argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Burbuilak
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Prezioen igoera neurrigabe eta kontrolgabea da burbuila. Hainbat arlotan gertatzen dira burbuilak: burtsetakoan, finantzarioan, teknologikoan, immobiliarioan... Azkenaldian, burbuila immobiliarioa da gehien aipatzen dena. Hala ere, orain arte ohikoena izan dena burtsetako edo finantzetako burbuila da. Fenomeno horrek egundoko aldea sortzen du aktiboen balioaren eta kotizatzen diren balioaren artean, burtsetako burbuilaren kasuan, edota etxebizitza edo ondasun immobiliarioen balio errealaren eta saltzen diren prezioaren artean. Burtsetako burbuilaren kasuan, hainbat elementuren fruitu da: errentagarritasun anormalki altuak, errentagarritasun altu horiek bilatzen dituzten inbertitzaileen parte-hartze masiboa eta enpresa kotizatuen balorazio irreala, ekonomiaren errealitatearekin batere zerikusirik ez duena. Horrek guztiak sorrarazten duen egoeraren ondorioz, burbuila hori, epe gutxi-asko luzeetan, zulatu eta lehertu egiten da, eta kotizazioen beherakada ikusgarria gertarazten du: %45eko batez bestekorainokoa. Horren antzeko zerbait gertatzen da burbuila immobiliarioaren kasuan: ondasun immobiliarioak benetako balioaren gainetik salduz errentagarritasun altuak bilatzeak burbuila bat gertarazten du, eta, zulatzen eta lehertzen denean, berarekin ekartzen du prezioen berebiziko beherakada, %30eko batez bestekorainokoa.