argia.eus
INPRIMATU
Estresatua
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Ito beharrez alegia bizi omen zen UGTko sindikalista profesional ohia. Bere kide ohi bati entzun berri diot kontatu behar dudan hau. UGTko bulegotan, lagunaren egoeraz kezkaturik proposatu omen zioten bere jaioterrira itzultzea eta bertan sindikalgintza ofizioan jarraitzea. Hilabete batzuk esker eskuin, kontsulta eta kalkula igaro ondoren hartu omen zuen bere erabakia. Ez zuen onartu ingurukoen eskaintza, familiako gaztenak bertan nahi omen zuen eta geroztik, bizkartzainez babestuta jarraitzen omen du bizitzen, UGT lagata egun PSEko zinegotzia. Jubilatuta. Aipatu estresa zio, berrogeita hamabi urterekin lortu omen zioten ofizialki lanerako ezgauzaren baldintzapeko erretreta, ehuneko ehuna bikoiztutako sariarekin. Nire harriduraz harrotuta, lotsarik gabe, kide kontakatiluak ederki libratuta beste askoren antzeko egoeren berri eman zidan. Berea barne. Felipe Gonzalezen agintaldia emankorra oso suertatu zitzaiela. Hedabideetan publikatutako eskandaluak, likitsenak bai baina ez zirela bakarrak izan, boterearen pribilegioak hedapen zabala izan zuela. Eta nik, nire inozoan, politikan diharduten guztiak ez direla berdinak sinesten segitu nahi dut, aitona zenari hainbestetan ihardesten nion eran.