Sasira joan da. Gaztea, kementsua eta abertzalea. Eta etxean? Etxean, isilik daude. Beraz, baldintza «objektiboek» hor jarraitzen dute? Bai, jarraitzen dutela dirudi. Alta, gazte horiek badakite atxiloketak, tortura, mehatxuak, kartzelak, urte luzeak...
Martxelo Otamendiren kasua artxibatu dutela badakite! Izugarrikeriak oraindik egiak direla denek ulertu genuen! Tortura, eta ere, kartzelatik atera eta berriz sartu, familiarren bizi baldintzak, sufrimendu guzi hori, badakite. Eta propaganda, medioen presioa, horiek ere jasaten dituzte, presio soziala ere jasaten dute, bortizkeriaren aurkako mugimenduak agerian dituzte haiek ere… Bide bera, betiko bidea hartu du!
Duela hogei urte burasoek zioten, «beste bost urte eta hori konpondua izanen da». Belaunaldi berriak bide bera hartzen du. Alta bortizkeriarik ez dugu gure aldean, ez dago ekintzarik, eta aho guzietan dago gaia, hauteskundeetara elkarrekin joateko oztopo nagusia omen da! Sekulan baino ekintza guttiago, eta hau izan behar al da gure arteko kalapiten sustraia? Zeren eta kalapitak beti izan baitira, hemen talde politikoen ugaritasuna kudeatzen aritu baikara urtetan, batasunaren leloa ezpainetan, praktikan aldi oro ezeztatua. Nonbait hori gure kemenaren seinale izango da, zeren eta azken finean talde ugaritasun horrek indar biderkatze bat sortzen badu ongi etorria izan dadila, asimilazio arriskutan dagoen gure Iparraldeko gizartean.
Egia errateko, lan anitz egin da eta Iparraldeko mundu politiko honetan urrats bat egina izan da ezagupenaren eta onarpenaren aldetik. Baina ekintzatan, errealitatean, konkretuan? Aldaketarik ba al da sos pizar batzuk kontutan ez badira hartzen? Eta gazteak sasira.
Azken asteetan beste garaiko sasia omendu dugu, bidean gelditu zaizkigun lagunak gogoratuz. Sasiak oraina izaten jarraitzen du. Bide berriak jorratzen dira, ongi etorriak «Demoak», irudimenari tokia egin baitiote, abertzale izateko beste manerak baitira, forma berriak asmatu behar baitira, beste eremu batzuen laguntza beharko baita gauden egoeratik ateratzeko. Baina, beharbada, hitza neurtuz. Zoritxarrez azken asteetan denetarik entzun baitugu, irainak, kontraesanak, leporatzeak, salaketak… isiltzeko gogoa emateko gisako hitzak. Eta gazteak sasira. Non dago hutsa? Lan egin dugu, baina lana ez da bukatua. Zuhurtzia, gogoeta eta ekintza kolektiboa hedatzeko praktikak dira, norberak gustukoa duen eremuan, herriaren geroan plazera funtsezkoa baita eta askoz eta eraginkorragoak gara plazerez egiten ditugun lanetan. Proiektu bera, herria eraiki, zazpi eskualdeen arteko elkartasuna ttikienak ere gogoan izanki, ttikienak handienaren errekurtsoa izaten baita. Sasia urruntzeko. Denen lana, sasiaren urruntzeko, sufrimendua arintzeko, denen artean, anai artean. Larzabal eta Monzonen gisan. Inmobilismoa da etsaia, giroak horretara eramaten bagaitu ere.
Baina nik, zuk, zer egin genezake sasia urruntzeko?
Herriko Etxeetan onartuak gara, boz kopurua emeki emendatu baita, eta ez gaituzte bortizkeriarekin identifikatzen ez baita Iparraldean erabiltzen den tresna politikoa. Beraz entzuten gaituzte, prest dira urrats zenbait emateko, baina funtsean gure heriotza baino lehen onartzen dituzten urratsak baizik ez dira. Ondorioz jarrera miserable honen aitzinean abertzaleen elgarretaratzea baitezpadakoa dugu, abertzale aurrerakoi guzien elkarretaratzea, zazpi probintzien elkartzearen proiektuan sinesten duten guzien elkar lana, erakutsi behar baita gure geroa ingurumen horretan ikusten dugula, gure lehentasuna hor dela, euskara oinarri. Gure herrietako biztanleak konbentzitu behar ditugu, gure auzokoei gure proiektua sinesgarria dela erakutsi eta herriko etxeak irabazi, hau da etapa nagusia, huts egin behar ez den etapa. Ekintzetara pasatzeko, herri euskalduna eraikitzeko proiektua martxan emateko, bakoitzak badu non lot. Horrela dugu sasia urrunduko.
"Kantu leunak nahi nituzke jarri, inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den" dio Ruper Ordorikak, gaur egungo sentimendua adieraziz. Hala da. Sasia oraina da.