argia.eus
INPRIMATU
Publikoa, zer ote da?
2021eko uztailaren 28a
STEE-EILAS sindikatuak argitaratzen duen Eskola Publikoa aldizkariko 33. zenbakian "Etorkinen matrikulazioa: abentura gogorra" artikuluan oinarrituko naiz hausnarketa xume hau egiteko.

Aipatu artikuluan ondoko kasua agertzen da: Laura eta bere ama Grisel kubatarrak Oreretako Juantxorekin bertara bizitzera etorri ziren. Eta Lauraren eskolatzeari buruz galdetzen diotenean, hauxe dio Griselek, Lauraren amak: "(…) Juantxo, Oreretako ikastetxe guztietara joan zen. Argi eta garbi genuen zer nahi genuen: ikastetxe publikoa eta D eredua. Une hartan, Laurak 5 urte zituen. Herriko ikastetxe publikoek A eredua, besterik ez ziguten eskaini, alabaren adinagatik, eta ez zuten bermatzen euskararen ikaskuntza. Egoera horren aurrean, Oreretako ikastolan (pribatua) informazioa jasotzea erabaki genuen. Horko zuzendariak ez zigun inongo arazorik jarri eta esan zigun egingo zutela beraien esku zegoen guztia. (…)Hasieran, urtean zehar banakako errefortzu linguistikoa jarri zioten, arratsaldero. Gainontzeko orduetan bere ikaskideekin erreferentzia gelan zegoen. Zorionez, urte hartan helburuak lortu zituen. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan errefortzuekin jarraitu zuen, baina ez banakakoa, taldekoa baizik. Orain, Lehen Hezkuntzako 3. mailan dago eta ez du laguntzarik jasotzen, ez duelako behar. Esan dezakegu zeharo integratuta dagoela (…)".

Lauraren amaren hitzek zer pentsatua ematen digute, ezta?

Publiko hitza entzutean, askotan, eta ikuspegi sozialetik begiratuta batez ere, oinarrizko eskubideak bermatu behar direla bururatzen zaigu. Baina horrela al da beti? Euskal Herrian ditugun esperientziek, gertutik aztertuta, askoz ere zabalagoa den beste zerbait ikusarazten digute. Batzuek, izaera publikoa jabetzari lotzen diote, hau da, jabetza administrazio batena denean soilik kontsideratzen dute publiko izaera. Beste batzuek, aldiz, parte-hartzeari eta erabakitze ahalmenari ematen diote garrantzia. Eskolen kasuan ikasleen, irakasleen, langileen, gurasoen eta zentroarekin zerikusia duten guztien parte-hartzea bermatzeari lotzen diote herritartasuna, eta ondorioz, publiko izaera. Badaude kontsiderazio publikoa eskaintzen den zerbitzu publikoari lotzen diotenak, hau da, herritarrei begira eta horien beharrei erantzuteko egindako zerbitzuari. Askok, dohainik eskaintzen dena soilik jotzen dute publikotzat.

Ikus daitekeenez, publiko hitzak nahi edo esanahi ugari hartzen ditu; ikuspegi juridikotik, espainiar eta frantziar estatuetan behintzat, administrazio batek duen jabetzari eta erabakitzeko ahalmenari lotzen bazaio ere.

Baina, ez al litzateke aberatsa izango lehen aipatutako ikuspegi guztiak jasoko lituzkeen ikastetxe publikoa? Eta hala balitz, posible al litzateke horrelako ikastetxe publikorik? Gaur egun, ez al daude aurrez aurre administrazioaren jabetza eta ikastetxearen erabakitzeko ahalmena? Nola gara lezake zentro batek bere ikastetxeko hezkuntza proiektua ez badu benetako erabakitzeko ahalmenik? Eta nola izan publikoa administrazioren bat tartean ez badago?

Goian aipatu Lauraren kasuan, Orereta ikastola "pribatu" kontsideratu dute elkarrizketagileek. Baina, bestalde, ikastola horrek erantzun dio Lauraren hizkuntza beharrari, eta horrekin, etorkin baten integrazioari. Laurak, Oreretako biztanle integratua izateko euskara, lagunak, ingurua, jasoa izan den modua, errespetua eta abar lagungarri izan ditu. Horiek guztiak ez al dira herritarrei era egokian erantzuteko betebeharrak ikuspegi publikotik?

Nik Orereta ikastolari galdetuko nioke ea publiko, pribatu, zerbitzu publiko ala nola ikusten duen bere burua. Laurari, Griselari eta Juantxori ere galdetuko nieke. Administrazioei ere bai, zergatik ez. Eta zuek, zer iritzi duzue?