argia.eus
INPRIMATU
Landareen lore-hautsak alergia eragiten du
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Polen edo lore-hautsari alergikoak direnei »eta ez dira hain gutxi, biztanleriaren % 8-12 bitartean gaitz horrek jota baitago» ez zaie batere gustatzen udaberria. Zergatik ote da? Urte-sasoiaren aldaketak, pertsona ia gehienentzat gauza pozgarria dena »egunak luzatzen direlako, eta tenperaturak igotzen direlako», beraientzat hainbat sintoma eta molestia ekartzen dituelako: arnas arazoak, azkurak, erresuminak eta beste hainbat ezinegon.
Polenari alergia esaten zaion hori adoleszentzian agertzen da normalean, eta bizitza osoan mantentzen da. Basurtuko Ospitaleko Alergia Unitatea zuzentzen duen Ignacio Antepara alergologoak dioen bezala, gaitz hori jasaten dutenek errinitisak (sudurreko jarioak eta kongestioak), konjuntibitisa (begi gorrituak, malko-jarioa) eta asma (arnasterakoan zailtasunak eta txistu-hotsak) izaten dituzte, landareen polinizazioa »edo lore-hautseztapena, gora gu eta gutarrak!» gertatzen den bitartean.
Eta zerk eragiten du polinizazioa? Urtean zehar pilatu diren euri-urak. "Eguraldi ona, tenperatura onak (altuak) eta udaberri lehorra eginez gero, alergia gehiago agertzen dira", dio Antepara doktoreak. Alergiari lotutako arazo nagusia errinitis alergikoa da »hiritarren % 15-20k eduki ohi du». Eta gaitz hau larria izan ez arren, errinitisak erabat aldrebesten du pertsonaren bizimodua »eskolako errendimendua bezala, baita laneko produktibitatea ere». Gaur egun bost pertsonatik batek alergia-arazoak ditu »polenaz gain, beste hainbat alergenok eraginak» eta gaitz horiek gora egingo dutela esan daiteke datozen urteotan, poluzioa eta bestelako kutsatzaileak direla medio. Bestalde, gaitz horien kontrako medikazioa ez da batere zehatza, eta horrexegatik alergia arinek jota ibili ohi direnek ez dute, normalean, medikazio edo botika espezifikorik hartzen, nahiago izaten baitute beren sintomak bere kasa desagertzea. Eta hori, kasu askotan, ez da beraiek uste bezain azkar gertatzen.