argia.eus
INPRIMATU
Koko jantzi
Oier Araolaza @oaraolaza 2007ko otsailaren 21a
andelaria ondoko lehen larunbatean iritsi ohi dira kaldereroak Donostiara. Artifiziorik gabeko kalejira zaratatsu eta alaia osatzen dute kaldereroek, eta nire gusturako, tanborrada arranditsua baino atseginagoa eta dibertigarriagoa. Baziren urte batzuk Konstituzio plazako kaldereroak ikusten ez nituela, eta aurten izan dut berriz haiekin gozatzeko aukera. Penaz ikusi dut ordea Konstituzio plazako ijito kaldereroen kanpamenduak dagoeneko ia ezer ez duela kanpamenduz eta bai ordea "jai antolatuaz". Hesiz inguratuta plaza, ikusleak alde batera, kaldereroak kaiola barruan, eta musikariak eta dantzariak oholtza gainean. Jaia "antolatu" behar horrek festa ikuskizun bihurtu du berriz ere, eta bere xarma galdu du noski. Kaldereroetan emakumeak berdintasunean noiz parte hartu ahal izango duten galdetzen zuen pankarta batek. Inauteriak aldarrikapen sozialen abangoardia izan beharrean, errebindikazio horien jomuga bihurtzeak adierazten digu berea zuten salaketa eta trufatze aitzindaritza galdua dutela.

Istiluen ondorioz jakin dut konpartsek inauterietako desfilea antolatzen dutela Bilbon. Ez dut hura inoiz ikusteko aukerarik izan, baina Bilboko Konpartsekiko dudan begiruneagatik, espero dut Donostiako inauteri desfile lotsagarriaren antzik ez izatea. Bilboko Konpartsek antolatzen duten inauterietako desfilea bertan behera utzi zuen udalak karrozetako bat presoen argazkiekin apainduta zegoelako. Hortik aurrera ika-mikak. Ez naiz ni bereziki matxinoa, baina tira, burura etorri zitzaidan lehen erreakzioa izan zen udalaren baimenaren menpe dagoen inauteriak ez duela asko merezi. Inauteriak, inauteri izateko, hain zuzen ere udalaren kontra antolatu beharko lirateke, hura gobernatzen dutenen bizkarrera barre egiteko, alderdi politikoei trufa egiteko. Baina ez hori bakarrik, hiritar elkarteak, baita nahaspila honetan ibili diren presoen aldeko talde eta Bilboko konpartsak ere, horiek guztiak zirikatzeko, kritikatzeko eta haietaz, gure buruaz azken batean, barre egiteko balio beharko lukete inauteriek. Baina, berriz ere jaiaren antolaketa bermatu eta babestu beharraren beharraz, jaia bera galdu eta ikuskizunaren miseriak geratu zaizkigu. Inauterien arrastorik ez ordea.

Azken urteotan nekazal inauterien irakurketa sinboliko berri eta harrigarria plazaratu du Juan Antonio Urbeltzek. Inauterietan mozorrotzea, zomorroz janztea litzateke, alegia, zomorrotu edo mozorrotu, baserriz baserri hamarrena kobratuz nekazal lurrak intsektuen erauntsitik salbu jartzeko esperantzan. Eibarren, gure nagusiek, aratosteetan mozorrotzeari koko janztea esaten diote, intsektu janztea alegia. Zomorroz mozorrotu zomorroa uxatzeko. Egia da kotxe eta semaforo artean ez dugula soroekiko ardura handirik, ezta zomorroen beldurrik ere. Orain zomorroak sabelean sortu zaizkigu eta inauteria barrutik jaten ari zaizkigula dirudi. Disfrazak utzi eta mozorrotzen, koko janzten hasi beharko dugu berriz.

Tolosa pasa eta inauterietako dantza bereziak ikustera hurbildu ginen Lizartzara. Herriko plazara iritsi eta hura bai ezustekoa: Udaletxeko balkoitik Aznar berak agindutakoa zirudien piparpoto erraldoia zintzilik. Dantzariei argazkiak egin nahi eta ez zegoen Espainiako bandera handi hura enkuadretik ateratzeko modurik. Ziur aski, iraileko jaietan, inor horrelako trapu gorri-horirik balkoian zintzilikatzen ausartuko balitz, bandera eta etxe, denak sutan kiskalduta bukatzera arriskatuko litzateke. Baina inauterietan, eta Lizartzako udaletxera maizter berria nola iritsi den ikusita, irribarre bihurriz begiratzen zioten herritarrek beste edozein garaitan begiko mina eragingo liekeen trapuari.

Piparpotoaren aurrean egin zituzten Lizartzako inauteri dantzak, eta orain gutxi arte gizonezkoek bakarrik egiten zituzten dantzetan, gizon-emakumeak ikusi genituen. Akaso alkateari ez zion grazia handirik egingo herriko etxeari azken orduan egin zioten jai-apainketak, baina Donostia eta Bilboko inauteriak ikusita, harro egoteko moduko inauteriak dituela esango nioke. Hori bai, ez legoke gaizki puska biltzean dabilen dantzari taldeari eskupeko on bat ematea, koko janzten jarraitu eta zomorroak urrun manten ditzaten.