argia.eus
INPRIMATU
Bero-beroan
2021eko uztailaren 27a

Errektore euskaldun eta euskaltzalea

Apirilaren 1ean jakingo da zein den EHUko errektorea: Juan Ignacio Perez edo Iñaki Antiguedad. Hauteskunde kanpainan zehar Perez izan da aukera gehien zituena eta orain ere hala da, nahiz eta Antiguedadek ezustekorako abilezia ere erakutsi duen. Azken bi hamarkadetan errektoretzarako izandako lehiekin erkatuta, oraingo ezustekoa bi euskaldun eta bi euskaltzale izatea izan da, eta biak eremu abertzaleak edo honen gertukoak hautatuak. Oraindik ere ikuspegi askotatik lotuegia dagoen unibertsitatean, epe motzean kudeaketa moldeetan aurrerapauso izugarririk ezin izango du eman irabazleak. Euskarazko eskaintza unibertsitarioan, aldiz, bultzada berri esanguratsua eman daiteke, eta hor beste jauzi bat eskatuko zaio errektore berriari.


Elkarrizketa mahaia eta nazio kontseilua

Nazio eztabaidaguneak gatazka bideratzeko alderdien mahaia eta nazio eraikuntza bultzatzeko nazio kontseilua eratzea erabaki berri du joan den asteburuan egindako osoko bilkuran. Biak Aberri Egunetik aurrera (apirilak 11) jarriko dira abian. Gatazkaren konponbideari lotuta dagoen alderdien mahaiaren sorrera bultzatzeko batzorde bat eratuko da. Aldi berean, Ipar Euskal Herriko indar abertzale desberdinek »AB, Batasuna eta EAk» Iparralderako instituzio berezi baten aldarrikapena zehazten duen idazkia ezagutzera eman zuten. Idazkia datozen egunetan aurkeztuko da publikoki.


Europako hauteskundeen prestakuntza lanak

Espainiako hauteskunde orokorrak pasatu bezain laster hasi dira alderdiak ekaineko Europako hauteskundeak prestatzen. Aliantzak eratzeko tenorea da eta indar bakoitza bere asmoak agertzen ari da. EAJk, BNG eta CiUrekin egin dezakeena aztertzen ari da; EAk Kataluniako ohiko bidaidearen itzalarekiko aldekotasuna agertu du, areago orain ERCk lortutako emaitza bikainak kontuan hartuta. Orain arte, berrikuntza nabarmenena Aralarren eskutik etorri da: Nafarroako ereduari helduz, eta berea ez den Bergarako Proposamena ardatz hartuta, alderdi abertzaleez osatutako koalizioa litzateke proposatutako Bai Euskal Herriari. Orain arte ez da erantzun ofizialik jaso, nahiz eta oso zaila dirudien EAk eta EAJk euren ohiko bidea alde batera uztea. Batasunaren aldetik, harridura keinua ikusi da zenbait buruzagik egindako adierazpenetan, baina, erantzun ofizialik gabe ere, Bergarako ekimenaren edukiak ardatz gisa jartzeak interesa ere piztu duela dirudi.


Ezkerra nagusi eta Raffarin larri

Ezustekoa Frantzian zehar eta ezustekoa Ipar Euskal Herrian ere, horixe da eskualde eta kantonamendu hauteskundeek agerian utzi dutena. Duela bi asteko lehen txandan ezkerraren joera antzeman zitekeen Frantzian, nahiz eta eskuinak pentsatu baino danbateko handiagoa jaso duen. Iparraldean, aldiz, eskuinaren ohiko nagusitasuna hautsi da eta horren irakurketa zabala izango bada ere, badira bi arrazoi nabarmentzeko gisakoak: Jean-Pierre Raffarin lehen ministroaren politika ekonomiko-sozialekiko arbuioa, eta horren arabera bozek ezkerrera jo dute; eta boto abertzalea, dirudienez ezkerrera egin duena, giltza zeregina bereganatuz. Boto bilketa lanetan asmatuz gero, beraz, aurrera begira beste erreferentzialitate bat eskura dezakeela abertzaletasunak. Berdin departamenduaren aldeko mugimenduak, Pauen aldeko ahots gehiago izateaz gain, PPk orain arte ezarritako betoa zertan geratzen den ere ikusiko beharko baita.


Hizkuntza Eskubideen I. Eguna

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak apirilaren 4an antolatuko du egun hau Lesakan. Lehenengo aldiz antolatuko da nazio mailako horrelako ekitaldi bat. Egun atsegina igarotzeaz gain, hausnarketarako guneak prestatu dituzte antolatzaileek. 11:00etatik 14:00etara Hizkuntza Eskubideen Aldeko Nazio Bilkura egingo dute eta bertan Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren txostenetatik ondorioak ateratzearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketak jasan dituzten hainbat herritarren testigantzak entzun ahal izango dira. EHEk Lesakara gonbidatu ditu talde eta eragileak zein herritarrak.


Telebista Internetez eta euskaraz

Proyeccion taldeak jarri zuen abian martxoaren 24an Internetez eta euskaraz emititzen den lehenengo telebista. Bost telebista kanal ditu webguneak, guztiak euskaraz. Webgunearen helbidea: www.euskaraz.tv da.


Erriberako Euskara Eguna

A eta d ereduko hamar ikastetxek egin dute bat egitasmo honetan. Orain arteko euskararen aldeko ekitaldiok ikastetxe bakoitzak antolatzen zituen bere esparruan. Orain, Cortesen hamar ikastetxek elkartzea erabaki dute. Helburua ikasleak euskara erabil dezaten bultzatzea eta euskarak Erriberan duen presentzia aldarrikatzea da. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 250 ikasle elkartuko dira apirilaren 7an Cortesen.


LAB eta ELAk enpresak euskalduntzeko kanpaina hasi dute

Argi gorria piztuta dagoela, gizarteko hizkuntza errealitatearen eta lan munduko euskararen erabileraren artean amildegia dagoela... horrelako baieztapenak egin berri dituzte ELA eta LAB sindikatuetako arduradunek. Adibide moduan aipatu dute 50 langile baino gehiagoko 2.600 enpresetatik ehun baino gutxiagok dutela euskararen normalizaziorako planen bat. Ordua da. Enpresan euskaraz, inbertsio ona lelopean, euskarak lan munduan indarra hartu dezan lanean hasi dira bi sindikatuak. Negoziazio kolektiboan, hitzarmen sektorialetan eta enpresetako hitzarmenetan klausula berezia jarri dute, euskararen normalizazioan urrats praktikoak emateko asmoz. Dena dela, plana epe luzerako dela azpimarratu dute sindikatuetako arduradunek.