argia.eus
INPRIMATU
Izua
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Ostegun madarikatuan hartu ninduena. Zangoak dardarizo, zenbat eta adiago orduan eta okerrago. Gizarte hau kudeatzeko ardura dutenengan nire konfiantza eskasa baldin bada ere, buruko galbaheak hutsegin zidan goiz luze osoan. Arnaldoren agerpenak bihotz taupadak lasaitu baldin bazizkidan ere, ez zen aski izan nire onera ekartzeko. Arnasketa dorpean eman nuen goiza, oxigenoa faltan. Arratsean jakin nuen Anjel Berruetarena. Ezin nuen sinetsi. Ondorengo egunetan trupalka zetozen berriak. Eta aspaldiko gezurraren bertsio gordinena, PP Moncloatik kanporatu duena. Baina ez boteretik, ia hamar milioi boto-emailez gain, Aznarrek kultura sortu baitu. Aztertu bestela Ibarretxeren ostegun goizeko hitzaldia. Tamainako hanka-sartzeak, horrek agerian utzi errealitatearen ezagutza motzak erantzuna beharko luke, edozein jardun konpetitibotan barkaezina bailitzateke. Eta Hernaniko Kontxi Sanchizen hilketari eman dion tratamenduan ere, nik behintzat Aznarren eskola ikusi dut. Izua izan liteke Kontxi hil zuena. Beltzez armaturikoek tirorik gabe ere, sortu izua. Eta ostegunean Arnaldorekin ez bezala, orain Kontxiren senideek egia diotela sinetsita nago. Aznarren metodoek bidea egin dute honaino.