argia.eus
INPRIMATU
Aldaketa gogoak
2021eko uztailaren 27a
Hauteskunde Legeak onartzen zuen bitartean kaleratu ziren inkestek Espainiako Estatuko hautesleen artean aldaketa gogo handia zegoela adierazten zuten. Baina ez zuen ez boto aukerarekin »inkestek PPk irabaziko zuela adierazten zuten» ez Mariano Raxoi Gobernuko hurrengo presidentea izango zenaren aurreikuspen orokorrarekin bat egiten. PSOEtik esaten da orain M-11 aurreko eguneko barne azterketen arabera boto gehiago zutela, nahiz eta PPk baino aulki gutxiago izan. Ostegun goizeko sarraskia eta hauteskunde eguna bitartean gertatutakoak inkestek adierazten zuten aldaketa gogo hori boto eta diputatuetan bilakatu baino ez zen egin. Hamaika analisi politiko egin dira milaka abstentzionista potentzial bozkatzera eraman bide dituen »garrantzia handiko lau egun horietan» sarraskiaren inguruan. Bi datu eztabaidaezin daude: herritar askok Madrilgo aldiriko trenen atentatuen eta Jose Maria Aznarren Gobernuak Iraken okupazioari emaniko laguntzaren arteko lotura zuzena ikusi duela, eta datuak ezkutatuz nahiz hilketen egiletasuna ETArengana desbideratuz iritzi publikoaren manipulazio saiakera garbiak egon direla. Orain ikerketa zientifikoari dagokio horrek guztiak emaitzetan zenbaterainoko garrantzia izan zuen aztertzea.

Jose Maria Aznarrek »ETAren amaierari data jarri zion gizona eta bere herria "historiaren txoko ilunetik" ateratzeko gerra batera eraman zuena» ez du euskal erakunde armatuarekin bukatzea lortu eta gainera modu iraingarrian amaitu du agintea; ETAren argudioari gogor eutsi dio ez galtzeko. Le Monde egunkarian Jacques Chiraci nola jokatu behar zuen irakastera ausartu zen gizona, ostikoka bidali du herriak. Eta, berriro ere, Euskal Herriko gatazka ez konpontzeak galbidera eraman du presidente bat, gobernu bat eta partidu bat. GAL Felipe Gonzalezen aurkako bumerana bilakatu zen eta ETArenganako obsesioak Aznar eta, bide batez, Mayor Oreja pertsonaiarekin bukatu du.

Espainiako Gobernuan txandaketa dagoen bakoitzean gertatzen den bezala, Euskal Herrian aldaketa baten itxaropena irekitzen da. Gatazkaren konponbide posiblearen ilusioa eta keinu edo adierazpen bakoitzean esperantzarako arrastoak aurkitu nahia, orain arte presidente guztiek bere aurrekoa ona egin duten esperientziarekin kontraesan dialektikoan daude. Horregatik, ezer ospatu aurretik aldaketa nahiak errealitatearekin eta adierazpenak gertakariekin alderatzea komeni da.

Egia da, hala ere, aldaketak sor ditzaketen egoerak badaudela, beste gauza bat da horiek gatazkaren behin-betiko konponbiderantz bideratuko diren ala soilik egungo marko autonomikoaren berrikuntza baterantz joko duten, Konstituzioak eta estatutuek konpondu gabe utzi dituzten arazo berdinekin jarraitzeko.

Alde batetik, PSOEk bigarren deszentralizazio bati aurre egiteko asmoa adierazi du. Eta emandako hitza betetzera behartuta dago, Andaluzia eta Kataluniako bere presidenteek hala eskatzen diotelako. Noraino iristeko gauza den ikusi beharko da, baina baikortasunerako faktore bat dago: ERCren presentzia Maragallen Govern-ean eta azkeneko hauteskundeetan partidu horrek izandako igoera meteorikoa, Kataluniako hirukoaren partaideek jasotako emaitza onez lagunduta. Aldiz, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Itun Antiterrorista delakoa mantentzeko asmoa azaldu du eta baita, pentsa daitekeenez, Itunak berarekin zekartzan lege eta neurri antidemokratikoak. Esparru honetan, ikusi egin beharko da Ituna nola garatzen den PSOEk beste talde politikoetara zabaltzeko asmoa adierazi eta gero, berau berrikusi beharko baita. Bakean eta askatasunean araututako bideetatik euskal herritarrek azaldutako nahia ezingo duela legediak ito esan dio Ramon Jauregik Garari. Adierazpen hauek ere kontuan hartu beharko dira. Horiek ez dira inprobisatutako hitzak. PSE-EEk Patxi Lopez idazkari nagusi aukeratu zuen batzar berezian guztien adostasunarekin onartutako txosten politikoan ere ideia berdina agertzen da, nahiz eta garai hartan ez zitzaion jaramon handirik egin partiduak EAEn nahiz Espainiako Estatuan bizi zuen egoeragatik. Dena den, gogora ekarri beharra dago Ajuria Eneko Ituneko adierazpen batek antzeko kontzeptua jaso zuela bere garaian, Jaime Mayor Oreja ados agertu zen kontzeptuarekin Egini egindako adierazpenetan, eta gero gauzak desberdin joan ziren.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernura iristearekin batera EAJko EBBko zuzendaritzaren aldaketa izan da. Josu Jon Imaz presidentearekin alderdiak prest dirudi PSOErekin akordioak bilatzera, eta hartara, duela hogeita bost urteko hutsak berriro ere errepika daitezke. Eta aldi berean, duela hilabete batzuetatik hona konponbideen bilaketan "arriskatzeko" prest dagoela adierazi duen ezker abertzalearekin bat egiten du, Nazio Eztabaidagunean debateek aurrera jarraitzen duten bitartean.

Beraz, mahai gainean hainbat norabidetara jotzen duten indarren koktel kontraesankorra daukagu. Aldaketarako nahia eta horretarako baldintzak daude, baina zer aldaketa? Hor dago, beste behin ere, koska. Eta hori denen ardura izango da.