argia.eus
INPRIMATU
Kaos ederra
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Ez inon, ez inoiz, inongo kaosik ez dela aipatu didate etxera etorritako predikadore batzuek. Jaungoikoren bat badenaren egoskorrean, inguruan genuen paisaiari erreparatzen zioten, natura dela pake osoa, ahalguztidunaren baten esku hartzerik gabe ezin omen liteke horrelako perfekziorik eta gizakiak suntsitu besterik ez omen du egiten... Fotosintesiaren miraria zioten... eta hura nirea! Etxe gaineko haritza hostoz ari den neurrian behintzat jantzi nituen klorofilaren "mirakuluaz"; jaungoikoaren behar merkea gizakiok dugula, eta gure aurretik majina bat urtetan fotosintesia hor gertatu dela...
Nik egoskorrago, kaosa dela benetako bizitzaren motorra, bat hil besteak bizitzeko, hori dela benetako aurrera egitea eta errematerako, erlijioak direla gizakia urgaineko bitsetara harrotu eta ez natura soilik, baizik eta sektako pentsamendua ez duten Homo generoko besteak suntsiarazten dutenak. Aztarrika alde egin zuten, pakea besapean, kaleko borrokara...
Pakeak asko balio duela diote askok eta ondokoa zanpa, errukirik gabe txiki! Naturala da, eguneroko ogiaren orrantza.
Oraintxe da, bada, inoiz bada kaosaren sasoia: inausketak, txertaketak, ereintzak, lur-lanak, belarrak, loraldiak, hosto-jazteak... ordena osoaren kaosa. Natura joriaren emana, denborale bikaina, denbora betearen gisako ikuskizunaren klimaxa martxan da lurrean. Urteko desoreka gorenena, landarezaleak eta landareak gerorako deman. Bakoitzak bere dema. Pakeak ez du ez ederra izan behar... naturala ez behintzat...