«Una mirada sobre Eduardo Chillida» liburuaz
Zeintzuk dira liburu honen ezaguzarri nagusiak?
Lan honen helburua ez da izan Chillidari buruzko irakurketa oso ausarta edo berria egitea, orain arte haren gainean idatzi diren liburu guztien bilduma edo sintesi on bat eskaintzea baizik, jendeak erraz uler dezan zergatik diren garrantzitsu Eduardo Chillida eta berak sortutako artelanak.
Eta zein bide aukeratu zenuen hori egiteko?
Bere artearen ingurunea nabarmendu behar nuen, agerian jarri ahal izateko zergatik den Chillida garrantzitsu bai euskaldunentzat eta baita mundu zabalerako ere. Eta horretarako, Chillidaren artelanak aurkeztu ditut, eta lehendabiziko garaietakoetatik hasiz bukaerainokoak arte Euskal Herriarekin eta XX. mendean zehar munduan sortu diren arte korronte nagusiekin zer-nolako lotura izan duten azaltzen saiatu naiz, ahalik eta erarik errazanean
Zaila gertatu al zaizu hori guztia erraz azaltzea?
Beno, badakit arte alorrekooi kosta egiten zaigula gauzak hitz errazekin azaltzea, baina nik uste dut posible dela jendeari adieraztea, adibidez, zergatik burdinarekin, Euskal Herriko meategietan sortu eta Euskal Herriko garapena eta industrializazioaren garapena ahalbidetu dituen material horrekin, izpirituzko artelan batzuek egitea ere ahal den. Chillidak askotan azaldu izan zituen halako ideiak, eta ni ausartu egin naiz Martin Ugalderen Conversaciones con Eduardo Chillida liburuan jasoak dauden bere pentsamendu horietatik batzuk nire liburuan tartekatzen. Hori izan da nire ausardia.