen dira.
Asko dira teknologia berriei esker merkatuan ikusten diren efektuak: ipurmasail eta izterretako kontrasteak, "katu biboteak" edo iztaietako tolesdura zurituak... Efektu bat edo beste lortzeko, entzimak kotoiaren polimeroa erasotzeko duen moduari erreparatzen zaio »polimeroaren bihotzetik erasotzen badu jantziak pigmentazio bat erakutsiko du eta azaletik erasotzen badu beste bat».
Ikerlariak orain dela lau bat urte hasi ziren kotoiaren proteinak aztertzen eta genetika bidezko manipulazioa esparru honetara egokitzen. Helburua: mikroorganismoen lana hobetzea eta, prakaren ehuna hondatu gabe efektu originalagoak asmatzearen alde, entzima berriak sortzea.