argia.eus
INPRIMATU
Milaka urtetako poesia
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Laster loratuko dira Wisteriak eta bihotza duten poetak eta jo eta su trukean aritzen diren atsoak zoratuko ditu. Wisteria xarmanta Leguminosae familiakoa da, beraz baba, indaba, sasi-arkazia eta otearen bestengusua da. Izena Pennsylvaniako Unibertsitateko anatomia irakasle zen Caspar Wistari (1761-1818) zor dio. Hamar espezie daude genero honetan, bi Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldekoak eta besteak Asia ekialdekoak, Txina, Japonia eta Korea. Txinarra (Wisteria sinensis) eta japoniarra (Wisteria floribunda) dira lorategi deitzen ditugun baratzetan erabilienak.
Landare igokariak dira, ikaragarrizko indarrez hazten direnak, beti beste landare edo edozein euskarriren gainean. Negu partean adar kiribilak soildu egiten dira geurean, beste giro batzuetan jantzita jarraitzen du. Udaberriaren hasieran lehertzen da, lehertzen da, bai: Hostaia berria zabaldu aurretik lore multzo zintzilikario izugarriak luzatzen ditu, zuriak, larrosak, gorriztak, urdinskak... batzuk metro eta erdiko luzera dutenak. Espektakulua harrigarria da, wisteria heldu samarra bada lore emana desdetxa da, ikusgarria. Landare zahar batek etxe handi baten fatxada osoa bete dezake, imagina ikuskizuna...
Eguzkizalea da, egunean sei ordu edo gehiago gustura hartuko ditu eta lurra dela eta ez da mizkina, ia edozein lurretan biziko da azido-punttua dutenetan askoz ere mardulago haziko bada ere.
1816. urtean Txinatik Ingalaterrara ekarri zutenetik morexka den barietate bat da gehien erabiltzen dena, baina egun ia edozein lor daiteke, Italia aldetik batik bat.
Bere lorealdiarekin txoratzen bazara ere, kontuz maitemindu, eta batez ere hazirik ez jan, damutuko zara.