Jean-Michel Galant da , gaur gaurkoz, Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi abertzale bakarra. Orain hiru urteko kantonamendu bozetan hautatua. Orduan, Ipar Euskal Herriko abertzaleek bat egin zuten Azkarateko kontseilariaren alde. Lizarra-Garaziko Akordioa bertan behera geratua bazen ere, anartean ez zen ABren baitako zatiketa gauzatu. Batasuna sortu gabe zegoen eta abertzale gehienak ABn zeuden. Ipar Euskal Herria abertzaletasunaren eredua omen zen orduan. Gaur egun, berriz, alderdi abertzale bakoitza bere kasa ari da. ABk 10 kantonamenduetatik 9tan hautagai zerrendak aurkeztu ditu eta beste hainbeste dira Batasunak sostengatzen dituen ezkerreko plataformak. EA hiru kantonamenduetan aurkezten da, bestalde. EAJ-PNBk, aldiz, ez du inon hautagai zerrendarik aurkeztu.
Abertzaleak kantonamendu guztietan aurkeztu dira, hala ere. Iñaki Zaldunbide eta Maialen Etxeberri dira ABk eta Batasunak »gorabehera franko tarteko» sostengatzen dituzten hautagai bakarrak; Angelu (Iparralde) eta Miarritzeko (Mendebalde) hauteslekuetan. Bestalde, Atharratzeko hauteslekuan (Zuberoa Garaia) zerrenda abertzale bakarra aurkezten da. Jean-Dominique Idiart da hautagai burua, Batasunak bakarrik sostengatua.
ABk bigarren kontseilari nagusia lortzea du helburu. Boz hauetan ere, abertzaleek Nafarroa Behereko kantonamenduetan (Garazi, Bastida eta Iholdi) izan dezakete aukerarik zabalena. Peio Iralur, Jean Thikoipe eta Andde Sainte-Marie dira hautagai buruak, hurrenez hurren. Batasunak sostengatzen dituen plataformen bidez zaila ematen du kontseilaririk lortzea. Ez dirudi bere helbururik garrantzitsuena hori denik ere. Batasunak plataformen aldeko ekitaldian, «bozketan alderdi interesak gainditu behar direla eta indar abertzaleen batasuna herri elkarguneetatik sortu behar dela» adierazi du. Bozketa kanpaina erresistentziarako ekimen gisa lantzen ari da Batasuna, antza. Adibidez, Hazparneko kantonamenduan Soto del Realeko (Madril) espetxean preso dagoen Xarlo Etxezaharreta da hautagai burua. Finean, abertzaleak bananduak aurkezten direnez gero, ez dirudi Jean-Michel Galantek beste kide abertzale bat Paueko Kontseilu Nagusian lagun izanen duenik.
159 hautagai departamenduan, hauetatik 72 Ipar Euskal Herrian
159 dira departamendu osoan aurkeztu diren hautagaiak; eta hauetatik 72, Iparraldean. Hautagai kopurua egundainoko handiena da. Ipar Euskal Herrian, eskualdeko bozetan ez bezala, UDF-UMP zentro-eskuineko alderdiek bat egin dute kantonamendu guztietan. Alderdi hauek, FN eskuin muturreko alderdiarekin batera, 10 kantonamenduetan aurkeztu diren bakarrak dira. Ezkerreko alderdiak, aldiz, ez dira hautesleku guztietan aurkeztu. PS, PC eta Berdeak bakoitza bere aldetik aurkeztu dira. Alta, honako bitxikeria hau nabarmendu dezakegu: lau hautagaietatik hiruk ezkerrean kokatzen dute beren burua. Hau da, 72 hautagai horietatik 52 ezkerrean kokatzen dira ideologikoki, 16 eskuinean edo eskuin muturrean. Bitxikeria gisa eta paradoxikoki, hautagai gehienak abertzaleak dira. Gainerakoan, Elgar-Ensemble (EE) alderdia da nobedadea Iparraldeko hauteskundeotan. Lau kantonamenduetan aurkeztu da eta bere hautagaiak ez omen dira ez ezkerrean ez eskuinean kokatzen. Bitxia hau ere.
Jean-Jacques Lasserrek kontseilari nagusi izaten jarraituko ote du?
Pirinio Atlantikoetako 21 kantonamenduetatik 10etan jokatuko dira kontseilari nagusiaren karguak. Sei urtetan behin berritzen dira kargu hauek. Kontseilu Nagusia osatzen duten 21 kontseilari horietatik 10, oraingo bozketan hautatuko dira. Jean-Jacques Laserre (UDF) da Kontseilu Nagusiko presidentea. Kargu hau UDFko Jean François Bayrou presidenteak kudeatu zuen lehenago eta Jean-Jacques Laserre haren oinordeko aritu da azken urteetan. Departamenduan UDFko zentristak nagusitu izan zaizkio UMPri, eta bigarren itzulian, hauen sostenguari esker, zentro-eskuinak ezkerreko edozein alternatiba garaitu izan du. Ezkerra oso zatituta dago zentro-eskuinari oposizioa egiteko, eta bigarren itzulian (hil honen 28an, aldi honetan) ez dira inoiz akordio batera iritsi. Inmobilismoa da nagusia departamenduko politikagintzan.
Azkenik, Batera plataforma ere kanpainan ari dela erran behar dugu. Baterak bozketan parte hartzera deitu die herritarrei. Kanpainan ari diren Berdeak, Elgar-Ensemble, AB eta EA, Bateraren aldarrikapenak azaltzen ari dira kanpainan. Batasunak aldarrikapen horiek bere egiten baditu ere, ez du bat egin beste alderdi horiekin.